"Gozatzeko, partekatzeko, begiesteko eta naturan bizitzeko lekua"
OnDoaN Topagunea aisialdia partekatu ahal izateko gunea da, non naturaz eta naturan gozatu ahal izango dugun, kontsumismo hutsetik urrun eta ingurunearekiko begirunez jokatuz beti. Inguratzen gaituen naturak gorderik dituen sekretuetara hurbiltzeko eta historiaz eta istorioez blai dauden hamaika txoko ezagutzeko gunea. Hau guztia, lagunartean, nekea, ezagutzak, txolarte alaiak, bizipenak... partekatuz, eta txango eta zailtasun ezberdinetako mendi ibilaldien hileroko egutegi batek egituratua; gure herriko mendizaletasun tradizioan pisu handia nahiz kultur aberastasun itzela duten lekuak bisitatuz. Hori guztia, tartekatzen joango diren unean uneko jarduerez osatua.
__________________________________________________________________________________
Irteerak 2020 / 2021
__________________________________________________________________________________
__________________________________________________________________________________
Irteerak 2020 / 2021
TOLOSA-BILLABONA ZEHARKALDIA
(UZTURRE 730m + LOATZO 633m)
Irteera: Donostia Erdia tren geltokia, goizeko 9:00etan.
Puntualtasuna ezinbestekoa: Beti bezala ezinbestekoa izango da, trena 9:01ean abiatuko da.
Itzulera: 13:58etan Billabona-Zizurkil tren geltokian hartuko dugu Donostian 14:21etan utziko gaituena trena.
Egingo dugun zeharkaldia Tolosa
eta Billabona lotuz egin daitekeen hamaika aukeren artetik bat da.
Oraingoan, Tolosaren zelatari nagusi den Uzturre mendiaren igoera ohikoa egingo dugu, Izaskungo auzotik igaroz. Lehendabizi, Oria ibaiaren gainean amildegiaren ertzean eskegita dagoen gurutzeari egingo diogu bisita; eguraldia lagun, ikuspegi zoragarria eskainiko diguna.
Handik, metro eskasera dagoen tontorreraino altxatuko gara. Hemendik aurrera, gandorreko ibilbide erraz eta erosoari ekingo diogu.
Pixka bat aurrerago, Berastegiko bailara aldera ikuspegi ederrak eskaintzen dituen gandorra ezkerrerantz utziko dugu, eguneko bigarren tontorraren bila joateko, Loatzo.
Bigarren igoera hau erreza eta laburra da. Tontorrean, hamaiketakoa hartu eta ezkutaketan aritzeko aukera izango dugu, bietarako leku ezin aproposagoa baita.
Billabonara jaitsiko gara ondoren, Alustiza baserritik igaroz eta bidezidor bat bestearekin lotuz.
Laburbilduz: Ez da txango zaila, inondik ere, gainditu beharreko desnibela aintzat hartuta. 13 km inguruko ibilbidea da, bide erosoetatik, Uzturreko igoerako zenbait zati piko samarrak badira ere.
Mendiko oinetako arinak eramatea gomendatzen da, ez gogorrak. Lokatza askorik iragartzen ez denez, kiroletako zapatiletan ere egingarria.
Komeni da nork bere motxila
eramatea, non ahora eramateko zerbait sartzeaz gain ura nahitaezkoa izango
baita.
ORDEZKO PLANA
Eguraldi txarrak txangoa bertan behera uztera behartuko bagintu, Anoeta Pasealekua 24 helbidean dagoen Txuri Urdin Izotz Jauregira joango ginateke.
Instalakuntzen ordutegia aintzat harturik, hori bai, 12ak eta 14ak arteko jarduera izango litzateke.
Edonola ere, hau gertatuz gero, web-orrian emango dira azalpen guztiak.
Hurrengo Irteera: Donostia - Orio Zeharkaldia, 2021eko martxoaren 6an
DONOSTIA-ORIO ZEHARKALDIA eta KUKUARRIREN IGOERA
Irteera: Goizeko 9:00etan OnDoaN Topagunetik
Puntualtasuna ezinbestekoa: Oraingoan, hasierako puntura iristeko ez gara garraioen menpe egongo, baina garrantzitsua izango da itzulera ahalbidetuko digun trena garaiz hartzea.
Itzulera: Orioko tren geltokian Topoa (Euskotren) hartuko dugu 14:15etan, Donostiako Easo plazara 14:38etan iristeko.
Irteeraren deskribapena:
Zonaldeko ibiltarientzat ohiko ibilbidea da Donostia eta Orio batzen dituena. Bi herriak lotzeko Igeldo mendia oso osorik zeharkatzen da, barnealdeko mendien zein euskal kostaldeko ikuspegi zoragarriez gozatzeko aukera ematen duen lekuetatik igaroz.
Lehenik eta behin, Kontxako badiaren ondotik Igeldo mendiaren magalera iritsiko gara. Lekueder deritzon hotelerantz joko dugu, Donejakue Bideko gezi horiak jarraituz, errepidetik urrun joateko aukera izango dugularik horrela, lasai. Hortik aurrera, Donejakue Bidea eta GR-121 (Gipuzkoako Bira) ibilbideak tartekatuko ditugu.
Oriotik gertu, Kukuarri mendia (337 m, ibilbideko punturik garaiena) igotzeko aprobetxatuko dugu, zeinetatik, altuera apaleko tontorra izan arren, paisaia ederraz gozatu ahal izango dugu, eguraldia lagun. Handik aurrera, eguraldiaren baldintzei erreparatuz, kostaldetik Orioko Antilla hondartzaraino doan bidezidorra hartzea edo Donejakue Bideari heltzea berriro, barnealdetik eta San Martin ermitatik igaroz, Orion alde zaharretik sartzeko.
Ez da zeharkaldi gogorra, gainditu beharreko desnibelari erreparatzen badiogu. 17 km inguruko ibilbidea da, bide erosoetan barrena doana.
Mendiko oinetako erosoak eramatea komeni da. Kiroletako zapatilekin ere egiteko modukoa bada ere, lokatza askorik aurkitzen ez badugu, bederen.
Bakoitzak bere ur botila eramatea
aholkatzen da, eta jateko beharrezkoa izango duena.
ORDEZKO PLANA
Eguraldi txarrak txangoa bertan behera uztera behartuko bagintu, Anoeta Pasealekua 24 helbidean dagoen Txuri Urdin Izotz Jauregira joango ginateke.
Instalakuntzen ordutegia aintzat harturik, hori bai, 12ak eta 14ak arteko jarduera izango litzateke.
Edonola ere, hau gertatuz gero, web-orrian emango dira azalpen guztiak.
Hurrengo Irteera: Andatza, 2021eko otsailaren 20an
ANDATZA MENDIAREN IGOERA
Irteera: 8:20etan Askatasunaren Etorbidea 28an (Garibai kalearen hasieran) dagoen autobus geltokian.
Puntualtasuna ezinbestekoa: autobusa 8:30etan abiatuko da eta, jakina, ez da inoren zain egongo.
Irteeraren deskribapena:
Andatza antzinatik gizakien presentzia izan duen mendi apal bat da, inguruan aurkitu ditzakegun monumentu megalitiko ugariek erakusten bezala. Gaur egun, pista eta bide asko daude mendiaren magal guztietan. Gainera, berriki, mendiko bizikletaren zaleentzako bidezidorrak prestatu dituzte. Pinudia da bertako baso mota, zeinak Donostiaren ikuspegia estaltzen baitu tontorretik; baina, igoeran ikuspegi ederrez gozatu ahal izango dugu, kostalderantz zein barne aldeko mendietarantz.
Donostiatik Arantzazura doan ibilbide balizatua hemen ingurutik igarotzen da, Hernio mendizerratik pasatuz. Hernio da Andatzaren anaia handia; azken hau, haren iparralderantzako luzapen bat delarik.
Garaiera apaleko mendia da. Hala ere, ibiltzen itsasoaren mailatik gertu dagoen lekutik hasiko garenez, gainditu beharreko desnibela aintzat hartzeko modukoa da. Osatuko dugun distantzia ere ez da motza, baina bide gehienak eroso samarrak dira.
Mendiko oinetako arinak eramatea gomendatzen da; malguak, ez gogorrak. Ahal den neurrian, kiroletako zapatilarik ez eraman, seguruenik lokatza aurkituko dugula kontuan hartuta.
Bakoitzak bere ur botila eramatea aholkatzen da, eta jateko beharrezkoa izango duena.
ORDEZKO PLANA
Eguraldi txarrak txangoa bertan behera uztera behartuko bagintu, Anoeta Pasealekua 24 helbidean dagoen Txuri Urdin Izotz Jauregira joango ginateke.
Instalakuntzen ordutegia aintzat harturik, hori bai, 12ak eta 14ak arteko jarduera izango litzateke.
Edonola ere, hau gertatuz gero, web-orrian emango dira azalpen guztiak.
_______________________________________________________________________________________
Irteerak 2019 / 2020
OHARRA:
MARTXOKO IRTEERAREN DATA ALDAKETA: 15EAN IZAN BEHARREAN 29AN IZANGO DA
Hurrengo Irteera: Martxoak 29, Artxueta eta Sollaundi
Bista paregabeak dituzten bi tontor hauen igoera, Aralar mendizerraren alde nafarrean. Txangoa Aralargo San Miguel santutegia bisitatuz borobildu daiteke.
Irteera ordua eta lekua: 9:00ak OnDoaNen.
Desplazamendua: ibilgailu partikularrak beharko dira abiapuntura hurbiltzeko (San Miguel aterpetxeko aparkalekua). Soberan dauden autoak OnDoaNeko aparkalekuan utz ditzakegu.
Orografia: punturik garaiena eta baxuena 1322 m eta 950 metro dira hurrenez hurren. Desnibela ez da, horrenbestez, beste munduko ezer.
Distantzia: 10 km.
Iraupena: gutxigora behera 3 horas.
Zorua: mendiko bidezidorrak.
Zailtasuna: ez du zailtasun tekniko aipagarririk; Sollaundiren azken metroetako haitzetan kontuz ibiltzea baino ez du eskatzen.
Aipagarri:
Artxueta Aralarko ekialdean dagoen tontor esanguratsuenetakoa da, oso urrundik ikus daitekeena. Azken urteetan, tontorrean eraikitako komunikazio antenek apur bat desitxuratu arren, eskaintzen dituen bistek eta inguruko bide ederrek oso gomendagarri egiten dute.
Atako bailara: antzinako bidezidorren bidegurutze garrantzitsua, eta zinez ederra.
Errolanen Harria: kondaira baten parte den iruinarria.
Aralarko San Miguel santutegia.
________________________________________________
Hurrengo Irteera: Otsailak 16, Santa Bárbara (Agerreburu)
Goizez burutuko dugun ibilbidea, Hernanin hasi eta, Santa Barbara baseliza hartzen duen Agerreburu tontorra zapaldu ondoren, Urnietara eramango gaituena.
Hernani Erdiko (Donostiatik joanda, Hernaniko bigarrena) tren geltokitik abiatu eta, kalez-kale, parean dugun eta igotzera goazen mendiaren oinetaraino hurbilduko gara. Azken etxeak atzean utzita, markatutako bidezidorra hartuko dugu, basoan zehar egingo dugun ibilaldi erosoan Agerreburuko tontorreraino; han aurkituko dugu Santa Barbaren omenez eraikitako baseliza (bertakoek sarri bisitatzeko joera dutena) eta gotorleku zahar baten hondakinak.
Jaisteko, hegoalderantz joango
gara, pistak eta baserrien arteko errepidetxoak tartekatuz, Urnietaraino iritsi
arte, non itzulerako trena hartuko dugun.
Irteera ordua eta lekua: 9:30etan OnDoaNen.
Orografia: punturik garaienak 247 m ditu; baxuenak, 42 m.
Distantzia: 5 km.
Iraupena: Ordu eta erdi, gutxigora behera; aproximadamente 1 hora y media; geldialdiak erantsi behar zaizkio denbora horri.
Zorua: mendiko bidezidorrak, porlanezko pistak eta asfaltoa.
Zailtasuna: ez du inolako zailtasunik erakusten. Ibilbide erraza eta motza da, desnibel txikikoa. Kasu honetan, mendiko botak eramatea ez da berebizikoa, kiroletako zapatiletan arazorik Gabe egiteko modukoa da.
Desplazamendua: Donostiako geltokian aldirietako trena hartzea proposatzen da, 9:54etan. Hernanin utziko gaitu 9:11etan.
Itzulerarako, Urnietan hartuko dugu 13:32etan, Donostiara 13:45etan iristea aurreikusten dena.
Aipagarri:
Santa Barbara baseliza.
Historian garrantzia handia izan duen Gotorlekuaren hondakinak.
Tontorraren atzealdeko harkaitzetako eskalada eskola..
Proposatutako ordutegiak ikusita erraz ondorioztatu daitekeen bezala, goizeko plana izango da, beraz, bazkaltzeko nor bere etxean izago gara, dena ondo bidean.
Ohar garrantzitsua:
Norbaitek, trena hartu beharrean, zuzenean Hernaniko tren geltokian azaltzeko asmoa badu, aldez aurretik abisatu dezala, mesedez. Besteoi, PUNTUALTASUNA eskatzen dizuegu, trena ez baita gure zain egongo.
_______________________________________
OHARRA:
URTARRILEKO IRTEERAREN DATA ALDAKETA: 25EAN IZAN BEHARREAN 26AN IZANGO DA
Hurrengo Irteera: Urtarrilak 26, Urbia
Aizkorriko mendizerran den lekurik entzutetsuenetako bat den Urbiako zelai multzotik igarotzen den ibilbide zirkularra
Arantzazuko santutegi ingurutik
abiatuko gara, ohiko bidetik igoz Urbiako baseliza eta aterpetxera Elorrolako
lepotik. Itzulera iparraldetik egingo dugu, esku-eskura izango dugun Enaitz
tontorra zapalduz, Duruko saroitik, Arantzazura iristeko, ibilbide erraz bezain
ederra osatuz.
Irteera ordua eta lekua: 9:00etan OnDoaNen.
Desplazamendua: ibilgailu partikularrak beharko dira abiapuntura hurbiltzeko (Otzaurteko mendatea). Soberan dauden autoak OnDoaNeko aparkalekuan utz ditzakegu.
Orografia: punturik garaiena: Enaitz gaina (1296 m); baxuena: Arantzazu (740 m).
Distantzia: 12 km.
Iraupena: 3 ordu gutxi gorabehera; geldialdiak erantsi beharko zaizkio denbora horri.
Zorua: mendiko bidezidorrak.
Zailtasuna: ez du zailtasun teknikorik. Igoera erraza, basotik, garaiera poliki-poliki irabazten joango gara; itzuleran ere altuera modu progresiboan galduko dugu, kasu honetan belardietan barrena.
Aipagarria:
Zelaigune zoragarria Euskadiko garaiena den Aizkorri-Aratz parke naturalean, 1500 metrotik gorako zenbait tontorren oinean.
Bidea Urbiako baselizaren aldamenetik igarotzen da, eta anoa eta atsedena bertan dagoen erreka eta aterpetxearen ondoan hartuko dugu.
Gipuzkoako zaindaria den Arantzazuko amabirjinaren egoitza den santutegia. Balio erlijioso, sinboliko altua duena, baita eraikuntzaren beraren balioagatik ere.
OHARRA: Aurreikusita dago zelaietan ogitartekoa (edo norberak egokien deritzona) hartzea, errekaren eta aterpetxearen ondoan dagoen leku ederrean. Azken hau, edozein "larrialdi" kasutan, irekita egongo da.
____________________________________
Hurrengo Irteera: Abenduak 15, Aizkorri
Aizkorri, euskal
mendizaletasunaren ikurretako bat den gailurra, eta Aketegi tontorren igoera.
Azken hau, bere 1551 metroekin, Gipuzkoa eta Euskadiko sabaia da.
Ibilbide zirkularra osatuko da; iparraldetik igo (Sancti Spiritu baselizatik) eta hegoaldetik jaitsiz, San Adrian pasabide mitikoa zeharkatuz.
Irteera ordua eta lekua: 9:00etan OnDoaN Topagunetik.
Desplazamendua: ibilgailu partikularrak beharko dira abiapuntura hurbiltzeko (Otzaurteko mendatea). Hobeto antolatzeko, beharrezkotzat jotzen dugu jakitea zenbat izango garen eta zenbat auto izan ditzakegun erabilgarri. Horregatik, etortzea baieztatzeko eskatzen dizuegu.
Orografia: garaiena eta baxuena 1551 m eta 850 metro dira hurrenez hurren. Desnibela handia da.
Distantzia: 8,5 km.
Iraupena: 3 ordu gutxi gorabehera.
Zorua: mendiko bidezidorrak.
Zailtasuna: ez du zailtasun teknikorik, baina desnibelak eta, seguruenik, izango den lokatzak ibilia zerbait zaildu dezakete.
Aipagarria:
* Euskadin goragune handiena duen tontorra da, eta penintsulako 36.a. Ikuspegia itzela da, beraz, norabide guztietan.
* Aizkorri tontorreko baseliza eta aterpetxea.
* San Adriango tunela.
___________________________________________
OHAR GARRANTZITSUA:
TAMALEZ, BIGARREN ALDIZ JARRAIAN, EGURALDI TXARRA DELA ETA, BIHARKO - AZAROAK 17 - ANTOLATUTA GENUEN IRTEERA BERTAN BEHERA UZTERA BEHARTUTA GAUDE.
ABENDUAREN 15ERAKO DAGO IRAGARRITA HURRENGO TXANGOA. HALA ERE, WEB-ORRIARI ADI EGON ZAITEZTE, EGURALDIAK BAIMENTZEN BADU, LEHENAGO BESTE IRTEERA BAT - EGUTEGIAN JASOTA EZ DAGOENA - PROPOSATZEKO ASMOA BAITUGU, 15EKOA MANTENDUZ.
MILA ESKER ETA... EA LASTER IKUSTEN DUGUN ELKAR!
Hurrengo Irteera: Azaroak 17, Aiako Harriei Itzuli Zirkularra
Aiako Harriak Parke Naturalari itzuli osoa emango diogu. Euskal Herriko mendigune granitiko bakarra, duela milioika urte gure lurraldean urazaleratu zen lehen eremua. Itzuli zirkularra izango da (ez gara leku beretik bueltatuko), eta parke naturaleko gipuzkoako zein nafarroako aldeak ezagutzeko aukera emango digu, Elurretxe eta Aritxulegi mendi-gainetatik igarota.
Irteera ordua eta lekua: 9:00etan OnDoaN Topagunean elkartuko gara.
Joan-etorria: Oraingoan, abiapuntura (helmuga ere izango dena) autoz hurbiltzea beharrezkoa izango da, eta horregatik da garrantzitsua jakitea aldez aurretik nork duen joateko asmoa eta nork eraman dezakeen autoa, horrela konpondu gaitezen.
Orografia: punturik garaiena eta baxuena 553 eta 292 metrotara daude kokatuta, hurrenez-hurren. Oso altu igoko ez bagara ere, ibilbidea igoera eta jaitsieraz josita dago, 1000 metrotako desnibel positibo metatua duelarik.
Distantzia: 12 km.
Iraupena: 3:30 ordu gutxi gorabehera.
Lur mota: mendi-bidezidorrak, ia dena.
Zailtasuna: ibilbideak ez du zailtasun berezirik azaltzen, igoera eta jaitsiera ugariek gogortzen duten arren. Lurra bustita egonez gero, Domikoko kanalaren zatia tentuz eta poliki egitea komenigarria izango da.
____________________________________________
OHAR GARRANTZITSUA:
TAMALEZ, IRAGARRITA DAGOEN EGURALDI TXARRA DELA ETA, BIHAR (URRIAK 20) EGITEKOA ZEN TXANGOA BERTAN BEHERA GERATZEN DA.
Hurrengo Irteera: Urriak 20 Donostia-Orio Zeharkaldia
Irteera ordua eta lekua: Ibilaldia OnDoaN Topagunean goizeko 9:00-etan hasiko dugu. Orion, trena hartuko dugu Donostiara itzultzeko.
Orografia: punturik garaiena 377 metrotara kokatzen da, eta desnibel positibo metatua 640 metrokoa da.
Distantzia: 16 km.
Iraupena: 4 ordu gutxi gorabehera.
Lur mota: errepidea, porlana, harrizko galtzarak eta bidezidorrak zapalduko ditugu.
Deskribapena: Donejakue Bideko (Iparraldeko Bidea) bigarren etapako zati nagusia. Oso ibilbide erraza da, mendizale ikuspegitik; hala ere, egin beharreko distantziak gutxieneko erresistentzia eskatzen du.
Gauzarik aipagarrienak:
- Bide politak zelai eta baserri artean.
- Donejakue Bidea (Iparraldekoa). Gezi horiek gidatuko gaituzte.
- Kantauri itsasertzeko ikuspegi ederrak.
- Kukuarri tontorra.
- Bariko Nikolas Donea eliza, Orion.
Gomendatutako materiala:
- Kiroletako oinetakoak (lurra bustita badago edo euria ari badu, treckingeko oinetakoekin hobeto)
- Kantinplora edo botila bat ur, bidean zehar iturriren bat badagoen arren.
- Jateko zerbait.