"Gozatzeko, partekatzeko, begiesteko eta naturan bizitzeko lekua" 

OnDoaN Topagunea aisialdia partekatu ahal izateko gunea da, non naturaz eta naturan gozatu ahal izango dugun, kontsumismo hutsetik urrun eta ingurunearekiko begirunez jokatuz beti. Inguratzen gaituen naturak gorderik dituen sekretuetara hurbiltzeko eta historiaz eta istorioez blai dauden hamaika txoko ezagutzeko gunea. Hau guztia, lagunartean, nekea, ezagutzak, txolarte alaiak, bizipenak... partekatuz, eta txango eta zailtasun ezberdinetako mendi ibilaldien hileroko egutegi batek egituratua; gure herriko mendizaletasun tradizioan pisu handia nahiz kultur aberastasun itzela duten lekuak bisitatuz. Hori guztia, tartekatzen joango diren unean uneko jarduerez osatua.  


Hurrengo Irteera:

Martxa! SOS Arrazakeria, 2024ko Martxoaren 17an


Aiztondoko ur-jauzia, 2024ko Otsailaren 4an

Irteera: Goizeko 9:02etan, Donostiako tren geltokian trenera igo eta Irunen jaitsiko gara 9:30etarako.

Puntualtasuna: beti bezala ezinbestekoa izango da, trenek ez dute itxaroteko ohiturarik.

Ibilbidea: Zailtasun teknikorik gabeko ibilbidea da, eta gainditu beharreko desnibela ere apala da.

Irungo tren geltokian ibiltzen hasita, hegoalderantz bideratuko ditugu pausoak, hiriaren erdigunea zeharkatuz, poliki-poliki, zarata atzean uzten joateko. Ola sagardotegira iritsiko gara. Egingo dugun bidea seinaleekin hornituta dago hemendik aurrera. Irukurutzetako labeen ondotik igaroko gara, gure lurraldeko industria-arkeologiaren aztarnarik garrantzitsuena omen dena. Inguruko zenbait meazulotataik ekartzen zuten burdin karbonatoa hemen kiskaltzen zuten. Igoera labur baten ondoren, zati lau bat, errekaren aldamenetik. Ondoren, kable baten laguntzaz egiten den igoera zatitxo bitxia; gainera, lurrean eskailera osatzen duten harriak topatuko ditugu, igoera are gehiago erraztuz. Segituan, 140 metro dituen ur-jauzi ikusgarria, probintziako handiena.

Mila argazki atera ondoren, beste bide batetik itzuliko gara tren geltokira, Ibarlako landa-auzo atseginetik igaroz.

Itzulera: 14:01ean trena hartuta, 14:26ean iritsiko gara Donostiara.

12 km inguruko ibilbidea da. 250 metro inguruko desnibel positiboa duena. Erraza dela esan genezake, batez ere, bideak oso erosoak direlako (harkaitz eta lokatz artean ibiltzeko arrisku gutxikoa).

Mendiko oinetako arinak edo kiroletako zapatilak eramatea gomendatzen da.

Beti bezala, norberak motxila txiki bat eraman dezala aholkatzen dizuegu, ura eta jateko beharrezkotzat jotzen duzuena bertan sartuta. 


Izena eman

______________________________


Irteera Kulturala Tolosa, 2023ko Abenduaren 3an

_______________________

Mendizorrotz-Arratzain, 2023ko Azaroaren 5ean

Irteera: Goizeko 9:00etan, 5 edo 25 autobusa hartuko dugu Donostiako Boulevardean, ordu laurden inguruan Tolosa Hiribidean utziko gaituena.

Puntualtasuna: beti bezala ezinbestekoa izango da, autobusek ez dute itxaroteko ohiturarik.

Ibilbidea: Zailtasun teknikorik gabeko ibilbidea da, eta gainditu beharreko desnibela ere apala da.

Nanogunearen ondoan hasten da ibilbidea. Igarako bidetik jarraituko dugu, Diario Vasco eskuinean utzita. Auzoaren bukaera aldera iristean, ezkerretara jarraituko dugu, Igara errekaren ondoko bidetik, autopista ondora ailegatu arte. Azpitik pasatuko gara eta, laster, Usurbilgo goi aldeko etxeak ikusiko ditugu. Oso gertu egon arren, ez gara herriraino jaitsiko eta mendebaldera jarraituko dugu. Laster, zuzen igoko dugun Arratzain mendiaren parean egongo gara. Iparraldeko isurialdetik jaitsiko gara, berriz ere autopista zeharkatzeko (kasu honetan, goitik). Animalien Babes-etxe ondotik abiatzen den xendra bat hartuko dugu, basoan, eguneko tontor nagusira bidean. Laster iritsiko gara Mendizorrotzera.

Itsasoaren gain-gainean egongo gara. Kantauriko kostaldeko ikuspegi ederra dago bertan. Iparralderantz jaitsiko gara, Polipaso jatetxera iritsi arte utziko ez dugun pista eroso batetik. Hortik aurrera, 2 km inguruko beheranzko bide are erosoagoa dugu Igeldoko kanpingeraino. Han hartuko dugu Donostiara eramango gaituen autobusa.

Itzulera: 16.autobusa 14:00ak aldera hartuko dugu (ordu erdiro dator); 14:30etarako Donostian egongo gara.

12 km inguruko ibilbidea da. 500 metro inguruko desnibel positiboa duena. Erraza dela esan genezake, batez ere, bideak oso erosoak direlako (harkaitz eta lokatz artean ibiltzeko arrisku gutxikoa).

Mendiko oinetako arinak edo kiroletako zapatilak eramatea gomendatzen da.

Beti bezala, norberak motxila txiki bat eraman dezala aholkatzen dizuegu, ura eta jateko beharrezkotzat jotzen duzuena bertan sartuta.

Izena eman

_______________________________________________________________


Burgos, 2023ko Ekainaren 11n

Indamendi - Txatxarromendi, 2023ko Maiatzaren 21ean


Irteera: Goizeko 9:05ean, Askatasunaren Hiribidean, UK10 autobusa hartuko dugu. 9:55etan Zarautzen beharko genuke.

Puntualtasuna: beti bezala ezinbestekoa izango da, autobusek ez dute itxaroteko ohiturarik.

Ibilbidea: Zailtasun teknikorik gabeko ibilbidea da, eta gainditu beharreko desnibela ere apala da oso.

Zarautzen bertan hasiko gara ibiltzen. Itsasorantza abiatu ordez, barnekaldera joango gara. Altuera irabazten joango gara poliki poliki, zangoak esnatzen joan daitezen. Baseliza pare baten aldamenetik igaroko gara. Horietako bigarrena, Santa Krutz izenekoa, bitxikeria ugariren protagonista da eta hor hartuko dugu behin betiko INDAMENDI tontorrera eramango gaituen bidea.

Lau haizetara dagoen ikuspegia aparta da, bereziki Kantauri itsasoari dagokiona, garaiera apaleko gailurra izan arren (462 m). Puntu honetan, Zestoa, Aizarnazabal eta Aia udalerriak batzen dira.

Leku beretik jaitsi ordez, indarrek laguntzen badute, goi samarrean egotea lortu dugula baliatuz, gandorra jarraituko dugu, ekialderantz, zelai berdeak gozo gozo zapalduz. Kilometro eta erdiren buruan, aurreneko tontorraren ia bikia den TXATXARROMENDI igotzeko.

Hemendik aurrera, zapaldu dugun gandorraren iparraldean, beherago, dagoen xendra paralelo bat hartuko dugu, ondoren hasierako bidearekin bat egiteko. Ohartzerako, Zarautzek berriz ere ongietorria egingo digu.

Itzulera: 14:10etako autobusa hartuko dugu, 15:00etan Donostian egoteko.

14 kilometro inguruko ibilbidea da, 550 m positiboko desnibela duena. Datu hauek eta zapalduko dugun lurraren baldintzak kontuan hartuta, ibilbide erraza dela esan genezake.

Mendiko oinetako arinak edo kiroletako zapatilak eramatea gomendatzen da.

Beti bezala, norberak motxila txiki bat eraman dezala aholkatzen dizuegu, ura eta jateko beharrezkotzat jotzen duzuena bertan sartuta. 

Izena eman


___________________________________


Erlo-Xoxote, 2023ko Apirilaren 30ean

Irteera: Donostian (Askatasunaren Hiribidea) 9:05eko autobusa hartuko dugu, 9:50etan Zestoara iristeko.

Puntualtasuna: beti bezala, ezinbestekoa izango da.

Ibilbidea: Zailtasun teknikorik gabeko ibilbidea da, baina, abiapuntua itsasmailatik 68 metrora eta tontorrik altuena (Erlo) 1030 metrora daudela kontuan hartuta, gogor samarra gerta dakioke aldapetan zailtasunak dituenari. Ez da izugarrizko altuera, baina desnibela aintzat hartzeko modukoa da, normala dena kontuan izanik itsasotik 10 kilometro eskasera gaudela.

Izarraitz mendizerran gaude, probintziako nagusienetako bat. Ibilbidean zehar emango dira toponimiari eta geografiari buruzko azalpenak. Kareharriz osatuta dago gehienbat, eta, horren ondorioz, ura lurrazpira igarotzen da, kobazuloak eratzea ahalbidetuz (hain famatua den Ekaingo leizezulotik oso gertu pasatuko gara).

Igoera, esan bezala, Zestoan hasten da. Erreka zeharkatuko dugu (ez larritu, zubia dago) eta baserri artean igotzen den pista baten gora joango gara; azkenak Ondarbaso izena du. Hor amaitzen da pista.

Hortik aurrera, basoan sartuko gara: aurrena, pinu artean; gero, haritz, gaztainondo eta pago artean. Goi aldeko basoa benetan da ederra; berak babestuko gaitu Erlo zapaldu arte ia, zeina leku ireki eta harkaitsuan aurkitzen baita. Bertatik, lau haizetara ikuspegi zoragarriaz gozatu ahal izango dugu.

Erlotik hegoaldera begiratuz, Iraurgi bailara dugu, Azpeitia eta Azkoitia herrien altzoa. Horrantz luzatuko dugu pausoa, lehendabizi arroken artetik, ondoren belar amultsua zapalduz, Azketako leporaino (aintzira txiki bat eta izotz-edariak prestatzeko eta osasun erabilpenerako uztiatzen zen elurzuloa daude bertan) iritsiko gara. 15 metro gorago dago bigarren tontorra, Xoxote.

Gailur azpian, mendiko aterpetxea, mendizale ugariren topaleku. Ziur asko hor aurkituko ditugu gaua igarotzera edo bazkaltzera hurbildutako talde bat baino gehiago. Oso hurbil, ia aldaparik gabe, Azpeitia eta Loilaren gain gainean, San Inazioren eskultura erraldoia dago.

Bere herrirantz hasiko gara jaisten, Azketako iturrian trago freskoa hartzeko aukera ere eskura izango dugularik. Beherago, herri gaineko baserriak izango ditugu zain.

Itzulera: 17:55ko autobusa hartuko dugu, Loiolan, ordubete beranduago Donostiara ailegatzeko.

15 km inguruko ibilbidea da, esan bezala gorabehera ederrekoa. Distantzia eta desnibela aintzat hartuta, beraz, gogor samarra dela esan genezake, nahiz eta ohituta dagoenarentzat, lasai joanez gero, erraza egingo zaion.

Mendiko oinetako erosoak eramatea komeni da. Ez nuke kiroletako zapatilekin egitea gomendatuko, mendian ibiltzeko ohitura handirik ez duenak, gainera, orkatilak babestuko dizkion kaña altuko botak eraman beharko lituzke.

Bakoitzak bere ur botila eramatea aholkatzen da, eta jateko beharrezkoa izango duena.


Izena eman


________________________________________________


XXVI MARTXA!: 2023ko Martxoaren 19an


______________________________________________


Zientzia Museoa eta Aquarium: 2023ko Otsailaren 26an


______________________________________________________


Ireber (1208m), 2023ko Otsailaren 5ean

Irteera: Goizeko 8:00etan OnDoaN Topagunean geratuko gara eta Nafarroako Arrarats herrira, ordu bete inguruan, kotxez hurbilduko gara.

Puntualtasuna: beti bezala, ezinbestekoa. como siempre.

Ibilbidea: Erlojuaren orratzen norantzakoan egingo dugun ibilbide zirkularra da esku artean duguna, zailtasun nabarmenik ez duena, ez orientazio aldetik ezta bideen garbitasunari erreparatuta ere.

Arraratsen hasiko gara ibiltzen, Nafarroan dagoen Basaburua bailaran. Bertako plazan dagoen iturrian ura hartu eta mendebalderantz abiatuko gara, Beruetera daraman bidetik.

Bide jaisten hasten den lekuan, utzi egingo dugu eskuinean dugun mendiaren magalean gora eramango gaituen xendra bat hartuz. Lasai hartuko dugu, tarte batzuetan malda pikoa baita.

Baso polit batean murgilduko gara gorago eta, ohartzerako, eguneko lehen tontorraren parean gaudela ikusiko dugu, 1200 metro ozta-ozta gainditzen dituena: Ernaitzu. Zelai borobildu ederra da, eta ikuspegi zabala eskainiko digu. Iparraldera begiratuz, pare-parean, ondoren igoko dugun tontorra ikusiko dugu: Ireber; eta bien arteko lepora daraman malda belartsuan behera joango gara orain.

GR12arekin bat egingo dugu aipatu lepoan, baina Euskal Herria osoa zeharkatzen duen ibilbide luzea une batez albo batera utzita, aurrera jarraituko dugu, gorantz, zuhaitz artean. Segituan iritsoko gara Ireber mendiaren gailurrera, Ernaitzu baino apur bat garaiagoa berau.

Hor goitik, ikuspegia are zabalagoa da, 360 gradutako ikuspegi zabal bezain ederraz gozatu ahal izango dugularik. Mendebalderantz begiratuz gero, Iontzako zelai liluragarriak izango ditugu ikusgai.

Ipar-ekialderantz jaitsiko gara, Launtze tontor aldera. Ia desmailarik gabe iritsiko gara bertara. Inguruan, kondaira ugariren iturri den "Bi Ahizpen Sepultura" Brontze Aroko trikuharri ezaguna bisitatuko dugu.

Puntu honetan esan dezakegu hasten dela itzulera, pausoz-pauso marrazten joango garen zirkulua Arraratsen itxi arte. Jaistea baino ez zaigu geratzen. Aurrena, Otsola izeneko zelai politetara; ondoren, 3 kilometro inguruko porlanezko pista atsegin batetik, herriraino.

Espedizioko kideak indarrez eta gogoz baleude, Otsolan bertan, herrira doan pista hartu ordez, ekialdera apur bat jarraitu genezake, aipatu GR12a jarraituz, Begaña izeneko tontorra zapaldu ondoren, beste bidezidor batetik, herrira hurbiltzeko, pagadi miresgarrian barna.

Itzulera: Arraratsera 13:00ak inguruan iristea aurreikusten da, hala, Donostiara 14:00ak inguruan ailegatuko ginatekeelarik.

10 km inguruko ibilbidea da (13km bertsiorik luzeena gauzatuko balitz, ordura arteko denborek aipatu aurreikuspenak ez betetzeko arriskuan leudekela adierako balute, baztertuko genukeen aukera). Hasieran igoera etzana, ondoren zutagoa eta, bukatzeko, jaitsiera erosoa.

Trekking egiteko edo mendiko botak eramatea aholkatzen da. Hala ere, neguan gaudela kontuan izanda, nahiz eta ohi ez bezalako lehorra eta elurrik gabea izaten ari den, data hurbildu ahala, eguraldi-aurreikuspenei erreparatuta azken aholkoak helaraziko dira.

Beti bezala, norberak bere motxilatxoa eramatea komeni da, edatekoa nola jatekoarekin; bestela, bidea luzea izan gabe ere, luze egin daiteke. 

Izena eman

______________________________________

IRTEERA KULTURALA BILBO, 2022KO AZAROAREN 27AN

Irteera ordua eta lekua: 

9:15etan geratuko gara Donostiako autobus geltokian, 9:30etan Bilborantz abiatzeko Pesa konpainiaren autobusean (Lurraldebus), zeinak ordu eta laurden inguruko bidaiaren ostean Bilbon utziko baigaitu.

Beti bezala, puntualak izatea ezinbestekoa da.

Plana:

10:45 Bilbora iritsiko gara. Autobusetik jaitsi bezain pronto, hirian zehar paseatuko dugu. San Mames futbol-zelai berriaren ondotik igaroko gara, Doña Casilda parkera iritsi eta Euskalduna Jauregiaren kanpoaldea ezagutzeko. Ibaira iritsiko gara, beste aldean Deustuko Unibertsitatea izango dugularik parez-pare. Ez gara, baina, haraino joango eta, uretatik aldenduko gara berriz ere, Bilboko kaleetan zehar "galtzeko". Euskadi plazan, Arte Ederretako Museoaren ondoan, Elkano kalea hartu eta Moyua plazaraino hurbilduko gara (Plaza Eliptikoa bezala ezagutzen dena). Hortik aurrera, Gran Via zeharkatuko dugu, hiriko etorbide nagusienetakoa dena, plaza Zirkularrera iritsi arte.

Ibilbide guztian zehar, hiriaren historian pisu handia izan duten eraikinen aldamenetik pasatzeko aukera izango dugu. Ibaiarekin egingo dugu topo berriz ere. Oraingoa, beste alderaino joango gara, El Arenal zubitik. Arriaga Antzokia parean izango dugu, Alde Zaharreko sarreran; bertako Zazpi Kale ezagunak ezagutzeko unea izango da.

Zenbat geldialdi (eta zenbatekoak) egin erabakitzeko ordulariari begiratuko diogu tarteka, berriro ere ibaira itzuli beharko baitugu hurrengo hitzordura iristeko, Pío Baroja plazan, Udaletxearen parean.

13:00 Ibaian gora eta behera, ordubetez ibili ahal izango gara itsasontziz. Ikuspegi ezberdin batetik hiria ikustearekin bat, audio-gida batek begien parean izango ditugun lekuen inguruan jakin beharrekoak kontatuko dizkigu.

14:00 Itsasontzia utziko dugu. Ordu bat izango dugu bazkaltzeko. Eguraldiak hortzak erakusten badizkigu, 10 minutura izango dugun Merkatal Zentru baten babesa bilatu ahal izango dugu.

15:00 Guggenheim museoa Ordubeteko bisita gidatua. Handik irtendakoan, poliki-poliki, autobus geltokirantz abiatuko gara.

17:00 Donostiara eramango gaituen autobusa abiatuko da.

18:15 Donostiara iristeko aurreikusitako ordua.

Zenbait ohar:

Oinetako erosoak eramatea gomendatzen da, hiri batean ibiltzea oso nekagarria suertatzen baita oro har. Kontuan izan, ia egindako distantziak adina nekatzen duela zutik igarotako denborak.

Motxila txiki bat eramatea ere lagungarri suerta daiteke, ohiko gauzez gain, bazkaltzekoak bertan sartuta, eroso samar ibili ahal izateko.

Eguraldi iragarpenak hirirako zer aurreikusten duen begiratzea ere ez litzateke ideia aldrebesa izango, horretara egokitu eta egoki prestatuta joan ahal izateko.

Izen-emateak:

Irteera honetarako lekuak mugatuak izango dira: gehienez 25 pertsona. Izena emateko epea urriaren 24tik 30a bitartekoa izango da. MUGI txartela ematea beharrezkoa izango da autobuseko lekuaren erreserba egin ahal izateko (7,50 euro inguru, txartel pertsonalizatuarekin); erreserba urriaren 31ean egingo denez, nahitanahiezkoa izango da egun horretan txartelean nahikoa diru izatea.


_______________________________________


ULIA (7,5 kilometroko ibilbidea), 2022ko URRIAREN 23an

Irteera: 

Goizeko 10:00etan geratuko gara E09 lineak Okendo kalean duen geltokian. Pasaia San Pedroko azken geltokian jeitsiko garenez, hortik hurbil bizi direnek aukera izango dute zuzenean horra bertaratzeko (pilotalekuaren ondora) 10:25etarako.

Puntualtasuna, beti bezala, ezinbestekoa izango da. Kalkulatzen da 10:30ak inguruan hasiko garela ibiltzen.

Ibilbidea: 

Txango erraza dela esan daiteke: ondo seinaleztatua, malda handirik gabea eta luzera txikikoa. 

Pasealdia Pasaia San Pedron hasiko da, autobusak utziko gaituen lekuan. Pasaiako kaiko urak ondoan ditugula, itsas alderantz joango gara.

Albaolaren (Itsas Kultur Faktoria) ondotik igaro eta gero, harrizko eskailera piko batzuekin egingo dugu topo, mendian gora eramango gaituztenak Pasaiatik datorren porlanezko pista batekin bat egiten duen arte.

Eskuinerantz jarraituko dugu, igoera lasaian. Mendiaren ekialdeko punturik garaienera igotzeko aukera emango digun xendra piko bat ateratzen da ezkerretara; hortik abiatuko dira ausartenak. Besteok, pistatik jarraituko dugu lasai asko itsasoaren eta Jaizkibel mendiaren ikuspegi ederra eskaintzen duen behatoki bateraino, Faro de la Plata izeneko itsasargiaren azpian. Bi bideak hor bertan elkartzen dira.

Hortik aurrera dator zatirik politena: mendebalderantz abiatuko gara ia laua den bidezidor batetik, Donejakue Bideko gezi horien atzetik, Kantauri itsasoaren ikuspegi ederraz gozatuz. Eguraldi eguzkitsua badago, babestuko gaituen basoaren itzala eskertuko dugu.

Bukatzeko, Donostiako Gros auzora jeitsiko gara, hiriaren gaineko bista zoragarriak -bereziki Zurriola hondartzakoak eta inguruetakoak- dastatzeko aukera izango dugularik.

Itzulera: 

Txangoa bera izango da itzulera. Iritsiera ordua erabilitako erritmoak erabakiko du, baina, ezbehar handirik ezean, 13:15ak ingururako helmugan egon beharko genuke.

7,5 kilometro inguruko ibilbidea. Hasieran, igoera ertaina; luzeena den zati nagusian, profil uhindua, erraz ibiltzeko modukoa; amaieran, jeitsiera piko samarra. Oro har, ibilbide erraza.

Kiroletako zapatilekin egiteko moduko txangoa, nahiz eta oinak beti egongo diren babestuago mendiko oinetakoak eramanez gero. Azken hauek gomendagarriak suertatuko dira batez ere zorua bustita badago.

Bakoitzak bere ur botila eramatea aholkatzen da, eta jateko beharrezko duena. Hala ere, bidean iturri bat behintzat badago, ibilbidearen erdi aldera.

Izena eman


______________________________________________________________


Artzanburu (1.365), 2022ko MAIATZAREN 22an

Irteera

Irun-Brinkola norantzan doan trena hartuko dugu; Donostiatik 8:48an igarotzen dena (beste geltokiren batean hartzeko asmoa duenak, Renferen web-orrian du ordutegia).

Puntualtasuna: 

Beti bezala ezinbestekoa izango da.

Ibilbidea

Zailtasun teknikorik gabeko ibilbidea den arren, egin ditugun azken txangoak baino dezente gogorragoa izango da, bai osatu beharreko distantziagatik baita gainditu behar den desnibelagatik ere. Artzanburu (artzaren burua) ia 1400 metroko menditzarra da, Aizkorri mendizerraren mendebaldean kokatzen dena.

Brinkolan hasten da igoera, eta bertara hurbilduko gara trenez. Zati txiki bat errepide estu batez egin ondoren, Barrendiolako urtegira iritsiko gara. Hortik aurrera, aldapak hasiko dira, mendiko bidezidorretan barna.

Txabolez zipriztindutako baso ederretik igaroko gara. Baita Katabera izeneko meategia izan zenaren hondakinetatik oso gertu ere. Gorago, basoa ireki egingo da eta zelaien eremura igaroko gara.

Ia 1200 metrotara, Biozkornia lepo ezagunean egongo gara, Aizkorri eta Aloña (mendebalderago) mendizerren arteko lotura edo bereizketa lana egiten duena. Lepo horretan, Amabirjinaren Sillea deituriko aulki forma duen arroka ikusiko dugu, non mendizale eta artzain belaunaldi ugari eseri izan baitziren, guk egin ahal izango dugun modura.

Hortik aurrera, azken maldari ekitea baino ez zaigu geratuko, belar eta harri artean. Tontor zabalean, alde guztietarantz (eta km askotara) ikuspegi zoragarriaz gozatu ahal izango dugu.

Jaitsiera bide beretik egingo dugu, dauden gainontzeko alternatiba ugariek gehiegi luzatuko bailukete txangoa.

Itzulera

Brinkolako tren geltokian hartuko dugu trena, 13:34etan, Donostiara 13:50etan iristeko.

Aholkuak:

Ia 900 metroko desnibel positiboa duen ia 16 kilometroko ibilbidea. Duen luzera-desnibela konbinazioa kontuan izanik, esan genezake zailtasun handiko ibilbidea dela (betiere kontuan izanda elkartearekin egiten ditugunen batez-besteko zailtasuna)

Mendiko oinetako erosoak eramatea komeni da. Ez nuke kiroletako zapatilekin egitea gomendatuko, mendian ibiltzeko ohitura handirik ez duenak, gainera, orkatilak babestuko dizkion kaña altuko botak eraman beharko lituzke.

Bakoitzak bere ur botila eramatea aholkatzen da, eta jateko beharrezkoa izango duena.

Izena eman

________________________________________________________________________________

Trintxerpe-Boulevard, 2022KO MARTXOAREN 20an

Martxo honetan, hilaren 20an Trintxerpeko azokatik irten eta Boulevardean amaitzen den SOS Arrazakeriak urtero antolatzen duen arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako Martxarekin bat egingo dugu.

________________________________________________________________________

Buruntza (441m), 2022ko OTSAILAREN 27an


Irteera

Irun-Brinkola norantzan doan trena hartuko dugu; Donostiatik 8:48an igarotzen dena (beste geltokiren batean hartzeko asmoa duenak, Renferen web-orrian du ordutegia).

Puntualtasuna: 

Beti bezala ezinbestekoa izango da. Norbaitek abiapuntura bere kasa hurbiltzeko asmoa izango balu, kontuan hartu beharko du 9:05 inguru ibiltzen hasiko garela aurreikusten dela.

Ibilbidea

Garaiera umilekoa izanagatik, Buruntzak itxura lerden eta zorrotza ageri du Hernanitik begiratzen badiogu. Harritzar itzel honek, Andoaindik Lasartera eta Hernanira daramaten bailarak bereizten ditu.

Altuera apalekoa izanda ere, harro egon daiteke eskaintzen duen ikuspegiaz, bai probintzia barnealdera baita kostaldera ere.

Igoera Andoainen hasten da, mendiaren izen bera duen auzotik igarota. Bertan, hango baserriez gain, Buruntzako San Martin eliza zaharraren hondakinak ikusi ahal izango ditugu. Autobidearen gainetik pasatu ondoren, basoan murgilduko gara. Harrobiak mendiari egin dion izugarrizko zauria inguratzen joango gara. Harrigarria da nolako eskuzabaltasunez jarraitzen duen mendiak bere aire askea, landareriaren lurrin ederrak, ikuspegi zoragarriak, bakea... guri oparitzen, hain modu bortitzean guk hari horrenbeste kentzen jarraitzen dugun bitartean.

Tontorretik hurbil, San Roqueren baseliza txikia bisitatuko dugu, Oria bailararen gain dagoen behatoki paregabea. Hortik, 10 minutu inguru beharko ditugu tontorra zapaltzeko. Duela egun batzuk erausia izan da azken 80 urteetan bertan izan den 10 metroko gurutze ospetsua. Gailurretik, itsasoa eta Donostia ikusten dira txori-begiz.

Jaitsiera egiteko, tontor bikia zapalduko dugu, nagusia baino 2 metro baxuagoa. Bidegurutze batera iritsita, norantza aldatu eta Andoainerako bidea hartuko dugu, ibilbide zirkular eder hau osatzeko.

Itzulera

Andoaingo tren geltokian hartuko dugu trena, 13:34etan, Donostiara 13:50etan iristeko.

Aholkuak:

Ia 400 metroko desnibel positiboa duen 8 kilometro eta erdi eskaseko ibilbidea. Duen luzera-desnibela konbinazioa kontuan izanik, esan genezake zailtasun ertain-baxuko ibilbidea dela.

Mendiko oinetako erosoak eramatea komeni da. Kiroletako zapatilekin ere egiteko modukoa bada ere, lokatza askorik aurkitzen ez badugu, bederen.

Bakoitzak bere ur botila eramatea aholkatzen da, eta jateko beharrezkoa izango duena.


Izena eman

___________________________________________________________

Herniozabal (1.011 m), 2021eko AZAROAREN 13an

Irteera

Irun-Brinkola norantzan doan trena hartuko dugu; Donostiatik 8:48an igarotzen dena (beste geltokiren batean hartzeko asmoa duenak, Renferen web-orrian du ordutegia).

Puntualtasuna

Beti bezala ezinbestekoa izango da. Norbaitek abiapuntura bere kasa hurbiltzeko asmoa izango balu, kontuan hartu beharko du 9:25 inguru ibiltzen hasiko garela aurreikusten dela.

Igoera

Iparraldetik (Donostiatik, kasu) Herniok osatzen duen gandor luzeari erreparatzen badiogu, Herniozabal, gure ezkerrean dagoen tontorra da, 1000 metroak gainditzen dituen azkena Oria bailarako herrietarantz (Anoeta, Tolosa...) amildu aurretik.

Tontor honek, bista ikusgarriez gain, lasaitasun ederra eskaintzen du, mendizale gehienak mendizerrako kontrako muturrean dagoen Herniorako bidean ibiltzen baitira.

Tolosan hasiko gara ibiltzen, Monteskue baserri aldera doan bidea hartuta. Laster, basoan sartuko gara, garai honetan, hamaika kolorez apainduta izango duguna zain. Tolosako auzoa den Urkizuren goialdera aterako gara, non igoeraren azken zatiari ekingo baitiogu. Bertan dagoen lizar bakarra dela eta Lizarbakar izenez ezaguna den parajera iritsitakoan, bidezidor bat hartuko dugu, azkar asko tontorrean jarriko gaituena, probintzia osoko bazterren panorama itzelaz gozatzen dugun bitartean.

Jaitsierarako, Lizarbakar inguruan, igotzeko erabili dugun bidea baztertuta, Hernialderantz doan xendra hartuko dugu. Handik, Anoetara eramango gaituen bidexka osatzea baino ez zaigu geratuko. Han hartuko dugu etxerantzako trena.

Pistak, xendrak, basoak, zelaiak... zapalduko ditugu. Eta, eguraldia lagun, panorama zabal bezain ederrak alaituko digu bista.

Itzulera

Anoetako tren geltokian, 14:50 edo 15:20ko hartuko dugu trena (erritmoaren eta geldialdien arabera), Donostiara 25 minutu inguruan iritsiko dena.

Igo beharreko desnibela 1000 metrotara gerturatzen dela kontuan izanda, esan genezake txangoa gogor samarra dela. Ia 13 kilometroko ibilbidea.

Aholkuak:

Mendiko oinetako erosoak eramatea komeni da. Kiroletako zapatilekin ere egiteko modukoa bada ere, lokatza askorik aurkitzen ez badugu, bederen.

Bakoitzak bere ur botila eramatea aholkatzen da, eta jateko beharrezkoa izango duena.

Izena eman




Hernani-Urnieta Zeharkaldia (Onddi), 2021eko URRIAREN 10ean

Irteera: 

Irun-Brinkola norantzan doan trena hartuko dugu; Donostiatik 9:01etan igarotzen dena (beste geltokiren batean hartzeko asmoa duenak, Renferen web-orrian du ordutegia). Puntualtasuna, beti bezala, ezinbestekoa izango da. Norbaitek abiapuntura bere kasa hurbiltzeko asmoa izango balu, kontuan hartu beharko du 9:15 inguru ibiltzen hasiko garela aurreikusten dela.

Deskribapena:

Hernani-Urnieta zeharkaldia, ordu erdi eskasean egingarria den ibilbidea da, trenbidearen ondotik zuzen doan bidegorria erabiliz gero, bi herrien artean dagoen distantzia txikia kontuan izanik. Alabaina, inguratze txiki bat egingo dugu, ia 13 kilometrora arte luzatuz ibilaldia.

Horri esker, Hernani gaineko ikuspegi ezberdin batez gozatzeko parada izango dugu. Onddiren magalean gora egingo dugu, Karabel auzotik abiatu eta baserri bat bestearekin lotuz, Mulisko Gaina deritzon parajera iritsi arte. Bertan, harrespila eta trikuharri multzo itzela ikusi ahal izango dugu; ikuskizun itzela ezbairik gabe; kanposantu zaharra izenez ezaguna ere bada leku hau, eta gure herriaren aurre-historiari buruzko liburu ireki bat da.

Handik ONDDI mendiaren tontorra irabazteko, azken esfortzu txiki bat egitea baino ez zaigu faltako. Garaieran Adarra-Mandoegi mendikateko tontorrik apalenetakoa bada ere, gandor-multzotik oso ondo bereizita azaltzen da, leku estrategiko batean, eta, horri esker, bertatik gozatu ahal izango dugun panoramak (bai barnealdera, baita esku-eskura dirudien kostaldera ere) ez dio inongo inbidiarik askoz mendi garaiago ugarik eskaintzen dutenari. Tontorrean, besteak beste, Hernaniko Santa Barbara ermitaren forma duen postontzi bitxia dago.

Jaitsierarako, lehengo bideari heldu ordez, aurrean (hegoaldera) dugun suebakia zeharkatuko dugu, behean ageri den leporaino. Eta handik, bide bat bestearekin lotuz, Urnietako tren geltokira hurbilduko gara, inguruko ibilaldi aunitzen abiapuntu eta helmuga izaten den Besabi auzo ezagunetik igaroz.

Itzulera

Trena 14:32etan hartuko dugu, Donostiara ordu laurden eskasean iristen dena. 

Aholkuak:

Ez da zeharkaldi gogorra, gainditu beharreko desnibelari erreparatzen badiogu. 12,5 km inguruko ibilbidea da, bide erosoetan barrena doana. Mendiko oinetako erosoak eramatea komeni da. Kiroletako zapatilekin ere egiteko modukoa bada ere, lokatza askorik aurkitzen ez badugu, bederen. Bakoitzak bere ur botila eramatea aholkatzen da, eta jateko beharrezkoa izango duena.

Izena eman