MariJoxe Azurtza Sorrondegi
Informatikan dihardu, hura du ogibide, baina pozbide idaztea du, besteak beste.
Hainbat sari irabazi du azken hamar urteotan, herri lehiaketetako sariak gehienbat (Azkoitiko Bizenta Mogel, Hondarribiako Bordari eta Satarka, Urnietako Antia, Durangoko Julene Azpeitia, Iurretako lehiaketa, Bergarako Koldo Eleizalde, Argako Mirandako Erdialde, Lizarrako Maria Maeztu, Txorierriko lehiaketa eta beste zenbait). Maitasun eskutitzetan ere sariak irabazi izan ditut, bai Barakaldon, bai Leioan...
Aurtengo RMS I. Literatur Lehiaketako bigarren saria eskuratu du, euskarako modalitatean "Norberak ahal duena" lanarekin. Migrazioa eta Harrera gaia berarentzat erronka bat izan dela aitortu du, bihotzarekin bat zetorkiona baliatuta idatziz gainditu duena.
"Norberak ahal duena"
Amonak egin zion Santiago zubi zaharrera harekin joateko gonbita. Zertarako zihoazen galdetu eta "itxaropena ematera" erantzun zion. Harri eta zur begiratu zion amonari Iratxek, irribarrea ere atera zitzaion bihotzetik, baina zer zioen amonak? Jakin-mina eta zirrara soinean sentitu eta baietz erantzun zion, lagunduko ziola berak nahi zuen kutxa eramaten, prestatuko zuela txirrinduaren atzeko gurdia eta elkarrekin abiatuko zirela zubirantz. Iratxek kutxa eskutan hartu zuenean, ez zela pisutsua ohartu zen eta amonari galdera egin zion begiekin. "Tira, laztana, nik ez dizut esan astuna zenik, proportzio txarrekoa baizik, eskutan eramateko handiegia". Iratxek barre-algara ederra bota zuen. Gurditxoan egokitu eta berehalako batean Santiago zubian ziren amona eta biloba, Hendaiako aldean. Beste zenbaitzuk zeuden bertan eta amonak gogobero agurtu zituen.
Iratxek ezin izan zion jakin- minari gehiago eutsi eta amonarengana joan zen: "Amona, zertara etorri gara?". "Zatoz, maitea, ireki ezazu kutxa" erantzun zion. Iratxeren ezusterako ikurrin mordoa zegoen barruan, munduko herrialde pilatako ikurrinak. Bekainak igo zituen txundituta. Zer zen hori dena, baina! Amonari begiratu eta ezezkoa egiten hasi zitzaion buruarekin, "ez dut tutik ulertzen, amona" esanez. "Ez da harritzekoa, ez dizut ezer azaldu eta! Laguntza eskatu besterik ez dizut egin eta zuk eman" erantsi zuen. "Begira, Irunetik datozen immigranteei harrera egin nahiko nieke, duela hainbat urte gure amari iparraldeko euskaldunek, Hendaiarrek bereziki, egin bezala Irun sutu zutenean, guda zibilean. Soinean zeramanarekin soilik alde egin zuen korrika neskatxa zela eta gero hemen gelditu zen, senarra Hendaian aurkituta. Berak hezur-mamian zeraman hari egindako abegiaren oroitzapena eta haren garrantzia hitz goriekin irakatsi zigun guri. Orain zaharra naiz, ezin dut ia ezer egin eta zu, berriz, gazteegia, orduan nola lagun genezake?". Begi keinua egin zion bilobari umoretsu. "Baina" jarraitu zuen, "abegia ikurrinak eutsiz egin bageniezaie, horretarako gai bagara Hala bururatu zait gaur gauean erbi-lo nintzela eta zirt-zart, ganbaran jasoa nuen ikurrin
bilduma atera dut" amaitu zuen amonak, itxaropentsu. Gehiago esateke, ikurrinak banatzen hasi zen, "etxekoa duten zerbait ikus dezaten" esan zion bati, "ongietorria beroagoa izan dadin" beste bati. Iratxe eta beretzat bana hartu eta ikurrina lau haizeetara zabaldu zuen beso-zabal amonak.
"Baina, amona, hau egitea eta ezer ez egitea pareko dira ia" hasi zen Iratxe marmarrean, hura laguntza eskasa zelakoan, laguntza deitzerik bazegoen. Amonak bilobaren purrusta ulertu zuen: "Iratxe, gelarik utzi bageniezaieke, edo lanik eman, agian zerbait irakatsi, baina ez dugu horrelakorik". Orduan, ahal dudana egiten ari naizela esango dizut ziurtasun osoz: ikurrina zabaldu eta datorrenak urrutitik ikus dezala haren jatorriari -haren sufrimenari- begirunea diogula, ez dagoela bakarrik. Itxaropena eman. Besarkada bat emango diot ondoren". Iratxek ulertu zuen abegikortasun hari zor ziola bizitza. "Ni ez nengoke hemen birramonari ez baliote ongietorririk egin, ezta?". "Ondo ulertu duzu, Iratxe" amonak. Iratxe amonaren alboan jarri zen ikurrina irekita, ahal zuen apurra egiten, abegi ona izan zezaten egoera latzean eta latzetatik zetozen haiek.
MariJoxe Azurtza Sorrondegi