5. Urteurrena - Isilune Zirkulua Donostia

18/03/2021

AHOTS ISILDUEN ZIRKULUA

Isilune Zirkulua, 2007an, Tolosan (Frantzia) abian jarritako ekimena, pertsona migratzaile eta errefuxiatuekiko elkartasun-ekintza da. Mugak zabaltzea, harrera eta giza eskubideen defentsa aldarrikatzen dituen oihu isila.

Duela bost urte, prestaketa lanetan hilabeteak eman ondoren, pertsona-talde bat, elkarte ezberdinak, GKEak, kongregazioak... lehen aldiz, Zirkulu batean eta Isilik bildu ginen.

Orduz geroztik, Europako hainbat hiritan antolatzen diren ekimenen altzoan, garrasi egiten duen ahots bakarra, pankarta bat izaten da. Hilero, hirugarren ostegunero (19:30etan), "Harrera - Abegi Ona" lemapean, Gipuzkoa plazan (Donostia) zabaltzen dugu.

Gero eta herritar gehiago dira Isilune Zirkuluarekin bat egin dutenak. Pertsona asko jasaten ari diren errealitate desberdinak gogoratzeko elkartzen gara hilero-hilero: mugen itxiera, Atzerritar Legearen gogortzea, indarkeria, isiltzea, kanporatzeak...

Isilune Zirkulutik, jada, gure artean ez dauden pertsonak gogoratu nahi ditugu. Itsasoetan, hesietan, kaleetan... bizitza galdu dutenak. Horiek guztiak gogoan, hurbiltasunaren, harreraren eta oroitzapenaren aldeko oihua egin nahi dugu.

Isilune Zirkuluak, datorren ostegunean, martxoak 18, arratsaldeko 19:30etan, bosgarren urteurrenaren egunean, deia luzatzen die herritarrei, isilik, HARRERA eta ABEGITASUNA aldarrikatzeko. Aukera berri bat, bat egin eta aurrera egiteko.