ARRAZAKERIAREN ETA XENOFOBIAREN AURKAKO MARTXA

15/03/2021

Igande honetan, martxoak 21, SOS Arrazakeriak urtero antolatzen duen Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Martxa izango da. Gure Elkartea ekimen honekin bat egiten duen erakundeetako bat da, eta OnDoaN Topagunearen lagun guztiak animatu nahi ditugu honetan parte hartzera.


"Aurten, arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako ahotsek indartsuagoak izan behar dute! Oraingo honetan, joan den urterako prestatu genuen kanpaina aprobetxatzea erabaki dugu eta kanpaina pedagogiko bat egiten saiatzea, paperik ez duten pertsonek bizi duten defentsa-gabezia agerian uzteko eta salatzeko. Asilo-egoeran dauden pertsonen, kontraturik gabeko emakume langileen, oraindik errotu ez diren eta ondorioz lanik egin ezin duten pertsonen eta kalean daudenen ahultasun-egoera azalaratzea batez ere. Azken batean, paperik ezak behartzen ditu eguneroko infernua bizitzera, era guztietako eskubideak falta zaizkiolako. Batez ere, Covi19 delakoak ekarri dizkigun egungo egoeretan eta egoera irregularrean dauden pertsona askok lan-eskubideak are gehiago murriztu dituzten egoeretan."


Zure papera garrantzitsua da

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako XXIV. Martxa

2021eko Martxoaren 21eko agiria

Etorkinak administrazio egoera irregularrean egotea egiturazko fenomenoa da migrazio prozesu modernoetan. Ez da gure herrian soilik gertatzen. Europako Batasuneko herrialde guztietan gertatzen da, baita Batasunetik landa ere: Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan eta bestetan.

Irregulartasuna, egiturazko fenomeno

Irregulartasun administratiboa arrazoi askorengatik da egiturazko fenomeno: ekonomia informalaren iraunkortasuna; eskulan prekario, malgu eta eskubiderik gabekoaren eskaria; azpikontratazioei bide ematen dieten politika ekonomiko desarautzaileak; zero immigrazio politikak onartzea, aldi berean barneko lan eskaeran eskuhartu gabe; aurretik migrazioa egindako senide eta lagunek osatu eta sendotutako migrazio sareak, zeintzuek errazten baitute migrazio bidaia eta egonaldia, egoera irregularretik erregularrera pasatzeko; mundu globalizatuan migrante fluxuak kontrolatzeko zailtasunak, noiz eta munduko zati bati, Afrika osoari eta Asiaren parte bati, bisatu politika egokia ukatzen zaiolarik; pertsona mota batzuek dituzten zailtasunak aldi baterako bizileku baimenak berritzeko, ondorioa delarik egoera irregularrean geratzea.

Paperik gabe baina eskubideekin

Pertsona oro da, pertsona delako, eskubideen jabe, berdin diolarik zein egoera administratibotan dagoen. Hala, Espainiako legediak eta Auzitegi Konstituzionalak hainbat epaitan onartzen dute osasun arta jasotzeko eskubidea, seme-alaben hezkuntza eta oinarrizko gizarte laguntzak jasotzeko eskubidea, erroldatuta egonez gero; eta larrialdiko osasun artarako eskubidea, adierazpen eskubidea, elkartzeko eta sindikatuetako kide izateko eskubidea, bertan egote hutsagatik, bertan dagoen pertsona izateagatik.

Inor ez da ilegala

Irregulartasun administratiboa, herrialdean bizitzeko baimenik gabe bizitzea, ez da delitua. Falta administratiboa da, eta zigortua izan daiteke kanporatzearekin edo eta isun batekin. Ez dago pertsona "ilegalik". Inork ez du "ilegaltasuna" ezaugarri. Norbaitek egin ditzake ekintza ilegalak, egin ditzake delituak, baina ez du ezaugarritzat "ilegaltasuna".

Halaber, herrialde guztiek onartzen dute egoera egiturazkoa dela, eta denek dituzte mekanismo ohizkoak eta ohiz kanpokoak irregulartasunetik erregulartasunera pasatzeko. Hala, 1985ean lehen Atzerritartasun Legea indarrean jarri zenetik sei erregularizazio berezi egin dira (1986, 1991, 1996, 2000. urtean bi, 2005). Azkenak, 2005ekoak, milioi erdi pertsona eta gehiagoren egoera erregularizatu zuen.

Eta Legearen lehen erreformarekin, 2000. urtean, gizarte errotzea, laneko errotzea eta, beranduago, familia errotzea ezarri ziren sistema balioztatzaile gisara irregulartasunetik erregulartasunera pasatzeko, eta urtebeteko bizitoki eta behin-behineko lan baimena lortzeko eta berritzeko.

Atzerritartasun Legea, ezberdintasunen iturri

Atzerritar izateak ezein herritan ditu ondorioak gutxi-gehiago. Ez da herritar osoa izango, eta egoera horrek eskubide ezberdintasunak inplikatzen ditu hainbat arlotan. Mundua nazio Estatuetan dago antolatuta, bakoitza bere subiranotasunaz jeloskor, eta denek, modu batean edo bestean ezberdintzen dute nazionala eta atzerritarra. Hemen, ezberdintasun hori Atzerritartasun Legeak irudikatzen du, bera baita ezberdintasuna antolatzen eta egituratzen duena.

Bere papera garrantzitsua da

Atzerritar izateak oro har ondorioak baldin baditu, are gehiago ditu egoera administratibo irregularrean egoteak, nahiz eta erroldatua egon eta egoteagatik hainbat eskubideren jabe izan eta nolabaiteko onarpena jaso: lanean arituta ere ezingo du lan kontraturik egin, etxeko lanetan adibidez; ezingo du izena eman Gizarte Segurantzan, nahiz eta maiz lan egin. Etxeko langileak adibide, berriro: ekonomia informalean jardun beharko dute, non hitzarmenak ahozkoak diren eta baldintza guztiak jarrita dauden esplotaziorik gordinenei bide egiteko; ezin dute familia berrelkartu; modu irregularrean egoteagatik kanporatu ditzakete, espediente administratibo eta judiziala tarteko.

Haien egoera laboral, sozial eta administratiboa zaurgarritasun handikoa da, erregularizatzeko behar duten epea pasa bitartean.

2020ko urtarrilaren 16an, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro Jose Luis Escrivak esan zuen herrialde honetako herritarren %80k uste duela Gobernuak integrazio politikak garatu behar dituela.

Jada gizartearen parte direnen erregularizazioaren alde

Ondo, agiri hau sinatzen dugunok hitza hartu diogu, baina uste dugu bultzatu behar diren integrazio politikek kontuan hartu behar dutela milaka lagun daudela egoera administratibo irregularrean, eta lehen urratsa izan behar duela haien erregularizazioa erraztea. Hori da, adibidez, Frantzian oraintxe egin asmo dutena.

2000. urtean martxan jarritako errotze sistemak aurrerapauso handia izan ziren, modu tasatu bat eskaintzen baitzuten erregularizazioa lortzeko, epe jakin batean, eta ez bakarrik ezohiko erabakien bitartez.

Zure papera garrantzitsua da

Bada, geroztik hogei urte joan dira, eta irregulartasunak zergatik irauten duen aztertu beharko litzateke, eta zein diren indarrean dagoen sistemaren elementu disfuntzionalak. Planteatzen dugu gutxitu egin behar dela egungo hiru urteko erroldatze eskakizuna; 4/2000 Legearen lehen idazketak bi urteko epea aurrikusten zuen. Aldi berean mekanismoak arbitratu behar dira lan kontratuak erregularizazioa erraztu dezan.

Gaur egungo pandemiak berarekin ekarri du irregulartasun egoerak gehitzea, lanpostu ugari galdu baitira eta ondorioz lan kontratu asko ezin berrituta geratuko baitira. Horregatixe, inoiz baino beharrezkoagoa da erregularizazio prozesu bat, Atzerritartasun Legeak onetsi dituen desberdinkeriak konpontzen ez diren artean.

Donostia, 2021eko martxoa

Gipuzkoako SOS Arrazakeria