Boluntariotzarako Formakuntza - Kronika (3. Saioa: Bizipen Taula)

23/04/2021

BORONDATEA PARTEKATZEN

Gaurkoan, arratsaldea elkarte ezberdinetatik iritsitako pertsonekin partekatzeko eta haien atzean dauden bizipen eta errealitateak entzuteko zortea izan dugu. Hauek dira bidaide izan ditugunak: Beñat eta Henar (Hazi eta Ikasiko boluntarioak), Leire (Loiolaetxeako boluntarioa), Ane eta Abdoulay (Red de Acogida Ciudadana elkarteko boluntarioa), eta Nau eta Olatz (Atzegiko boluntarioa eta arduraduna, hurrenez hurren). 

Kontatu den guztia jasotzeko orrialde asko beharko nituzke; sentiarazi hausnarrarazi digutenaz hitz egiteko, batak besteari nola entzun dioten eta nola hitz egin duten aldamenekoaren errealitatea berraurkitzen. Baina garrantzitsuena ez dira datuak izan, edo modu teorikoan azaldutako portzentaje eta jarduerak. Gauzak azaltzeko eta horrenbeste inporta zaien hori besteoi helarazteko modua izan da garrantzitsuena.

Esperientzia ezberdinei esker (beraienak eta gureak), boluntario izateko mila modu ezberdin daudela ulertarazi digute, borondatea baino ez da behar (borondatez egitea esan nahi baitu boluntarioki egiteak), eta mugitzen gaituen hori aurkitzea. Motibaziorik eta emoziorik gabe, nekez inplikatu ahal izango baikara egiaz ezertan. Entzuten ari ginen bitartean, konturatu naiz nire kideak bertaratu diren pertsonekin identifikatuta sentitzen zirela, bai bizi-esperientzia dagokienean baita jendaurrean hitz egiteko lotsari dagokionean ere. Garbi geratu zait, besteak beste, nola inspiratu gaituzten geure buruengan, gure gaitasunetan eta gure balioan sinesteko, besteei ekarpenak egin eta besteengandik ikasterako garaian. Oso garrantzitsua izan baita jende anonimoa izatea aurrean erakunde ezagunen izenean hitz egiten, gure pareko azalduz eta beren sentimenduak gurekin partekatuz.

Ez dut gehiago luzatu nahi, kronika han gertatutakoaren transkripzio bihurtu ez dadin eta, horrenbestez, aspergarri. Horregatik, bukatzeko, azkeneko ondorioa ekarri nahi dut hona: boluntariotza elkar elikatzeko oparia da. Berdin dio nor garen, nondik gatozen, zerk mugiarazten gaituen edo gure ekarpenaren neurriak, bizitzan present egote hutsak eta elkar laguntzeak distirarazten, bizitzen, jarraitzen ahalbidetzen baitigu.


Usue Odriozola Nava

Elkar elikatuz

Arratsaldea gurekin partekatu izana irudikatu eta eskertzeko opari txiki bat da. Gaur hitz egindako guztiaren ondorio bezala ere baliagarri zaigu.

Txikia nintzenetik liluratu naute ekiloreek. Kolore bizia dute, izen barregarria, eguzkiaz gozatzen dute eta pipitak ematen dizkigute. Baina, eguzkirik ez dagoenean, ezkutatu egiten dira, lotan geratzen dira. Edo hori uste izan nuen beti, aitarekin paseatzera joaten nintzenean haraneko zelaiei erreparatu nien arte. Ekilore batzuek besteei begira jartzen ziren eguzkirik ez zegoenean. Aitak azaldu zidan, eguzkitik energiarik ezin dutenean hartu, elkarri laguntzen diotela energia partekatuz, osasuntsu jarraitu ahal izateko. Nirekin beti bidaiatu duen istorioa da, eta erakusten digu partekatzeko borondatea izateak elikatzen eta zaintzen gaituela beti.