Boluntariotzarako Formakuntza - Kronika

24/03/2023

"Besteengana poza emateko ahalegin eskuzabala geure buruarentzako bizitza zoriontsuago baten hasiera izango da" izan da boluntariotzarako formakuntzaren azken modulu honen izena. Lehen eskuko esperientzien bitartez baieztapen hau frogatzeko, ostiraleko (25) saioan Juan Luis, Iñigo, Agus, Maribel, Teresa eta Danielaren presentziaz gozatu dugu, egoera babesgabean dauden pertsonen laguntzan diharduten Donostiako erakundeak diren Aterpeko, Kaleko Afari Solidarioetako eta Loiolaetxeako boluntarioak.

Boluntarioek beren erakundeetako jarduera nagusiak erakutsi dizkigute, hala nola euren esperientzia pertsonalak boluntario gisa eta zerk eraman zituen horretan jardutera. Saio honetatik nabarmenduko nuke Aterpeko boluntarioa den Juan Luisek egindako ekarpen bat, zeinaren arabera munduan tamainan antzekoak diren bi multzo baitaude: arazoak dituzten pertsonena (lanik ez dutenak, etxerik ez dutenak, gaixorik daudenak, eta abar), eta arazorik ez duten pertsonena, zeinen kezkarik nagusienak "konpondu gabeko bizitzako egoerak" (Juan Luisen hitzetan) diren (garbigailua apurtu zaienak, autoa tailerrera eraman behar dutenak, eta abar). Hark utzitako ondorioa hau izan da: hain da erraza bigarren multzotik lehenera igarotzea, arazorik ez duten pertsonen zeregin nagusia zoriontsu bizitzea eta haiek bezain aldeko egoeran ez daudenei laguntzen saiatzea baita, bertaratu garen guztiok bat egin dugularik aipatu hausnarketarekin.

Bai aipatu ekarpena bai gainontzeko boluntarioek egin zituzten ekarpen zinez interesgarriak mintzagai izan ditugu larunbatean izandako azken saioan, aurreko egunean bisita egin ziguten boluntarioek utzitako bitxiein inguruan hausnartu ahal izan dugularik, baita formakuntza osoan zehar ikasitakoaren inguruan ere. Bukatzeko, kafea eta elkarrizketa partekatu ditugu saioan zehar egindako atseden tartean.

Ez nuke kronika hau amaitu nahi formakuntzan kide izan ditudan Mayi, Saioa, Hamza, Susana, Otman, Claudia, Cecilia eta Laiari, Sonia y Arantzari bezala, eskerrak eman gabe. Esperientzia hau oso aberasgarria izan da, eta ez dugu boluntariotzaren inguruko ezagutza areagotu soilik, boluntariotzaren inguruko kontzeptuak barneratzeko prozesu osoan oso eroso sentiarazi gaituen taldea lortzea ere lortu dugu. Plazer bat izan da ikastaro hau zuekin partekatzea, eskerrik asko!

Aiala Rodriguez