Emakume migratuen topaketa Bilbon - Kronika

12/11/2021

EMAKUME MIGRATUEN TOPAKETA. AHOTS DESBERDINAK, GURE ESKUBIDEAK DEFENDATZEKO OIHARTZUNAK...

Topaketa azaroaren 6an eta 7an egin zen, BILBOn, ELLACURIA FUNDAZIOAren egoitzan.

Zein asteburu betea; betea, zentzu guztietan. Nire adiskide Jazmin eta biok Bilbora joan ginen topaketa honetan parte hartzera. Iritsi ginen unetik, ikaskuntza bat izan zen; ezagutzen ez genuen hiri batean mugitzea.... Baina oso harrera ona izan genuen, batasun-giroa, aurkezpena, irribarre-trukea eta asko ikasteko atea irekiko ziguten emakumeak ezagutzeko aukera.

Esperientzia eta ikasketen trukaketa hau baliagarri zaigu ohartzeko zeinen ausartak garen, emateko dugun gaitasunaz jabetzeko eta jasotzeko eskubidea ere badugula aitortzeko.

Ondo antolatutako topaketa, intereseko gaiak jorratu zituena, partaideek bizi izandakoak - oro har, denok igarotzen gara antzeko egoeretatik -.

Atentzioa eman zidan zerbait egon zen: erdian kandela bat zuen mahai apaindu bat, haren gainean, gainera, platanoak, papayak eta beste fruta batzuk. Mahaiaren zergatiaz galdetu nuen; erantzuna: gurekin jada ez daudenak oroitzeko da. Asko gustatu zitzaidan.

Larunbateko jardunaldian, honako gaiak landu ziren: Atzerritarren Legea eta COVID-19a, Nazioarteko Babesa, Harrera Politikak (non erroldatzeaz eta beste puntu batzuez hitz egin zen lantalde batean parte hartu baikenuen).

Igandeko izenburua: BERDINTASUN BALDINTZETAN LAN EGITEA. Garatutako gaien artean: Etxeko lana eta zaintza-lana, eta beste enplegu batzuetarako sarbidea; lantaldearen parte-hartzea izan zelarik (zein labur geratu zitzaigun denbora...). Lan duin baten bila aritzen garenean agertzen zaizkigun oztopoez hitz egin zen, eta, azkenean, La Palmera de Débora taldean partekatuko ditugun ondorio batzuetara iritsi ginen.

Oso asteburu emankorra igaro genuen, emozioz betea. Espainiako bazter desberdinetan bizi diren emakumeak ezagutu genituen, herrialde ezberdinetakoak, erakunderen bateko kide direnak (SOS Arrazakeria, Torre de Babel, lan egindako orduak aitortzen ez zaizkien "interna" diharduten emakumeen alde ari den emakumeen kooperatiba bateko partaide bat, batzuk Sevillatik etorritakoak, beste batzuk Valentziatik... emakume afrikarrak ... eta abar).

Bilboko parte zaharrera joan ginen gauez, gure ostatu berean zeuden kide batzuekin, eta beste batean zeuden beste batzuekin. Oso esperientzia positiboa eta aberasgarria izan zen. Harremana gal ez dezagun teléfono zenbakiak elkartrukatu genituen.

"Lagun, ahizpa (deitzen ziguten bezala, beti irribarre batekin), ahots oihartzundun baten parte izatera gonbidatzen zaitut, entzun gaitzaten; bat eginda lortuko dugu", topaketan entzun nuen azken esaldia.

Eskerrik asko bizitzari bizia emateagatik! Besarkada bat.

Fanny Sánchez