Euskararen Eguna 2023 - Kronika

02/12/2023

1930 urteaz geroztik urtero bezala, aurten ere Euskararen Eguna ospatuko da abenduaren 3an. Egun hori aukeratu zen 1552ko abenduaren 3an hil zelako Frantzisko Xabierkoa. Jesusen Lagundiko 7 lehen kideetako bat izan zen (eta sortzaileetako bat) nafar santu ezagunak euskara zuen berezko hizkuntza eta, diotenez, azken urteak misioetan eman ondoren, Txinara iristear zela, hil aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzan egin zituen, euskaraz.

Egun horren inguruan, gure hizkuntza babestu eta indartzeko xedez, zenbait jarduera egin izan dira gure Herrian zehar. Aurten, besteak beste, Gaitu proiektuak proposatutakoaren berri izan ahal izan dute gaur, abenduak 2 ("egun handiaren" bezpera) Donostiako Boulevardera hurbildu direnek. Etxetik egin daitekeen zerbait ere baden arren, bertan jarri duten karpara gonbidatu dituzte horretan parte hartu nahi duten Elkarte guztiak. Eta guk BAI esan diogu gonbidapenari. OnDoaN Topaguneak ere Gaituren egitasmoarekin bat egin du. Zertan datza proiektu hau? Adimen artifizialari euskaraz hitz egiten irakatsi nahi zaio, makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, zenbait aplikaziok munduan hiztun asko dituzten hizkuntzetan egiten duten bezala, euskaraz ere trebatu daitezen.

Horretarako, gure ahotsa ere garrantzitsua da, ahots datu-base erraldoia behar baita, genero eta mota guztietakoak, aplikazio berriak sortzeko.

Beraz, grabazio-gela batean sartzera gonbidatu naute, ordenagailua eta mikrofonoa aurrean nituela, esaldi bat bestearen atzetik grabatu nitzan. Esperientzia bitxia izan da. Eguraldi traketsarekin bertara hurbiltzea baino zailtasun handiagorik eskatzen ez zuena, baina gustura utzi nauena, horri esker euskal hiztunok jaso dezakeguna handia izan baitaiteke (nik, aspaldidanik botatzen nuen faltan euskaraz jardun daitekeen Alexa edo Siri antzeko tramankuluak izatea, nahiz eta ez naizen bereziki horien zalea, baina are gutxiago hizkuntzarengatik aukera gutxiago izatearena), itzultzaile zein mota askotako aplikazioen bidez.

OnDoaNen kultura-aniztasunaren alde gaudenez erabat, eta, horrenbestez, bereziki zapalduak diren herriekiko (eta, batez ere, herritarrekiko) eta beren kulturekiko hurbil sentitzen garenez, nola ez genuen emango pauso txiki hau hemen jaio garenok seaskatik kulunkatu gaituen eta eskertza zein maitasuna adieraztea ahalbidetu digun hizkuntzaren alde!

Argazkia ere atera dugu bertan, gure ekarpentxoa jasoa gera dadin. Lastima, behar bezala orraztuta ez ateratzea; baina, aizu, dena ezin da, gaurkoan itxura ez, ahotsa zen zaindu beharrekoa!

Gora Euskara! Gora nire izenkide nafarra! Eta biba zuek!

Besarkada estu bat,

Xabi Ariznabarreta