FISC Bergaran - Kronika
Pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ondoren, larunbatean, maiatzeak 21, FISCek Bergarako Azoka Solidarioan parte hartu du, Mariaren Lagundia Ikastolarekin batera, zeinak egun horretan urteroko familien festa ospatu baitu.
Goizean goiz jaiki ondoren, luxuzko txoferrak, Espoloian esleituta genuen postua behar adina denborarekin atondu ahal izateko garaiz iristea ahalbidetu digu Maria Eugeniari eta niri. Arloan adituak ez izateko, esan dezakegu postua nahikoa txukun geratu zaigula, produktuen eskaintza zabalarekin, koloretsu, eta ibiltariak ez uxatzeko moduko precio solidarioekin.
FISC-ekin batera, esan bezala, Arantzazuk antolatutako Mariaren Lagundiaren postua, DBHko ikasleek egindako eskulan zoragarriak eta ikastolako baratzan landatutako landareak eskainiz.
Beste GGKE batzuen postuak ere izan dira; tartean: birziklatutako materialak, kamiseta solidarioak, migratzaileen erregulazioaren inguruko sinadura bilketa, jolas solidarioak... hori dena, danbor-hotsek eta eguraldi zoragarriak girotuta.
Zalantzarik gabe, puxikekin batera, Mariaren Lagundiko moja batek gantxiloz egindako hartzek izan dute arrakastarik handiena, ziztu bizian desagertu direlarik. Kontuan izan beharko da datorren urterako!
Solidaritatearen berotasuna arnastu da airean, atmosferakoa ere goraka joan den modura, Espoloiko platanondoaen hosto -oraindik- txikiak eguzkiari aurre egiteko ezgauza izan diren arte.
Jardunaldiaren onena, postua ikustera hurbildu diren ikastolako ikasleen bisita, FISC zer den eta solidaritatea iparraldetik hegoaldera eramateko zer lan egiten duen azaltzen utzi digutenak.
Elena Etxeberria