Gabonetako Ospakizuna - Kronika
Larunbat honetan, hilak 16, Ondoan topagunean Mariaren Lagundiko adiskideok elkartu gara Gabonetako ospakizuna egiteko.
Arantza Odriozolaren alokuzio pausatuan bizi ditugun egoera anitzek Jainkoaren misterioa ezagutzea zailtzen digutela helarazi zaigu, baina, oharkabean, gauaren isiltasunaren baitan Jainko haurra gureganatu da, eta seinale bat bidali digu. Jainkoa, haurtxo gisa, pertsona xumeengan dago, berak bezala pribilejiorik ez dutenengan. Bera ezagutzen dugunean izango da benetako Eguberria.
Mezua musika ederraz lagundua jaso dugu zuzenean, Borja Rubiñosek pianoaren laguntzaz, Xabi Ariznabarretak biolinaz eta Elena Andresek bere ahots gozoaz Gabonetako kantu ezagun eta atseginak gurekin elkarbanatu dituzte, amaieran elkarrekiko besarkada estu eta sentituetan bat egin gaituztenak.
Senitarteko giro atsegin eta beroan izan gara, oso gustura eta jarrera bihotzetikoaz. Gogoan izan ditugu gurekin egon ohi direnak, bereziki aurten joandako Mª Dolores Lasheras, María Ascensión Narvarte eta Mª Ángeles Lauzurica, pentsamenduaz guregana ekarri ditugunak.
Kriseilua eskuetan, argiaren bide solidarioa osatzeko, eta argi izateko asmo biziaz agurtu dugu elkar.
Arantza Etxeburua