GGKEen Azoka Solidarioa Bergaran - Kronika
Maiatzaren 13an, GGKEen urteroko hitzordua izan dugud Bergaran, eguraldi iragarpen eskasengatik Udaletxeko arkupeetan antolatu den Azoka Solidarioan.
FISCeko boluntarioak iritsi garenerako, Mariaren Lagundia Ikastolak bere postuaren aldamenean lekua gordea zigun. Haien salmentarekin FISCek Nicaraguan duen proiektuari laguntzeko ikasleek ilusio handiz egindako eskulanak ordena perfektuan antolatuta zeuzkaten.
Iragarpenek zioten bezala, euria izan dugu goizaren zati handi batean, baina horrek ez du festa zapuztu, Mariaren Lagundiari lotutako familia eta lagun askoren bisita izan baitugu, postuetako eskulanak eta artisau produktuak ikustera hurbildu direnak.
Txarangaren musikaren, puxiken eta artisau produktu eta eskulanen salmenten artean entretenituta, postua jasotzeko garaia gainera etorri zaigu, eta, beste behin ere, gipuzkoarren elkartasuna baieztatzeko aukera izan dugu, haien laguntzari esker Nicaraguako herriari gure ekarpentxoa egin ahal izango baitiogu.
Elena Etxeberria