Hitzaldia; Ohitura osasungarriak: geure burua zaintzen ikasten - Kronika

25/03/2023

Gaur arratsaldean, OnDoaN Topaguneko La Palmera de Débora emakumeen taldearen aholkularitza mediko-sanitarioaren arduradun boluntarioa den Eva Lasa doktoreak eman duen "Ohitura osasungarriak: geure burua zaintzen ikasten" hitzaldiarekin egin du topo 12 emakumez osatutako talde batek.

Elkartzen garen bakoitzean arnasten den familiarteko giro goxoan, tarteka, beharko genukeen bezala ez garela beti zaintzen eta barneratutako ohitura guztiak ez zirela osasungarriak onartzen zuten eta ahulgune amankomunak erakusten zituzten irribarre pikaro eta herabeakin elkarri begiratzera eraman gaituen gaiari heldu zaio.

Hitzaldian zehar, Eva, modu xume bezain argian, puntu bakoitza jorratzen joan da, gakoa izan daitekeen informazio teorikoa eta aholkuak eta gomendio garrantzitsuak emanez, hobeto zaintzeko eta gure bizi-kalitatea hobetzeko helburu errazak ezartzeko lagungarriak izango zaizkigunak.

Elikadura orekatua, ariketa fisikoa eta loarekin lotutako ohitura egokiak, bazter batera utziz kontsumo kaltegarriak (tabakoa, alkohola, drogak), berebizikoak izango dira gure osasuna zaindu eta fisikoki (arinago eta indartsuago) zein emozionalki (estres gutxiago, autoestimu handiagoa) hobeto eta zoriontsuago sentitzeko. Gainera, hobekuntza hori guk sentitu ez ezik, inguratzen gaituztenen artean ere ondorio positiboak eragingo ditugu.

Hau guztia horrela izanik, ahalegina egiteak merezi du, ez duzue uste?

Mila esker Evari eta zuek guztioi beste topaketa batengatik (honetan, aurpegi berriekin), elkarrizketa bakoitzean jartzen duzuen freskotasunagatik, horrenbeste jartzeagatik parte-hartze bakoitzean, eta irribare guztiengatik.

Besarkada bat eta hurrengora arte!

Sonia.