Ikasturte Bukaerako Irteera: Karrantza - Kronika

15/06/2025

Kurtso bukaera berriz ere iritsita, merezi duen itxiera emateko, txango polit bat egiteko prest hurreratu gara OnDoaNera, ohi bezala.

Gaurkoan ere Emilio arduratuko da bidaian eramango gaituen autobusa gidatzeaz. Azken kideak ailegatu bitartean, garajean babestu behar izan dugu, euritsu esnatu baita eguna.

Gaurkoan Bizkaia aldera joatea egokitu da; Cantabria ia ukitzen duen Karrantza eskualdera hain zuzen ere.

Pare bat ordu inguruko bidaiaren ostean, Ranero herrixkara iritsita (errebueltaren bat hartzeko lan handiak hartuta, hori bai), Pozalagua kobazuloak ikusteko prest.

Bailara osoko ikuspegi ederra eskaintzen duen behatokira joanda, bista ederrez gozatu dugu, nahiz eta gaurkoan lainoek ez diguten panorama bere osotasunean ikusten utzi. Bertan dagoen museo txikian atertu gara, kobazuloan sartzeko unea iritsi bitartean.

Goazen bada, ordua dugu-eta. Sartu orduko, lehen sorpresa: argirik gabe geratu dira, auskalo zergatik, eta kopeta-argiak eraman behar izan ditugu. Kobazuloei (eta iluntasunari oro har) maitasun handiegirik ez diotenak badira gure artean: Irazema animatzea lortu dugu; ez ordea Isabel. Gauza hauek gogoz kontra ere ezin daitezke egin, noski.

Zer esan hor ikusi dugunari buruz… Zoragarria dela! Bisita kopetako argitxo horiekin baino egin ez izanak are liluragarriago egin duela esango nuke. Hasi eta buka, denoi zinez ederra iruditu zaigula esango nuke. Ibilbidearen erdi aldera ailegatu garenean, taldeko argazkia ateratzen utzi digute, eta ez dugu hutsik egin, jakina.

Irakurrita genuen bezala, leize-zulo hau altxor bihurtzen duten estalaktita eszentriko bilduma ikusgarriaz gozatu ahal izan dugu, grabitateari muzin eginez, forma bitxiak hartzen dituzten estalaktitak. Oso bitxia izateaz gain, sabai ezin ederragoak sortu ditu hemen urak, milioika urteren buruan.

Irten aurretik, azken oparia: bat batean argia piztu da, eta ohiko bisita ere nolakoa den ezagutzeko aukera izan dugu, espazio zoragarri horren edertasuna azpimarratzen duen argiztapen bikainaz gozatuz.

Kanpoaldean, irria ezpainetan, agur-argazkia.

Berriz autobusean, handik ez oso urrun dagoen Karpin Aventura parkeraino hurreratu gara. Bertan, arrazoi ezberdinengatik jasotako animalia ugari ikusi ahal izan ditugu: batzuk abandonatuak izan direlako; beste batzuk, dituzten gaixotasunengatik nahiz tratu txarren edo debekatutako ehizaren ondorioetatik ozta-ozta ihes eginda, osatu ahal izateko.

Etxetik ekarritako otartekoa eta abarrak elkarrekin dastatu eta partekatzeko aukera izan dugu, tailerrak egiteko erabili ohi duten areto batean, giro jator askoan.

Azken mokadua sabeleratuta, norberak bere erritmora osatu dugu parke guztiari itzulia egiten dion ibilbidea. Tximu txikiak, beti bezain jostari; otso bakartia, jaguar koloretsua; hegan egiteko gairasuna galdu duten sai erraldoiak; hartz erraldoi ibiltaria; oreinen familiako belarjale kuadrillak; sugeak… eta abar luuuze bat. Erlojuari begiratuta, Emilio zain izango dugula gogoratu dugu, eta, mitologiari arreta berezia eskaintzen dion baso magikoa zeharkatuz, irteerara hurbildu gara. Bertan, bukazeko, taldeko beste argazki bat, nola bestela. Euriak hasieran uste genuena baino gehiago errespetatu gaitu. Eskerrak.

Itzulerako bidaia, lasai eta umoretsu. Ohitura onak galdu behar ez direnez, bingoa ere ez da falta izan. Mendiko makilak, motxilak eta kantinplorak banatu dira, irri eta txaloekin batera.

Udari atea irekitzeko modu hoberik ba ote?

Eskerrik asko guztioi eta 25-26 kurtsora arte. Besarkada bat.

Xabi Ariznabarreta