"Ireki Leihoa" Proiektua - Kronika

13/10/2021

Gaur arratsaldean, IREKI LEIHOA proiektuaren aurkezpena izan da OnDoaN Topagunean. Eta, joateko larri ibili banaiz ere, eginahalak egin ditut beranduegi ez iristeko, gidari izango duen (eta aurkezle izan den) Oihana ezagutzea eta, saioa iragartzeko, webgunean ikusi dudan kartel guztiz iradokitzailea ikustea nahikoa azenario izan baitira idazten ari den asto honentzat. Ahaleginak merezi izan du.

Uste baino jende gehiago ikusi dut areto nagusian bilduta, aulkiekin zirkulu bat osatuz. Oihanak eman ditu azalpenak, eta han geundenok galderak egin dizkiogu, eta entzundako horrek piztu dizkigun sentipenak partekatu ditugu. Esango nuke ilusioa dela denen artean nagusi atera dena, eta proiektu honetan lortuko denaren inguruko konfiantza.

Egitasmo artistiko-sozial baten aurrean gaude, OnDoaN Topagunea osatzen dugun giza-talde ezberdinen eta artisten arteko topaketak tarteko. Gertatzen zaiguna sorkuntzarekin integratzen saiatuko gara. Bitartekari gisa, laburmetraia sortzea da mahai gainean jarri den erronka.

Horretarako, istorio komun bat sortu beharko dugu, gutariko bakoitzak kontatu nahi duenetik abiatuta. Hau pentsatzea izan da, hain zuzen, Oihanak, azaroan egingo dugun aurreneko saiorako, jarri digun etxeko lana.

Ondoren etorriko dira, paper banaketa (aurrena denak ezagutuko ditugu: aktore, dantzari, zuzendari laguntzaile, muntatzaile, kameralari, musikari... izango gara), eta, jakina, edizioa, balizko banaketa... Abentura oso bat, alegia.

Han egon garen guztiontzat guztiz berria den zerbait da, zeinak sortzeko, komunikatzeko, hausnartzeko, eztabaida kritikoa sustatzeko, gure buruarekin bat egiteko... baliagarria izan nahi baitu. Eta, parte-hartzaileen jarrera ikusirik eta gidari izango dugun artista ezagututa, zalantzarik ez baliagarria izango dela.

Mila esker OnDoaN, aberasten jarraitzeko aukerak esku-eskura jartzeagatik; eta mila esker Oihana, zure altxorrak gurekin partekatzeagatik.

Azaroaren 19an ikusiko dugu elkar, arropa erosoa soinean eta ilusio itzela bihotzean. 

Xabi Ariznabarreta