Isilune Zirkulua - Kronika

16/03/2023

Isilune Zirkuluak, martxoak 16 dituen honetan, 19:30etan, Gipuzkoa Plazara deitu gaitu, beste behin ere, mundo bidezkoago baten nahi partekatuaren eta konpromezuaren aldeko lekukotza emateko. Ohikoa den bezala, hileroko hirugarren ostegun honetan, kausa justu ezberdinen alde konprometitutako aurpegi ezagun askok egin dugu bat zirkulua osatuz. Pertsona berriak ere hurbildu dira egoera bidegabeak pairatzen dituzten pertsonei buruz (sarri ikusezin bihurtuak) hitz egiten duen isiltasunaren ekimen honetara. Agurrek eta begirada gurutzatuek ematen ari garen pausoak onartzen laguntzen dute, eta mundu justuago baten aldeko aukeren aldeko itxaropena hauspotzen dute.

Oraingo honetan, martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu ostean, Zirkuluaren manifestuak emakume migratzaile askok pairatzen duten egoera salatu du. Testuak gogorarazi du migrazio-prozesua abiatzen duen pertsona orok egoera latzak bizitzen dituela, migrazioa bultzatu duten arraoietatik hasita: gerrak, hondamendi naturalak, bortizkeria, erregimen totalitarioak, pobrezia, eta abar. Baina, ohartarazi digu emakumearen kasuan horri guztiari familian nahiz gizartean pairatzen duen genero-indarkeria batu behar zaiola. Halaber, migrazio-zeharkaldia arriskutsuagoa gertatzen da, zeharkaldiaren erraztaileen edota bidaideen partetik jasan behar izaten duten sexu-indarkeriaren etengabeko mehatxuagatik. Honi gehitu behar zaio pertsonen salerosketako sareei salduak izatearen eta esplotazio-sexuala pairatzearen arriskua. Emakume migratzailea helmugara arrakastaz iristen denean ere, generoarekin lotutako baldintzek eragina izango dute bere bizitzan: ezkutuko ekonomiak ikusezin egiten dituen eta iritsi den gizarteak de facto onartzen dituen badaezpadako lan-baldintzak.

Zirkulua isilik osatu dugun tartean, parte-hartzaile gazteenetako bik horizta moreak banatu dizkigute, emakume migratzaileekiko elkartasun keinu bezala eta egoera hauek aldatzearen aldeko konpromezu gisa.

Isilune Zirkuluak genero-ezberdintasunaren bidegabekeriaren kontrako neurriek emakume migratzaileak eta haien egoera bereziki gogorra kontuan hartu behar dituztela kontzientzia hartzen lagundu digu. Zirkulua amaitzean, pankarta eta bozgoragailua jasotzeko garaia iritsi da, baita gaurko saioa bideratu dutenei eskerrak emateko eta elkarrizketarako eta topaketaren poza partekatzeko ere.

Jon Sagastagoitia