Kontu-Kontari Elena Etxeberria Elosegirekin

17/10/2021

Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna 2021 

Pobreziaren Desagerpenaren Nazioarteko Eguna NBEk aldarrikatu zuen 1992an, baina aurrenekoz 1987an ospatu zen, Parisen, 100.000 pertsona baino gehiago Trocadero Plazan bildu zirelarik Giza Eskubideen eta askatasunaren aldeko manifestazioa eginez, pobrezia, gosea, bortizkeria eta beldurraren biktimen ohorez.

Deialdia Joseph Wresinskik antolatua izan zen, Laugarren Mundua ATD Nazioarteko Mugimenduaren sortzailea; kanpaina hau antolatu eta Muturreko Pobrezia Gainditzeko Munduko Eguna bezala deitu zena ospatu nahi izan zuen.

Egun hartan, Trocadero Plazan, Giza Eskubideen printzipioak oroitzapenezko lauza batean idatzi ziren, zeina pobreziaren aurkako ekitaldien parte bezala irekia izan baitzen, eta mundu osoan zehar erreplikak egin baitira. Horietako bat, NBEak New Yorken duen egoitzan dago.

Pobreziaren desagerpena egun munduak duen erronka global handienetakoa da, batez ere Afrikan eta herrialde azpigaratuetan. Pobrezia ez da soilik auzi ekonomiko bat. Duintasunez bizi ahal izateko oinarrizko gaitasunen gabezia hartzen du bere baitan, hala nola edateko ura, elektrizitatea, saneamendu-sarea eta elikadura eskuratzeko ezintasuna.

Pobrezia, berez, giza eskubideen premiazko arazoa da, eta giza eskubideen urraketen kausa eta ondorioa da. Horregatik, pobrezia murriztea eta desagerraraztea gizarte guztien betebeharra da. 


Bazenekien...?

·  2015ean, 736 pertsona inguru bizi ziren eguneko 1,90 dolar baino gutxiagorekin.

· 2018an, mundu osoko langileen ehuneko zortzi bere familiekin bizi zen eguneko eta pertsona bakoitzeko 1,90 dolar baino gutxiagorekin.

·  Pobreziaren atalasearen azpitik bizi diren pertsona gehienak bi lurraldetan aukitzen dira: Hegoaldeko Asia eta Saharaz hegoaldeko Afrika.

· Pobrezia-tasa altuak, txikiak, ahulak eta gatazka armatuen eraginpean dauden herrialdeetan aurkitzen ditugu sarri.

· 2018an, munduko populazioaren ehuneko 55ak ez zuen eskudirutan gauzatzen den inolako gizarte-laguntza jasotzeko aukerarik. 

Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egun honetan Elena Etxeberria Elosegi aurkezteko zortea dut, Mariaren Lagundiko FISC Euskal Herria GGKEaren ordezkaria, OnDoaN Topaguneko kidea eta laguna.

Elenak 55 urte ditu. Zientzia Juridikoetan lizentziatua eta bankuko langilea duela 30 urtetik. Donostiako Mariaren Lagundiko ikasle ohi honek Konpainiari lotuta jarraitu du Ikasle Zaharren Elkartearen bidez, ondoren boluntario eta OnDoaN Topaguneko Batzarreko kide gisa, eta, duela bi urtetik, baita FISKeko ordezkari gisa ere.

Bere hurbiltasuna, prestutasuna, lan ona eta pobrezia eta bidegabekeria zein haien ondorioak jasaten dituztenekiko duen sentsibilitatea eta kezka nabarmendu nahi nituzke. Berarekin lan egiteko zortea dugun guztiontzat elkartasun eredu da. 

Elena Etxeberria Elosegi, Mariaren Lagundiko FISC Euskal Herria GGKEaren ordezkaria


Zuekin guztiokin partekatzen dut elkarrizketa aberasgarri hau:


1.- Zer da FISC? Noiz eta nola jaio zen GGKE hau? Zein helburekin?

FISC Mariaren Lagundiaren GGKEa da (Fundación Internacional Solidaridad Compañía de María). Garapeneko hezkuntzarekin eta lankidetzarekin konprometituta dago, eta lehentasuna ematen die giza eskubideei, genero-ekitateari eta pertsonek eta kolektiboek gizarte bidezkoagoa, parte-hartzaileagoa eta bakearen eta askatasunaren sustatzaileagoa eraikitzen laguntzeko dituzten gaitasunak indartzeari.

1995eko urtarrilean sortu zuen Mariaren Lagundiak, espiritualtasun kristau batetik abiatuta, elkartasunaren balioan oinarrituta, eta lau mendetan zehar kongregazioaren beraren oinarria izan da herrialde eta giza talde pobretuenen hezkuntza-garapena sostengatzeko.

Bere helburuak herritarrak, garapen bidean dauden herrialdeetan pobreziarekin lotuta bizi dituzten arazoekiko sentsibilizatzea, muturreko pobrezia bizi duten herrialde eta talde marjinalekin nazioarteko solidaritatea.

Jarduerak eta proiektuak finantzatzea eta gauzatzea, baldintza materialak, sanitarioak, hezkuntzakoak, kulturalak, kirolekoak, espiritualak eta ingurumenaren defentsari dagozkionak hobetzeko, ikerketa sustatzea eta garapen bidean dauden herrialdeetako boluntarioak bultzatzea, bertako biztanleen garapen orekatua eta integrala sustatzeko eta gizaki guztien arteko anaitasunerantz aurrera egiten laguntzeko. 

2.- Nola konprometitzen da FISC pobrezia desagerraraztearekin? Non daude jarrita gaur egun zuen esfortzuak?

Bi eremutan egiten du lan: Lankidetzan, herrialde pobretuen edo baztertutako gutxiengoen bizi-baldintzak hobetzea ahalbidetzen duten jarduerak eta proiektuak finantzatuz; Garapenerako Hezkuntzan, herritarrak pobreziaren arazoen inguruan sentsibilizatuz eta heziz, elkartasuna bultzatu ahal izateko.

Une honetan, herrialde hauetan ari da proiektuak gauzatzen:

Bolivia: Cochabamba hiriko auzo periferikoetako 70 haurri heziketa integrala emateko proiektua.

Tanzania: Ilala Dar es-Salaameko komunitatean eskola-konplexu baten eraikuntzan.

Haití: Bedouko jesuiten ikastetxe bateko elikagaien krisia arintzeko larrialdiko proiektua.

Nicaragua: Nueva Vida auzoko familien gaitasunak sustatu eta indartzeko proiektua.

Kongoko Errepublika Demokratikoa (Lubero): Tuadibishe institutuan azpiegitura hobetzeko, higieneari eta saneamenduari buruzko prestakuntza emateko, eta, Kalondo Osasun Zentroan, elikagaiekin lotutako osasunari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazioa lantzeko proiektu bat.

Colombia: El Bosque de Barranquilla auzoan haur eta nerabeen artean sexu-bortizkeriarik gabeko bizitza sustatu eta babesteko proiektua.

Argentina: gazteei lan merkatuan sartzea ahalbidetuko dien formakuntza proiektua.

3.- Zu Euskal Herriko ordezkaria zara. Zer lan burutzen da ordezkaritza honetan?

Gainontzeko ordezkaritzekin batera, Madrilen dagoen FISC Zentralarekin biltzen naiz. Bilera hauetan, kanpainei buruzko informazioa ematen digute, eta Mariaren Lalgundiaren ikastetxeetan sentsibilizazio lanak egiteko erabili ahal izango ditugun materialak banatzen (hemen, Irungo eta Bergarako ikastetxeak ditugu, eta, Donostian, Unibertsitate Egoitza eta OnDoaN Topagunea Zentroa).

Halaber, Gipuzkoako GGKEn Koordinakundeko bileretara joaten naiz.

Biltzen dudan informazio horrekin, eta intereseko gaien inguruan erakunde publikoetatik postaz bidaltzen dutenarekin, Mariaren Lagundiko zentroetan FISC gaietarako dauden arduradunei helarazten saiatzen naiz.

Euskadiko erakunde publikoren batek diruz babestutako proiektu bat dagoenean, proiektuan onartu diren bertakoentzako sentsibilizazio eta prestakuntza ekimenak babesten saiatzen gara.

Esandako guztiarekin batera, boluntariotza sustatze aldera, gure boluntarioei indarrean dauden kanpainei buruzko informazioa helarazten diegu, bai eta eskaintzen ditugun prestakuntza jardueren berri ematen ere. GGKE bat mantendu ahal izateko berebizikoa da boluntario-sarea, eta horregatik saiatzen gara haiek zaintzen eta animatzen. 

4.- FISC Euskadiko GGKEen Koordinakundea osatzen dutenetako bat da... Zein dira Koordinakundearen helburu/funtzio nagusiak?

Bai. Beste 80 erakunderekin parte hartzen dugu.

Bere helburuak hauek dira: sektorearen indartzea, lankidetzaren euskal politikaren defentsa, eta herritarren komunikazioa zein eraldaketa, kontzientzia kritikoa sortuz.

5.- 2005ean estatuko Koordinakundetik Pobreza Cero kanpaina jaio zen, eta harekin batera, Estatu osoan platarorma eta mugimendu ugari. Donostian, Zero Pobrezia plataforma sortu zen. Zertan datza plataforma hori? Zer ekarpen egiten du FISCek hor?

Mugimendu hau gizarte zibileko sektore guztiak pobreziaren eta desberdintasunaren aurka premiaz eta modu behin-betiko eta eraginkorrean inplikatzen saiatzen da. Urtero, urriaren 17 inguruan egiten diren jardueretan mobilizatu eta parte hartzen dute.

FISC, une honetan, mobilizazio horietakoren batean parte hartzen saiatzen da (Bizi Martxa...), baina ez du plataformaren antolakuntzan parte hartzen, ez delako bateragarria nire lan-ordutegiarekin, eta, horregatik, gehiago inplikatu daitekeen boluntarioren bat topatzea gustatuko litzaiguke.

6.- Plataforma sortu zenetik, nola/zertan antzeman da egindako lana?

Egiteke asko geratzen den arren, iruditzen zait Pobreza Zero bezalako plataformak gizarte zibila sentsibilizatzea lortzen ari direla, eta erakunde publikoek garapenerako lankidetzara zuzendutako aurrekontua handitzea. Herritarrak hasi dira 2012an Nazio Batuetan sinatu ziren Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) ezagutzen. Aurreneko helburua pobreziaren desagerpena da.

7.- Plataformatik topaketa batzuk antolatu dira, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta... Zertan dautza?

Ostiralean, hilak 15, kartelak jarriko dira Donostiako leku enblematikoetan, argazkiak aterako dira, eta plataforma osatzen dugun entitateen artean zabalduko dugu. Igandean, hilak 17, eguerdiko 12etan, bizikleta-martxa bat egingo da Haizearen Orrazitik Boulevarderaino. Eta asteartean, hilak 19, zineforuma: "Txatar-biltzailearen emaztea".

Aurtengo leloa: "Zure txertoak EZ nau babesten: pertsona guztien osasun-eskubidea."

8.- Beste errealitate batzuetara hurbiltzea sentsibilizatzeko eta prestatzeko modu bat da. FISC, nazioarteko boluntariotza programa den SALONGOren bitartez, muturreko pobrezia duten herrialdeetan bizipenak izatea errazten du, Zertan datza programa hau? Nork har dezake parte?

Hausnarketa prozesu baten ondoren, pobretutako herrialde batean, Lankidetza proiektuetan kolaboratuz gutxienez hilabeteko esperientzia izatea erabaki duten pertsona helduei zuzendutako programa da. 

Hausnarketa prozesu baten ondoren, pobretutako 

herrialde batean, Lankidetza proiektuetan kolaboratuz gutxienez hilabeteko esperientzia izatea erabaki duten pertsona helduei zuzendutako programa da. Izaera irekia duen pertsonei zuzenduta dago, errealitate sozial eta kultural ezberdinetara egokitzeko gaitasuna dutenei, bidegabekeriekin kritikoak direnei eta taldean lan egiteko zein beste boluntario batzuekin lan egin eta bizitzeko trebetasunak dituztenei. Boluntarioek SALONGO programaren arduradunen laguntza jasotzen dute, bai jatorrizko herrialdean, baita helmugakoan ere

9.- Zein da FISCek zuri egiten ari zaizun ekarpena? Zer ari da suposatzen esperientzia hau zuretzako?

Duela bi urte, Mariaren Lagunditik FISCek Euskal Herrian duen ordezkaritzarako ordezkari izango zen pertsona boluntario baten beharra azaldu zidaten. NIretzako, guztiz berria zen eginkizun hori, baina laguntzeko prest azaldu nintzen, eta, harrezkeroztik, ikasten ari naiz eta ahalik eta ondoen egiten dut.

Ezagutzen ez nuen sektore bati buruz ikasten ari naiz; kezkak dituen jendea ezagutzeko aukera izaten ari naiz, zeinekin gozamen hutsa baita lan egitea eta, batez ere, pertsona bezala aberasgarria suertatzen ari zait.

10- Zer mezu bidaliko zenieke gure irakurleei gaurko egunean?

Irakurleei esango nieke plataforma hauen ekimenetan parte hartzera animatzeko, denon artean mundu bidezkoago baterantzako eraldaketa lortu ahal izan dezagun. FISCen, prestakuntza jasotzeko eta boluntariotza egiteko gogoa eta motibazioa duen ororentzat ateak zabalik ditugu. 

Mila esker Elena! Eskerrik asko zure denboragatik, zure eguneroko lanarengatik eta, atal honen bitartez, pertsona guztientzako gizatasuna, justizia eta berdintasuna aldarrikatzen duen egun honetan batu eta ahotsa altxatu nahi izateagatik.


Elkarrizketaren egilea:

Maddi Arana Arzak


Oroimenerako...



ZURE TXERTOAK EZ NAU BABESTEN:

Osasun-eskubidea denentzat

Jada urtebete baino gehiago igaro da OMEk COVID-19aren krisia mundu mailako pandemiatzat jo zuenetik. Pandemia honek ez ditu ez mugak eta ez herrialdeak bereizten, baina bai desparekotasunak eta klase sozialak; izan ere, ez du eragin bera mundu osoan, ezta herrialde edo eskualde beraren barruan ere. Pobrezia eta desparekotasunak sortzen dituen faktore bat da, gehiago eragiten baitie

baliabide gutxien dutenei, eta emakumeei bereziki.

Pandemia honek agerian utzi ditu hainbat gabezia eta zaurgarritasun; ez dira berriak, baina orain nabariagoak dira, ordea. Aberatsen eta txiroen arteko arrakala areagotu egin da (herrialde pobretuetan, pandemia honi aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak munduko hiru gizon aberatsenen aberastasuna adinakoak dira), baina horrez gainera, desparekotasuna agerian geratu da COVID-19ari aurre egiteko neurriak eskuratzeko aukeran ere. Herrialde zaurgarrienetan, krisiari ezin izan zaio proportziozko erantzun egokia eman, zenbait gabezia direla-eta: osasun-baliabideen, giza baliabideen eta baliabide teknikoen gabeziak. Aberastutako herrialdeek ziurtatu dute etorkizunean ere izango dutela hornikuntza, baina bien bitartean gainerako herrialdeek ez dute horiek eskuratzeko ziurtasunik.

Hain zuzen ere, aberastutako herrialdeek, munduko biztanleriaren % 13 baino ez duten arren, blokeatu egin dute munduko txertoen hornikuntza potentzialaren erdia gutxienez.

OMEk ekimen bat sortu zuen, COVID-19aren aurkako teknologiarako sarbide mankomunatua deitua (C-TAP), horren bidez ezagutzak, jabetza intelektuala eta datuak borondatez partekatzeko; baina farmazia-industriak ukatu eta baztertu egin du ekimen hori. Horren ordez, enpresek ezkutuko lizentzia akordio murriztaileak sinatzen jarraitzen dute. Era berean, eta horren ondorioz, hainbat azterketak iragartzen dute txertaketa masiboa 2023. urtean iritsiko dela zenbait herrialdetara. Ildo horretatik, 2021eko ekainean People's Vaccine Alliance koalizioak aditzera eman zuenez, diru-sarrera txikiak dituzten herrialdeek urteak beharko dituzte beren biztanle guztiak txertatzeko, egungo erritmoarekin jarraituz gero. Gaur egun, Afrikako biztanleen % 2tik behera dago guztiz txertatuta; aldiz, EBn, esate baterako, biztanleen % 70etik gora dago txertatuta.

Zero Pobrezia Donostia Plataforman jabetzen gara desparekotasun horien arrazoiak faktore anitzekoak direla, eta hainbat gauza dituztela atzean: erabaki politikoak eta ekonomikoak, diseinatutako agendak mundu mailako osasun-beharretatik oso urrun egotea, eta osasun-politiketan aintzat hartu ez izana osasunean eragina duten hainbat faktore sozial erabakigarri. Hori horrela, honako hau aldarrikatzen dugu:

⚫ Jabetza intelektualeko eskubideek, patenteak barne, ez dezatela oztopatu COVID-19aren aurkako etorkizuneko edozein txerto edo tratamendu jasotzea edo eskura eduki ahal izatea. Era berean, legezko neurriak har daitezela, bidezko prezioan berma dadin medikamentu eta material sanitarioak (edo biosegurtasunekoak) eskuratu ahal izatea.

⚫ Osasun-eskubideaz modu eraginkorrean gozatzeko aukera unibertsala izan dadin inbertitu dadila, irtenbideak bilatuz zorraren krisian eta eskasia fiskaleko egoeran, denon artean atera ahal izan gaitezen krisi honetatik, eta horretara bultzatu gaituen garapen-ereduari buruz hausnartu ahal izan dezagun.

⚫ Ongizate kolektiboa defendatuko duten politika publikoen alde egin dadila, eta politika horiek biztanleen beharrei erantzuteko diseinatuta egon daitezela eta mugarik gabe metatzearen panazeatik urrundu daitezela.

⚫ Garapenerako lankidetzaren politika mundu mailako krisi honen irtenbidearen parte izan dadila.

Berriz ere, ikus dezakegu mundu hau interkonektatuta dagoela eta beharrezkoa dela, inoiz baino gehiago, lanean jardutea giza garapen jasangarriarekiko gizarte koherenteak eraikitzeko, berdintasunaren alde egiteko, eta giza eskubideak eta demokrazia defendatzeko eta sustatzeko; GGKEok urteak eta urteak daramatzagu oinarri horien gainean beste gizarte-eredu bat eraiki nahian.