
Kontu-Kontari Iosune Arrondorekin
Euskararen Nazioarteko Eguna 2025

Seguran, Goierriko bihotzean, euskera ez da hizkuntza soil bat: memoria da, baita eguneroko jarduera eta sustraia ere. Baina amets eta beldurrekin beste leku batzuetatik ehuntzeko prest dauden eskuen jabe diren emakumeak ere hartzen ditu Segurak. Gaurkoan Iosune Arrondo Areizagarekin hitz egin dugu, Kultura Teknikaria eta euskera arduradun teknikoa udaleku bizi honetan, euskara horren indartsua eta tradizioa hain hurbilekoa den lekuan emakume migratuen lan- eta giza-integrazioaren inguruko egiazko esperientziak, erronkak eta proposamen zehatzak ezagutzeko.
Elkarrizketa honen abiapuntuan, integrazioa egokitzapena ez ezik elkarrekikotasuna ere izan dadin dugun nahia dago; iristen direnak eta bertan gaudenok elkarrekin ikas dezagun, elkarrekin eraiki eta elkar aitortu dezagun. Hesiez hitz egingo da hemen, baina baita balizko zubiez ere, benetazko proiektuz, barrez, keinuez, ahotsez.
1. Iosune, zer da zuretzat Segura bezalako herri sakonki euskaldun batean integrazioa lantzea?
Niretzat esanahi handia du, askotan migratzaileek Udalaren bidez izaten baitute lehen harremana udalerriko egoiliarrekin. 27 urte daramatzat kultura eta turismo arloan lanean. Jende zoragarria ezagutu dut. Segura oso herri euskalduna da, euskararen erabilera kalean % 85 ingurukoa da. UEMArekin batera, 4 urtean behin euskararen plan bat jartzen dugu martxan, eta urtero estrategia eta helburu jakin batzuekin lan egiten dugu. Kultura aldetik oso ekitaldi garrantzitsuak eta finkatuak egiten dira Seguran, hala nola, Aste Santua, Iparra-Hegoa edo 1977tik egiten den Euskal Herriko dantza solteko txapelketa. Nire ustez, integrazioaren oinarria elkar ezagutzean eta lekuaren esentzia arlo posible guztietan erakustean dago.
2. Kulturan eta euskaran duzun eginkizunetik, nola ikusten dituzu etortzen eta elkarte berriko bizitzan integratzen emakume migratuak?
Ezin da orokortu, kasu bakoitza desberdina baita. Faktore askoren mende dago, hala nola migratzaileen egoera pertsonal, ekonomiko, kultural eta sozialaren mende. Baina herri txikiek badituzte zenbait abantaila, hala nola auzo-harreman estuagoak izateko aukera, segurtasun eta lasaitasun handiagoa, eta hurbiltasun horretatik abiatuta lan-aukerak.
3. Laneratzearen eta gizarteratzearen inguruan, zein dira antzematen dituzun oztopo larrienak hizkuntzaren aldetik emakume migratuentzat? Zer baliabide zehatz iruditzen zaizu direla lehentasunezkoak euskara ikasteak beren integrazioa erraztu dezan?
Seguran euskara da hizkuntza nagusia; beraz, gaztelaniarekin bakarrik geratzeak integrazioa asko muga dezake eta oztopoak sor ditzake. Nire ustez, euskararekiko jarrera positiboa eta proaktiboa izateak gizarteratzen laguntzen die emakumeei. Udaletik % 100ean subentzionatutako euskara ikastaroak eskaintzen ditugu integrazio honetako alderdi guztietan laguntzeko helburuarekin.
4. Ba al da ekimen kulturalik, tailer edo proiekturik emakume migratuen eta "bertako" biztanleen arteko topagune bihurtu denik? Nola sortu ziren gune hauek, zer formatu izan zuten eta zer ikaskuntza edo eraldaketa oroitzen duzu topaketa horien ondoren?
Emakume migratzaileentzako ikastaro berezi bat dago, gai asko jorratzen dituena eta, gainera, euskara eta gaztelania irakasten dituena. Berdintasun Sailak kudeatzen du eta emakumeak herrian integratzeko beharretik sortu zen, ikastaroagatik ez balitz parte hartuko ez luketen ekitaldietan part hartzen dute. Era berean, atzerritarrentzako euskara ikastaroak sustatzen ditugu eta euskal kulturarekin harremanetan jartzen hasten gara. Oro har, kultura- eta kirol-ikastaro asko antolatzen dira, eta herritarrekin batera parte hartzea eta nahastea da egokiena.
5. Segurako Udalak euskeraren sustapenerako udal-ordenantza bat du eta UEMAren parte da. Zein dira arau-marko horrek emakume migratuei eskaintzen dizkien abantaila zehatzak?
Segurako Udala 2013an sartu zen UEMAn, udalerri euskaldunetan bizi den egoera soziolinguistikoari eta sozioekonomikoari buruz hausnartzeko eta etorkizuneko estrategiak markatzeko taldean lan egiteko. Emakume migratuentzat abantaila handiena ekonomikoa da, kasu gehienetan ikastaroak % 100ean diruz laguntzen baitira. Gainera, jendeak beste herri batzuetara mugitu behar izan gabe ematen dira Seguran, eta bizi garen errealitate kulturalaz jabetu eta euskal kulturan integratzeko bidea irekitzen zaie.
6. Eta, modu osagarrian: zer zailtasun eragin diezazkieke emakume migratuei arau-testuinguru horrek (ordenantza + UEMAko parte izateak)?
Udalak euskaraz egiten dituen argitalpenak ez ulertzea da izan ditzaketen zailtasunik handienak. Hala ere, zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen dugu edozein gestiotan behar duten argibide edo laguntza emateko. Harreman gertukoak eta estuak sortzen dira gure artean askotan.
7. Udalerri txikietan ikusgarritasun sozialaren rolak eta tradizioak nabarmenagoak izaten dira. Ze nurritan uste duzu errazten dutela dinamika horiek beste leku batzuetatik etorritako emakumeak barne hartuak, entzunak, baliogarriak… senti daitezen?
Nire esperientziatik abiatuta, emakume migratzaileek ekitaldietara joateko eta antolatzen diren ekitaldietan parte hartzeko ahalegina egin behar dute, batzuetan herri osoarentzako deiak egiten dira eta garrantzitsua da bertaratzea. Egia da errazagoa dela bertako norbaitek laguntzen badie, batez ere hasieran, baina elkar ezagutarazteko eta harremanetan jartzeko oinarria da.
8. Esperientziatik abiatuta, zer proposamen zehatzek uste duzu izan dezaketela emakume migratuei lanerako ateak zabaltzeko ahalmena (administrazioa, arteak, kultura-zerbitzuak, turismoa, hezkuntza, eta abar)? Zer babes izango lirateke gako proposamen hauek gauzagarri izan daitezen?
Nire ustez, proposamenik onenak prestakuntza eskaintzea eta ekintzailetzari laguntzea izango lirateke, laneratzea egon dadin. Sare komunitarioak sustatzea ere garrantzitsua da, orain arte hitz egin duguna, bai eta esperientziak, informazioa eta baliabideak partekatzeko topaguneak sortzea ere, tokiko gizarte- eta kultura-ehuna indartzen joateko. Euskal Autonomia Erkidegoak emakume migratzaileen integrazioari heltzen dio bere politika publikoetan genero-ikuspegi transbertsal baten bidez, aurre egiten dioten diskriminazio anizkoitza aitortuz. Politika horiek "Herritartasunari, Immigrazioari eta Asiloari buruzko 2022-2025eko Kulturarteko VI. Planaren" eta Migraziorako EAEko Gizarte Itunaren bidez artikulatzen dira nagusiki.
9. Nola baloratzen duzu zaintzaileen eta mendeko pertsonen familien, seme-alaben, arteko harremana landa eremuan? Ba al dago testuinguru horretan kontziliazioa babesten duen espazio edo udal-programarik?
Gai hori gizarte-zerbitzuen sailak kudeatzen du, baina testuinguru horietan emakume migratzaileek egiten duten lana orokortuta dago. Uste dut arlo guztietan bezala dela, pertsona ona eta langilea izatea, denbora gutxian ezagutarazten da hori eta lanerako aukerak ematen dira. Seguran badira zaintzaile lanetan urte asko daramatenak eta gizarte honetan lan beharrezkoa eta zoragarria egiten dutenak. Herritar bat gehiago direnak aleagia.
10. Arlo sozialean -auzo, lagunak, elkarteak, Udala- zein da sare horiek emakume migratuen integrazioan duten eragina, eta zer egin dezakegu gune horiek abegikorragoak gerta daitezen?
Gizarte-eremuan eragina positiboa da. Udaletik hurbiltasuna, konfiantza eta aholkularitza eskaintzen ditugu batez ere. Hortik sortzen dira, sarritan, bizitzako arlo askotan konfiantzazko sare eta espazioak. Espazio abegikorragoak bultzatzeko, alde guztien borondatea behar da, eta kontzientziazioa, mundu guztia berdina eta beharrezkoa dela gizarte honetan. Emakume migratzaileak animatuko nituzke beren ekimenak proposatzera.
11. Emakume migratuek ibilbide ezberdinak dakartzate eta, batzuetan, kultura-talka bat eragiten duten esperientziak. Zurean oinarrituz, bertako herritarrekin egindako zer sentsibilizazio-estrategiek hobetu lezakete elkar-ulertzea, euskeraren erabileraren inguruko bizikidetza armoniatsua sustatze aldera?
Nire ustez, esperientziak partekatzea eta kultura-aniztasuna hurbiletik ezagutzea da oinarrizko estrategia. Artea eta gastronomia elkarrekin bizitzea eta elkar ezagutzea sustatzeko egin ditugun ekimenen adibide dira. Arteria proiektua dugu Goierrin esate baterako, arlo hauetan lan handia egiten ari dena. Ikusi nahi izan ezkero www.arteria.eus webgunea dute.
12. Hemendik hamar urtera begira: kultura- eta euskara-politikek biztanleria migratzailearen ikaskuntza sustatzen jarraitzen badute, nola irudikatzen duzu zure udalerria 2035ean?
Imajinatzen dut herri bat non euskaraz bizi daitekeen bere osotasunean. Euskara oinarri kulturalean dagoen eta jendeak inolako arazorik gabe errespetuz komunikatzeko aukera duen lekua izanez.
13. Euskararen Egunaren inguruan, zein da data horren esanahia eta zer egiteko izan lezake hizkuntza-aniztasuna ikusgarri egin eta emakume migratuen parte-hartzea sustatzeko?
Euskararen Eguna ospakizun eta aldarrikapen eguna da. Euskara mundu osoan ospatzeko, sustatzeko eta zabaltzeko balio du, Europako hizkuntzarik zaharrenatzat jotzen den hizkuntza horri balioa eman nahi dio. Egun horretan, hizkuntzarekiko eta, oro har, euskal kulturarekiko dugun maitasuna susta daiteke. Euskarak dakarren aberastasun kulturalaz eta euskara galduz gero dituen arriskuez jabetzeko balio beharko luke.
14. Iosune, zer esango zenieke irakurtzen gaituzten emakume migratuei euskara ikasi eta erabili dezaten motibatzeko?
Ongi etorriak direla eta leku batean intentsitatean bizi ahal izateko, haien erraietan, kulturan, hizkuntzan, tradizioetan eta, oro har, leku horretan bizitzeak dakarren guztian sartu behar dela. Niretzat, kontzientzia hartze hori abantaila handia da, eta kulturarteko zubiak irekitzen laguntzen du.
15. Gipuzkoko euskararen erabilpenaren inguruan. Zure esperientzia eta ikuspegi teknikotik abiatuta, nola deskribatuko zenuke Gipuzkoako lurraldean gaur egungo errealitatea? Alde nabarmenak antzematen al dituzu zonalde ezberdinen artean (hiria/landa, Goierri vs. Donostia, …), eta zer irakaspen dakartza Segurak eskualdeko errealitate horretatik?
Euskararen erabilera nabarmen aldatzen da herrien edo hirien arabera. Herri txikiak euskararen birikak dira, UEMAk "arnasgune" bezala izendatzen ditu, leku bateko nagusia euskara denean, leku hori euskaldunentzako arnasa dela esaten da. Gipuzkoako 40 bat udalerritan euskaldunen ehunekoa %80tik gorakoa da. Unibertsitateetara joaten diren gazteak, adibidez, unibertsitateen erabilera sustatzen dutenak dira; horregatik, oso garrantzitsua da euskara herri txikienetatik handienetara eramatearen garrantziaz jabetzea. Datuak kezkagarriak dira, erabilera nabarmen jaisten ari baita. Iñaki Iurrebaso soziologoaren lanak euskararen demolinguistika du ardatz, egungo egoerari buruzko ikuspegi kritikoa eskainiz. Ondorioztatu duenez, "heriotzatik askoz gertuago dago erabateko osasunetik baino", erabilera sozialean dauden arazo kritikoen ondorioz, hizkuntza-gaitasunean aurrerapenak egin diren arren. Horregatik guztiagatik, uste dut gutako bakoitzak ahal duen guztia egin behar duela bere erabilera sustatzeko eta duen edertasuna ezagutarazteko.
Iosune, eskerrik asko zure laguntza eta denboragatik, entzuteagatik eta partekatutako ideiengatik.

Martha Ortega eta Iosune Arrondo
Iosunerekin izandako elkarrizketa honen itxieran, lagunduta sentitzen gara, partekatutako esperientzia bakoitzak, bihotzetik egindako galdera bakoitzak lehen ezkutuan zeuden bideak irekitzen baititu. Elkarrizketa hau izan bedi integrazio-, aitortza-, begirada berrien-, itxaropen-hazi.
Irakurtzen gaituzten emaku migratu guztiak… ez ezazue sekula ahaztu zuen hizkuntzak, zuen ezagutzek, zuen historiak… balioa dutela, hemen eta orain. Segura eta bera bezalako beste udalerriak abegi biziko leku izan daitezke, sareak ehundu eta euskararen erabileran laguntzen badugu.
Elkarrizketatzailea:
Martha Ortega Navarro
