Kontu-Kontari Yuliia Opanasiukekin

26/04/2024

Txernobylgo Hondamendia Gogoratzeko Eguna 2024

Gaur, apirilak 26, Txernobylgo Hondamendia Gogoratzeko Eguna ospatzen da, NBEk 2016ko abenduaren 19ko 71/125 Ebazpenean dekretatutako data.

Efemeride honen helburua gizateriak azken hamarkadetan bizi izan duen hondamendi nuklear handienetako bat oroitzea da, Pripyaten (Ukraina) gertatua, erradiazio nuklearraren ondorioz hildako eta zauritu kopuru oso altua utzi zuena. 

Istripua 1986ko apirilaren 26an gertatu zen, Txernobyl instalazio nuklearrean, espaziora 200 tona material erradioaktibo askatu eta hainbat eremutara zabaldu zuen leherketa handi baten ondorioz, zoritxarrez, historiako ingurumen-hondamendi larrienetako sortuz.

Giza akats baten ondorioa izan zen, mundu mailan tragedia oso bat eragin zuena. Herrialde askok jasan zuten eragina, hala nola Poloniak, Bielorrusiak, Txekoslovakiak eta Ukrainak. Hodei handia Europan zehar hedatu zen.

Jende asko hil zen, eta ia 8.500 milioi kaltetu izan ziren erradiazio maila altuen ondorioz; izan ere, biztanleei ez zieten garaiz deitu handik urrun zitezen.

Hogeita hamar urte baino gehiago igaro dira, eta gaur egun Prípyat hiria hiri fantasmatzat hartzen da, landaredia eta zuhaitz handiak berriro azaleratu eta naturak lurralde horren zati bat berreskuratu zuen lekuan, osorik haren menpe; hala ere, oraindik, izaki bizidunek bertan iraun dezaten eragozten duten erradioaktibitate maila altuak daude.

Gaur egun, hilerrira eta Txernobylgo Tourra egitera hurbiltzen diren bisitariak baino ezin dira joan, langile gaitu baten zaintzapean. Eremu horretan, zentral nuklearrak martxan jarraitzen du, eta segurtasun erradiologikoa zaintzeaz arduratzen diren langileek jarduten dute bertan.

OnDoaN Topagunetik, bat egin nahi izan dugu oroimenezko egun honekin, eta gune honetatik presente egin nahi dugu hondamendi izugarri honen ondorioak pairatzen jarraitzen duen eta sufrimendu lazgarria eragiten jarraitzen duen gerra bizi duen ukrainar herria.



Yuliia aurkezten dizuet. 20 urte ditu, Turismo ikasten du (laster graduatuko da!) eta Zaran egiten du lan, moda-enpresa ezagunean.

Ukrainan jaio zen arren, abentura eta aukera berrien bila, Espainiara joatea erabaki zuen. Egun, Donostian bizi da, 6 urte besterik ez zituela ezagutu zuen hirian.  

Zorte handia da niretzat lagun on hau gertu izatea eta bere bizipenak eskuzabaltasunez partekatzen dizkigun elkarrizketa hau egin ahal izatea. Ziur nago zuen gustukoa izango dela!

Yuliia Opanasiuk


Yuliia, gaurkoan Txernobyl zentral nuklearrean, Ukrainako Pripyat hirian, 1986an, gertatu zen hondamendi nuklearra oroitzeko elkartu gara, eta, bide batez, baita duela bi urtetik gure herrialdeak bizi duen gerra egoera presente egiteko ere.

1. 86ko apirilaren 26 hartan oraindik jaio gabe zeunden, baina ziurrenik guraso zein aiton-amonei entzungo zenien egun horri buruz hitz egiten, are kontuan izanda inguru horretakoak direla, nola bizi izan zuen zure familiak hain gertaera suntsigarria?

Ezbehar nuklearra gertatu zenean, nire familia Txernobyldik nahikoa urrun bizi zen, beraz, inguru hartan bizi zirenei baino gutxiago eragin zien zoritxarrak. Baina, nire senitartekoek diotenez, hondamenditik hurbil bizi zirenak beste hiri eta herri batzuetara ebakuatuak izan ziren. Hala ere, pertsona kopuru txiki batek hirian bertan bizitzen dirau: jaioterria uzteari uko egin ziotenak.

2. Zer eragin izan du hondamendiak zure eta zure familiaren osasun eta ongizatean? Horren eraginpeko pertsonarik ezagutu al duzu?

Egia esan ez dut zuzenean zorigaitzak eragindako pertsonarik. Alabaina, erradiazio-hodeiak distantzia urrunetaraino zabaldu zirenez, eskualdean edo Ukrainan ez ezik, Europako hainbat herrialdeetako osasun publikoan talka eragin zuen.

3. Zer babes jaso zuten biztanleek ondorioei aurre egiteko?

Txernobilgo ezbeharraren ondoren, biztanleriak hainbat babes mota jaso zituen istripuaren ondorioak gainditu ahal izateko. Erradiazioaren eragin handiko zonaldeetako pertsonak ebakuatu eta birkokatu zituzten, besteak beste, segurtasun handiagoko lekuetara eraman zituztelarik. Esposizioa gutxitzeko egin zen hau. Erradiazioen ondoriozko gaitz eta gaixotasuak (hala nola minbizia, tiroidearekin eta bihotzarekin lotutako gaixotasunak) artatzeko arreta medikua eskaini zen, baita laguntza finantzieroa eskaini ere. Horrek barne hartzen zituen pentsioak, sorospen medikoak, etxebizitza eta beste onura batzuk.

4. Zu Ukrainatik Euskadira udako hilabeteak igarotzera bidaiatu duzun neska-mutil ugarietako bat izan zinen. Kontatuko al zeniguke zertan zetzan harrera-programa eta nolakoa izan zen zure esperientzia?

Ukraina eta Euskadiren arteko harrera-programari esker, Ukrainako haurrek Euskadira bidaiatzen dute udako hilabeteetan, familia anfitrioiekin denbora pasatzeko, ingurune seguru eta abegikor batean. Jakina, guztiak ez ziren programa honetarako aukeratuak izan; aukera hau gehien behar zutenei bakarrik eskaintzen zitzaien.

Nire kasuan, 5 urte nituela, aita hil egin zitzaidan. Nire amak ahalegin handia egin behar izan zuen gu "zutik jartzeko", bakarrik geratu baitzen. Goizetik gauera lan egin behar nuen, eta anaia eta biok berehala bihurtu ginen independiente.

Ama ahal zuen guztia egiten saiatu zen guri etorkizun on bat ziurtatzeko, bizirauteaz edo hurrengo hilabeteak nola igaro zertan kezkatuta bizi ez gintezen. Gainera, Bucha hirian jaio nintzen, Txernobyldik 113 kilometrora.

CHERNOBIL elkarteak lanean dihardu hondamendi nuklearrak kaltetutako zonaldeko haurrei laguntzeko, ez baitute aukerarik "eremu erradioaktibotik" irteteko, urtean behin bada ere, energiak kargatzeko, suspertzeko, behar izanez gero arreta medikoa jasotzeko, besteak beste. 

Horrela onartu ninduten programa honetan.  

Oso esperientzia positiboa izan da. Programa honek nire bizitzaren ikuspegia aldatu zuen. Oso eskertuta nago harrera-familiari, denbora honetan guztian eskaini zidaten zaintzagatik. Aukeren mundu berri bat ireki zidaten. Betirako eskertuta egongo naiz horregatik.

5. Txernobyl inguruan sartu ziren tropa errusiarrek Ukraina inbaditu ondoren, esan zeniezaiguke: nola eragin dien gerrak inguru horri eta bertan bizi diren pertsonei? Gatazka armatuaren ondorioz, eraginik izan al duten Txernobylgo erradiazioa babesteko eta prebenitzeko neurriek?

Errusiako tropek Ukraina inbaditu izanak eta jarraitu duen gatazka armatuak eragin nabarmena izan dute Txernobyl inguruan eta bertan bizi diren pertsonengan. Txernobylgo zentral nuklearra okupatzaile errusiarrek otsailaren 24ko bigarren zatian hartu zuten. Ordutik, estazioko langileek ia txandarik gabe lan egin zuten, eta okupatzaileek langileak bahitu gisa izan zituzten. Txernobylgo Parke Nazionaleko lurraldean eta, oro har, bazterketa-eremuan ekintza militar aktiborik egon ez zen arren, errusiarrak, lubakiak zulatuz eta bertan hainbat astez biziz, "nabarmendu" ziren, elementu erradioaktiboak arnastuz eta azalean metatuz, horrela aireko erradiazioa handituz.

6. Nola bizi izan zenuen inbasioaren hasiera? Zerk eraman zintuen Ukrainatik irteteko erabakia hartzera? Familiarekin ala bakarrik egin zenuen?

Beno, 2022ko otsailaren 24ean, goizeko seiak aldera, izebak deitu eta gerra hasi zela esan zigun. Gogoan dut telebista ez zebilela, beraz, irrati zahar bat erabili genuen xehetasunen berri izateko. Tentsio une hartan, maletak egin eta nahitaezko gauzekin eta beharrezkoak diren dokumentuekin maletak egiteko presa genuen. Garraio publikoa ez zebilenez eta autorik ez genuenez, etxean geratzea erabaki genuen. eta beharrezkoak diren dokumentuekin maletak egiteko presa genuen. Okupatzaileek helburu militarrak zeuden ia hiri eta herri guztietara jaurti zituzten misilak. Leihotik, helikopteroak Gostomel hirirantz hegan ikus zitezkeen, "Antonov" aerodromoa hartu nahi baitzuten. Elektrizitatea eta ur hornidura hainbat egunez martxan egon ziren, baina gero moztu egin ziren. Eraikinaren beheko solairutik atera behar izan genuen ura.

Etxe barruan hotz handia egiten zuela oroitzen dut, berokien gainean eserita egoten baikinen; 6 gradu inguru egingo zituen. Goizero, esnatu bezain pronto, ikus genitzakeen bai gure hiria bai ondokoak sutan, leherketen ondorioz. Otsailaren 28ra arte, dena ondo zihoan, gutxi gorabehera, nolabait esatearren, baina ondoren gauza zailago jarri zen.

Ordura arte, jendea kalera atera zitekeen, 10:00-17:00 bitarteko etxeratze-agindua errespetatuz. Supermerkatura joaten ginen, janaria erosten genuen, establezimendu batzuek elikagaiak oparitu ere egiten zituzten.

Behin, 28an, nire laguna, nire neba eta hirurok, supermerkatuetako batera joan ginen. 

Egoera kontuan hartuta, etxetik nahiko urrun zegoen, 20ren bat minutura oinez eta, gainera, errepide nagusitik hurbil. Iritsitakoan, ezezagun batek esan zigun, militarren presentzia zela eta, ez zutela supermerkatuan sartzen uzten. 

Une horretan, gure indar armatuak zirela pentsatu nuen, baina ondoren, egoera aztertuz, okupatzaileak zirela ohartu nintzen. Etzera itzultzeko garaian, ez genuen susmorik espero gabeko zerbait gerta zitekeenaren inguruan. Baina, jiratu ginenean, militar batzuk, "korri egin" oihukatzen zuten bitartean jazartzen gintuztela konturatu ginen, eta etxerantz lasterka alde egin genuen.

Egun horretarik aurrera, inor ez zen berriro kalera atera. Patiora irten besterik ez genuen egiten, janaria prestatu eta ura berotzeko. Okupatzaileek gure indar militarren kokapen zehatzari buruzko informaziorik ez zeukatenez, norabide ezberdinetatik erasotu gintuzten. Hau erruletan jokatzearen antzekoa zen, non batek gaur zortez zuen eta besteak ez.

Ez genuen benetako bunkerrik, sotoak baizik etxearen behealdean; hara bizpahiru aldiz baino ez ginen jaitsi. Hotz handia egiten zuen eta hezetasun handia zegoen. Hara jaitsi ginen azken aldian, hiru bat ordu eman genituen, eta hainbeste izoztu nintzen, non hankak ere ez bainituen sentitzen. Amari esan nion ez nintzela hara berriz jaitsiko, edozer gertatuta ere. Oso erradikala izan daiteke, baina heriotza azkar bat heriotza geldo bat baino lehen aukeratuko nuke. Eraikina eroriko balitz, inork ezingo zintuen sototik atera, batez ere okupatzaileek kontrolatzen zuten eremuan. Lurra dardarka zegoen leherketetan, baina lasai egoten saiatzen ginen, beste aukerarik ez zegoelako.

Ebakuazioaren aurreko azken egunetan, ez genuen leihotik begiratu ere egiten, buruan tiro bat jasotzeko arriskua zegoelako. Bigarren edo hirugarren ebakuazioarekin joan ginen. Beldurra ere ematen zuen. Hilda edo bizirik atera zintezkeen. Nora eramaten gintuzten ere ez genekien, informazio hori autobusera igo ginenean aurkitu genuen. Autobuseko leihotik, izugarrikeriaren irudi osoa ikusten genuen: eraitsitako eraikinak, tirokatutako autoak... Nolanahi ere, irtetea lortu genuen.

Errusiako okupazio indarrek martxoaren amaieran Buchatik alde egin ondoren, hiriaren okupazioan errusiarrek egindako ankerkeria ugarien frogak agertu ziren. Sotoan, hildako gizon, emakume eta haurren gorpu mutilatuak aurkitu zituzten. Gorpuen azterketak tortura zantzuak erakutsi zituen, moztutako belarriak eta ateratako hortzak, esaterako. Hildako beste zibil batzuen gorpuak errepidean utzi zituzten. Hiltzeko metodo nagusia garondoan tiro egitea zen. Horrela hil zen nire anaiaren aitabitxia, semearekin janari bila bizikletan zihoala. Buruan eta bihotzean egin zioten tiro, baina semeak zorte handiagoa izan zuen, balak txanoa zeharkatu zion eta bizirik atera baitzen. Kale nagusiak hildako zibilez zipriztinduta zeuden. Gorpuak osorik zeuden, eta horrek adierazten zuen jendea tiroz hil zela, ez lehergailuen ondorioz.

7. Zer dela ta erabaki zenuen Espainiara etortea eta ez hurbilagoko beste herrialde batera? Nolakoa izen zen harrera?

Txikitatik etortzen naizelako hona. Ezagutzen nituen kultura, ohiturak eta hizkuntza. Portzierto, bakarrik etorri nintzen, nire familia guztia Ukrainan dago. Harrera oso ona izan zen, batez ere koronabirusa zela eta hiru urte neramatzalako etorri gabe.

8. Nolakoa ari da izaten zuretzako Donostian daramazun denbora hau? Zer zailtasunekin egin duzu topo? Nolakoa da zure egunerokoa?

Beno, Donostia hazi eta hobetzeko aukera asko eskaintzen dituen hiri bikaina da. Lan egiteko aukera dut. Gimnasiora ere joaten naiz, ikasten ari naiz… Hemen bizi egiten zara, ez biziraun. Aurre egin behar izan diedan erronken artean etxebizitzaren kostua dago, oso altua baita hain hiri erakargarria izateak dakarren eskari ugariaren ondorioz. Gainera, gaztelera hitz egiten dudan arren, oraindik ulertzen ez ditudan gauza asko daude eta hizkuntzarekin lotutako zailtasunei egin behar diet aurre.

Nire familia eta etxea faltan botatzen ditut, nahiz eta itzultzeko planik ez dudan, niretzako han etorkizunik ez baitut ikusten.

9. Gerra hasi zenetik bi urte igaro dira, nola deskribatuko zenituzke herrialdeak gerra aurretik bizi zuen egoera eta gaur egungoa?

Ukrainako gerra baino lehen, zenbait arazo antzematen ziren, baina herrialdea garapenean zegoen eta egonkortasunerako eta oparotasunerako bidea bilatzen ari zen. Baina, Errusiako gerrak dena aldatu zuen bat-batean. Gatazkak ukrainar gizartearentzat nola, ekonomia eta politikarentzat ere sakonak eta konplexuak diren erronkak eragin ditu. Lehenbizi, gerrak giza tragedia eragin du. Milaka pertsonek bizia galdu dute, eta beste asko zaurituak izan dira edo beren etxebizitzak galdu dituzte. Ekintza militarrek kalte esanguratsuak eragin dituzte, azpiegituren suntsiketa barne. Ekonomikoki, gerrak ukrainiar askoren bizi baldintzen tupusteko galera eragin du. Ekoizpenaren gutxitzea, ezegonkortasun ekonomikoa eta langabezia herrialdearentzat arazo larri bilakatu dira. Enpresa askok itxi egin behar izan dute galerengatik edo merkataritza-murrizketak direla eta

10. Nola ikusten duzu etorkizuna? Zein dira zure ametsak? Non irudikatzen duzu zure burua, hemen, han…?

Nire etorkizuna Donostian ikusten dut. Hiri honek aukera ugari eskaintzen ditu hazkunde eta garapen pertsonalerako. Nire ametsen artean nire karrera jarraitzea dago, baita ikasketak amaitzea eta hezkuntza erakunderen batean hemen matrikulatzea ere. Hemen irudikatzen dut nire burua. Hala ere, nire ametsetatik ere ez dut baztertzen bidaiatzea eta leku berriak ezagutzea, beraz, etorkizunean beste norabait joateari ere ez diot aterik ixten. Baina, oraingoz, nire ikuspegian bizitza hemen eraikitzea eta Donostia nire etxe bihurtzea da. 

Yuliia, zuretzako esker on hitzak baino ez ditut. Eskerrik asko zure -eta milioika aberkideen- istorioa gurekin partekatzeagati. Mila esker!

Elkarrizketatzailea:

Yevheniia Kulias

Kontu-Kontari atalaren arduraduna