Kronika - Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Martxa
Gaur, martxoak 21, urtero bezala, Nazio Batuen Asanblada Orokorrak izendatutako Arraza-bereizkeria Ezabatzearen Nazioarteko Eguna ospatu da. Jardunaldi honek 1960an Sharpeville hirian (Hegoafrika) gertatu zen tragedia oroitzen du, non apartheitaren aurkako protesta baketsuak erantzun bortitza jaso baitzuen, dozenaka hildako eragin zituena, eta gaitz sozial horren desagerpenaren aldeko konpromezu kolektibora gonbidatzen gaitu.
Aurpegian begiak dituen orok - eta mekanika hutsetik haratago taupaka duen bihotzaren jabe denak - badaki, tamalez, bazterkeria eta eraso ekintzak ez direla desagertu, batez ere migratzaileen aurka egindakoak, eguneroko prekarietateaz gain, kanporatuak izatearen beldura pairatzen dutelarik. Eta pandemiak guzti hau ez du okertu baino egin.
Gaur, arrazakeriak forma anitzak hartzen ditu herrialde ezberdinetan, baina denek dituzte amankomunean aurreiritziak, diskriminazioa eta norberaren kultura eta baloreak ez direnen bazterkeria. Eta, sarri, eskubideen ukazioan, xaxatzean eta biolentzian gauzatzen da.
Gaur, horrenbestez, ezin genuen aldarrikapen ekitaldi horretan hutsik egin. Horrela, 11:30etan, OnDoaN Topagunetik eta senide ditugun beste erakunde batzuetatik (Fisc Euskal Herria) hurbildu garen taldeaz gain, pertsona kopuru handia elkartu gara Trintxerpen, 4 kilometro egin ondoren Boulevarderaino oinez joateko, emakume, gizon zein umez osatutako kolore guztietako (nola bestela) ilara erraldoia osatuz.
Harmonia nagusi izan da, eguraldi
apartarekin batera, eta helmugara itxaropenak
argitutako irria ahoan genuela iritsi gara; geroz eta jende gehiagoren
borrokari esker, poliki-poliki, mundu hobe bat eraikiko dugun itxaropenarekin,
mundu bat non denok arraza bakarreko anai-arreba sentituko baikara: giza
arraza.
Xabi Ariznabarreta