Kronika - Harrera Familien I Topaketa - Red Mambré Sarea

19/06/2021

Ekainaren 19an Mariaren Lagundiak Bergaran duen ikastolan elkartzeko proposamena/gonbidapena luzatu zitzaigun Red Mambre Sareatik, modu batera edo bestera hura osatzen dugun guztioi.

Eguraldi iragarpenek ez zuten baikortasunerako betarik ematen, baina barru-barruan genekarrenak eguraldia kutxatu izan balu bezala, iragarpen ilunak iraulita, eguzkiak eta giro ezinederragoak ere, gonbitea onartu eta gurekin eman zuten eguna, zorionez.

Lehenago ere, gure inguruan, pertsona migratzaileek eta errefuxiatuek gurean duten egoerari egitura nahiz goxotasuna emateko eta gizartean txertatzeko, harrera familien esperientzietan murgilduta zeuden zenbait mugimendu/erakunde bazeuden ere, duela gutxi Red Mambre Sarean batu dira. Eta aipatuta geratu diren bere helburu nagusiei oihartzuna emateko eta berau ezagutarazteko asmoz, bideo bat egin eta zabaltzea zen eguneko helburu nagusietako bat. Bestea: Red Mambre Sareako kideen arteko aurreneko topaketa orokorra egitea, elkar ezagutzeko, esperientziak trukatzeko, kide izatearen sentimendua indartzeko...

Goizeko 10etan geratuta geunden, eta, hala, goiztiarrenak lehenxeago, beste batzuk beranduxeago, etortzea baieztatu genuen guztiok elkar agurtu genuen ikastolako patioan. Tuterako Lasa Zentrutik etorritakoak, Bilbao eta Durangotik etorritako Ellakuria Fundazioko ordezkariak, Loiola Zentrukoak Iruñeatik, eta Loiola Etxea nahiz OnDoaN Topagunekoak, Donostiatik. Batzuek elkar ezagutzen zuten lehendik; gehienoi, ordea, han agertu zitzaigun bat-batean aurpegi sorta oparo berria, nortasun, pentsaera, bizipen... berriak, eguna amaitzerako gureak aberatsago egingo zituztenak.

Perretxikoaren dinamika baliatuz, izenak ikasi genituen aurrena, ez hankasartze barregarri eta algara ozenik gabe. Ondoren, bi taldetan banatuta, nor bere bizipen eta sentimenduetan sakontzen joan ginen, eta besteekin partekatzen. Eta, hala, kuriositateak, errespetuak eta, tarteka, miresmenak ere, ahalbidetzen zuen giro guztiz atsegina tarteko, harrera eredu erabat ezberdinak ezagutzeko aukera izan genuen. Aldi berean, familiotara iristen azkenak izan direnen ikuspuntutik esperientzia honen indarguneak, batetik, eta hobetu daitezkeenak, bestetik, aztertu genituen. Azkenik, talde batean zein bestean jasotakoak, denon artean osatu genuen "borobil" handian, amankomunean jarri genituen eta hausnarketa partekatu.

Hori guztia gertatzen ari zen bitartean, aipatu bideoaren grabaketa burutzen ari zen. Horretarako, bertan geundenetako batzuk, esperientzia horren inguruko bizipenak, ametsak, beldurrak, onurak, gogoetak... aletzen joan ginen kameraren aurrean.

Egindako lanaren ondoren (eta, jardueren arteko tarteetan jokatutako futbol partiden ondoren ere bai) goseak amorratzen geunden. Eta, horrela, intxaurrondo erraldoiaren gerizpean (beno, batzuk ez zuten haren itzalaz gozatzeko aukerarik izan, edo beltzaran jartzeko baliatu nahi izan zuten, batek daki), bildutako 25ok bazkari goxo-goxoaz eta tertuliaz gozatzeko parada izan genuen.

Pauliren urtebetetze eguna zenez, "zorionak" abestu genion, hark kandelak itzali, eta denok tarta jan. Zer gazte dagoen! Oraindik ere bera da hobekien intonatzen duena! Amaiera ezinhobea egun ezinhobe batentzako.

Eta, poliki.poliki, bakoitza nor bere habiara joaten hasi ginen, irria mokoan eta irria bihotzean, joan ginena baino aberatsago itzuliz, inondik ere.

Joan ezin izan zirenak gogoan izan genituen; eta hurrengo topaketan gehiago izango garenaren itxaropenez joan ginen, sareko partaide badirenen artetik gehiago hurbildu ahal izango direlakoan, eta, nola ez, gehiago izatea espero dugulako.

Bien bitartean, mahai gainean jarri ziren balizko proiektutxoak gauzatzen joateko gaitasuna badugu (hiruhilean behineko mendi txangoa kasu), lehenago ikusi ahal izango dugu elkar.

Ezin amaitu kronika, bere etxeko ateak parez pere ireki zizkiguten Bergarako Mariaren Lagundiko mojen komunitateari bihotz-bihotzez eskerrak eman gabe.

Eta, jakina, ezin amaitu ere Red Mambre Sareara hurbil zaitezten animatu gabe. Ez baita denon zama jasateko gai den sare sendo soila, denon artean osatzen goazen (eta joango garen) sarea baizik; non denok dugun lekua, sarea handitu eta aberasten duen gutariko bakoitzaren ehunarekin, horren euskarri sendoa ez duten pertsona migratzaile eta errefuxiatu batzuek ere lekua izan baitezakete. Badira honi "karitatea" esaten diotenak; oker daude, bihozberatasunarekin zerikusia izan dezake, ardura sozialarekin, baina gure bizi-"kalitatea" ere izugarri areagotuko duen esperiantzia guztiz aberatsaz mintzo gara. Behin baino biziko ez diren horiei, zor diegu. Eta behin baino biziko ez garenok ere ezin dugu esperientzia hori ez bizitzearen luxua onartu.

Besarkada handi bana guztioi.

Xabi Ariznabarreta




Red Mambré Sarea osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako elkarteak: