Kronika - Hitzaldia: Emakume anitzak sororitatea ehuntzen

11/03/2023

Gaur, Emakume anitzak sororitatea ehuntzen izenburupean, Maria Eugenia Iparragirre (gure Maria Eugenia) hizlari izango zuen hitzaldia izango zela jakin nuenean, bertaratzeko bulkada bat sentitu nuen, baina, izenburuak garbi dioen bezala, emakumeei zuzendutako hitzaldia izanik, segituan baztertu nuen burutik ideia. Eguna iritsita, ordea, ia ohartu ere egin gabe eta beste arrazoi batzuk tarteko, nire burua OnDoaNen ikusi dut, hitzaldira sartzeko intentziorik gabe, hori bai.

Arduradunak, baina, sartu nadin tematu zaizkit, ukoa onartzen ez zuen irribarre zintzoa ahoan, eta, ezetzik ezin esanda, emakumez inguratuta ikusi dut neure burua segundu batzuren buruan.

Maria Eugeniak, ohikoa duen jarioarekin eta adierazteko modu zuzen bezain garbian, hain ondo menderatzen dituen kontzeptuak aletu dizkigu, sororitatea kontzeptuari arreta berezia eskainiz.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunen eta aldarrikapenen inguruko hausnarketa partekatu du gurekin, eta bien zilegitasuna eta beharra azpimarratu ditu.

Sororitateari helduz, emakumeen ahalduntzeari buruz mintzo izan da ondoren, gaztelaniaz hainbestetan entzun dugun empoderamiento horren ordez (edo aldamenean, behinik behin) egokiagoa egiten zaion empoderío kontzeptua gure artera ekarriz. Sororitatea mintzagai, emakumeen artean ehuntzen eta indartzen jarraitu behar duten sarea izan da hizpide, ahizpen arteko sare sendo hori, elkarri lotuko dituena eta, inoren kontra egin gabe ere, indartsuago egingo dituena.

Azalpen luze eta sakon baten ondoren, elkarrizketaren garaia iritsi da. La Palmerako kide diren emakume mordoxka bat bertaratu da, eta entzundakoak barrenean piztu diena aletzen joan dira. Zenbait gauzen inguruko iritzi desberdinak errespetuz adierazi eta entzuten ikusi ditut, egoera gogorrak bizitzea egokitzen ari zaion bat baino gehiago hunkitu ere egin da barrenak hustu dituenean edo aldamenekoak partekatu duen minarekin bat egin duenean. Salbuespenezko bisitari izan duten (nauten) gizonari ere lekua egiten jakin dute eta, zentzu horretan, gaur arratsaldean hemen bizi izan den tarte ia magiko honetako parte izaten uzteagatik eta hain eroso sentiarazteagatik eskerrak eman nahi dizkizuet zirkulu indartsu hori osatu duzuen emakume bakoitzari.

Sororitatea emakumeen egitekoa denez, nekez har nezake parte horretan, baina bai hauspotu. Eta, gizaseme garen heinean, emakumeen sare horren konplize eta osagarri izateko konpromezua sendotuta atera naiz, noski. Eta, zergatik ukatu, emakumeen artean sarri egon ohi den (gizarte matxistak bultzatutakoa sarri) lehiakortasunaren gainetik dagoen konplizitatearen lekuko izanik, irria ateratzen didan inbidia puntu batekin ere bai.

Bejondeizuela!

Xabi Ariznabarreta