
Kronika - Irteera Kulturala Arditurri
Igande honetan, abenduak 14, hiruhilekoari amaiera emateko txango polit bat burutu dugu OnDoaNeko txangozaleekin.
Oiartzun herri ederrean elkartu gara denok (batzuk lehenago, horraino elkarrekin hurbiltzeko) eta Ergoien auzoraino hurreratu gara autoz. Bertan, artean itxita dauden jatetxeen ondoko aparkalekuan hasita, Arditurriko meategietaraino joan gara, tipi-tapa, aldaparik gabeko bidegorri erosotik.
Goiza hotza esnatu da oso eta, ahaleginetan sumatu dugun arren, eguzkiari izugarri kostatu zaio bailara estu horren sakontasunera bere ahala iristaraztea. Ezin zaio punteria pattalari errua bota, ate-joka den neguari baizik, indarrak ia erabat xurgatu baitizkio eguzki gaixoari. Beno, ez dakigu hark batere sufritzen ote duen horren erruz, guk ordea bai, dardarka hasi baikara ibiltzen.
Paiasaiaren edertasunak -urjauzi eder askoak tarteko- eta aspalditxo ikusi gabeko adiskideekin partekatutako solasaldi atseginak lagundu digu girotzen eta berotzen joaten.
Helmugara kotxez nahiko hurbildu garen arren, paseoa uste baino gehiago luzatu zaigu eta azkenerako garaiz iristea kostatu zaigu. Garaiz diot, 10etan geratuta baikeunden bertako bisitarien etxeko arduradunekin meatzea erakuts ziezaguten.
Hantxe topatu ditugu gure zain, laguntzeko prest zeudela erakusten zuen irribarrea ezpainetan. Gu ere hala jantzita iritsi gara.
Aurrena, meategiaren historia eta bisitatu ezingo ditugun pasabideak erakusten dituen bideo bat jarri digute, girotzen joan gaitezen. Horrekin (eta gidariaren animoekin) Gladys animatuko zela pentsatu nahi genuen arren, azkenean ez gara gai izan zain genuen haitzean egindako zulo ikusgarrian gurekin batera sartzeko konbentzitzeko. Bere herrialdetik etorri berri den Anak -alaba- berarekin geratzeko eskaintza egin arren, amak eskuzabal jokatu du eta bueltaxka bat ematera abiatu da (ez dago, ez, geldik egoteko) gu lurraren erraietan barneratzen ikusten gintuen bitartean.
Lehen azalpenen ondoren, bisitentzat egoki argiztatutako korridore luze baten hasieran, kaskoak buruan egokitu eta aurrera egin dugu. 2. solairuan hasi dugu bisita eta, bertatik, zain genuen 3. solairuri begirada bota ahal izan diogu askoz goragotik, kobazulo naturalak diruditen galeria zoragarriak osatzen dituen barrunbe erraldoian.
Gidariaren hitzek erromatarren garaira eraman gaituzte, baita industria iraultzaren arora ere, mineralak ateratzeko erabiltzen zituzten estrategia ezberdinak ikusgarri eginez. Antzinako jende hura guregandik hurbilago dauden arbasoak baino finagoak ziren, zalantzarik gabe, baina zituzten baliabideek ere mugatzen zuten beren txikiziorako gaitasuna, beraz, euren fintasuna ez dugu gehiegi goraipatuko ere, bai ordea hau guztia "eraikitzeko" erakutsitako trebezia eta egoskortasuna. Besteren batek "interesa" aipatuko luke haien ordez, arrazoiz seguruenera.
Burnia, zilarra eta beruna ezberdintzen irakatsi digute, eta haiek haitzetatik ateratzeko hainbat teknika.
3. solairura jaitsita nabarmen egin du behera tenperaturak, eta izugarrizko hezetasuna arnasten zen. Hura bai hura meritua hor behean horrenbeste orduz, urtea joan eta urtea etorri lanean jarduten zuten haiena. Osasunean ere ederki igarriko zuten, noski.
Pasaiako portuan itsasoratzen den Oiartzun ibaiaren ibaiadar den Arditurri erreka jaiotzen den lekuko urak zapaldu ditugu bertan. Esan digutenez, ez da hau ur horietatik tragoxka bat edateko lekurik aproposena eta, inork esan gabe ere, garbi dugu bertako uretan bainurik ez dugula gaur bederen hartuko… hau hotza!
Zirkuitua osatuta, ilunpetatik argirantz irteteko azken pausoak emanda (kaskoa bere lekuan utzi eta meatzearen sarreran taldeko argazkia atera ondoren), eta inguruan kontserbatzen diren meatzerien lanetarako zenbait bazter eta eraikin ikusita, Ergoien aldera jaitsiko gaituen bidegorria hartu dugu, oraingoan eguzki goxagarriaren babespean.
Elenaren oraientazio-sen ikaragarriari esker bidegurutze egokia hartuta, autoak utzitako lekura iritsi eta besarkadak jaso eta banatu ditugu, goiz polit bat elkarrekin igarotzeak ezpainetan itsatsi dizkigun irribarreak erakusgai.
Eguna ilundu baino lehen, garaiz samar alegia, amaitu izanaren harridura ere ez da falta izan; ez daukat ideiarik ere zer dela eta esaten dituzuen horrelako gauzak (kar kar kar). Aho-zapore onaren gerizpean, hurrengo abenturatxoa prestatzen hasita gaude.
Laster arte,
Xabi Ariznabarreta




