Nazioarteko Tertulia FISC - Kronika

24/03/2022

"Emakume pribilegiatua naiz"... esaten dut sarri, hala sentitzen baitut!!!

2017 eta 2018an Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordean (CSW) parte hartzeko aukera zoragarria izan nuen, Nazio Batuen Erakundeak New Yorken duen egoitzan.

Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordea nazioartean dagoen gobernu arteko organo nagusia da esklusiboki genero berdintasuna bultzatzen eta emakumea ahalduntzen jarduten dena. Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren mendeko batzorde organikoa da, Kontseiluaren 1946ko ekainaren 21eko 11 (II) ebazpenaren bidez sortua.

Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordeak berebiziko lana egiten du emakumearen eskubideen sustapenari dagokionean, emakumeek munduan zehar bizi duten errealitatea dokumentatuz, genero berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen inguruko nazioarteko arauak eginez.

Esperientzia itzela izan zen.

Joan den martxoaren 24ean han bizi izandako sentsazioak berriro bizi ahal izan nituen, Emakumearen egunaren inguruko nazioarteko esperientziak partekatzeko FISCek antolatu zuen "Emakume ahaldunduak, guztiontzako erreferentziak" solasaldi birtualean parte hartu nuenean.

Munduko bazter guztietatik antzeko esperientziak partekatzeko konektatutako emakumeak. Ahalduntze esperientziak, norbera maitatzen eta errespetatzen ikastearekin zerikusia duten esperientziak. Pertsona markatzen duten bizi esperientziak eta, batez ere, partekatutako esperientziak. Elkarrekin hobeak garelako, izan Donostian izan Haitin, Granadan zein Nicaraguan, Cañada Realen edo Mexicon... emakumeek bizi dugun desparekotasun egoera berdina delako. Egiturazko jatorri eta azken helburu berberak ditu.

Gainera, partekatu ahal izateko nazioarteko aukera honek mundu mailako rol edo eginkizunean garrantzitsuak garenaren posizioan berresten gaitu, CSWn izandako esperientzian oso garbi geratu zitzaidan bezala.

La Palmera de Déborako gure kide den -eta eskertzez nekatuko ez naizen azalpen bikaina egin zuen- Dimak oso gauza polita zioen: "Elkar gehiegi ezagutzen ez badugu ere, lotura oso osasungarria da" (Palmera de Déborako bere bizipenei buruz).

Jarrai dezagun lotura hori elikatzen. 

Jarrai dezagun inoren kaltea konpondu daitekeen guneak sortzen. 

Jarrai dezagun ahizpatasunetik eta partekatzetik abiatutako prozesuak bultzatzen.

Jarrai dezagun beste emakume batzuentzat gizatasun erreferenteak izaten.

María Eugenia Iparragirre Bemposta