"Palmera de Débora" - Kronika

13/01/2024

Berriro elkartu gara!

Gabonetako festak amaituta, geure buruari helmuga berriak jarri eta egiten jardun garena birplanteatu ohi dugun urte-sasoi honetan guretzako segurua den leku honetara itzuli gara, 2024en gertatzea nahi dugunaren inguruan begirada jarriz. Bizitza honetan, denak eskatzen du bere denbora; batzuentzat gauzak -itxuraz bederen- azkar doaz, beste batzuentzat, aldiz, mantsoago, eta horrek betetzen gaitu zalantzez, hain zuen ere, baina emakume ausartak gara eta, bidea zaila bihurtzen denean ere, eusten gaituen eta "dena ondo dago!" esaten digun fede horren jabe gara.

Gaur, Palmera osatzen dugunok arlo pertsonal, profesional zein familia eremuan ditugun proiektuak partekatu ditugu, eta familia biltzeko dugun gogoari buruz solastu dugu. Eta, horrela, egoera ezberdinen inguruan pentsatu eta doitzeak egin ondoren, gutariko batzuk beren familiekin elkartzeko bidea hartuko dutela jarri da mahai gainean.

Badira Amerikara joango direnak, beraien seme-alabekin, amarekin edo senideekin topo egiteko; bagaude ere gure seme-alaba maitatuekin Espainian elkartuko garenak. Ibilbide batzuetan nahiz besteetan, maite ditugun pertsonekin elkartu ahal izatea da garrantzitsuena. Bilera honetan arnasten den konstantea hau da: denok ditugu gure sustraiekin lotzeko eta hartu gaituen lur honetan bizitza sendotzeko proiektuak. Gure kideak buru egin behar dituzten borrokak entzundakoan, gureak aukera bihurtu ditzakegun arazoak direla ohartzen gara.

Bide honetan, ez dago argibideak ematen dituen libururik, baina bai aurrera egiteko gogoa, eta, batzuetan, gure egunak iluntzen dituzten hodei eta ekaitz ugari agertu arren, egoera bakoitzaren alderdi positiboa eta atsegina bilatzean datza estrategia.

La Palmeran dugun izendatzaile komuna da emakume ausartak, ameslariak, pasioz beteak garela, eta bizitza zukutu eta gozatzeko gaudenak. Munduak biraka darrai, erlojuak tik-tak egiten du, egutegiak bere bidea egiten jarraitzen du. Lantzean, buelta horietan goian egotea egokitzen zaigu, lantzean behean; baina, inoiz ezin dugu ahaztu ozeanoak eta kontinenteak zeharkatzera bultzatu gaituen arrazoia. Arrazoi ezberdinek eraman gaituzte bakoitza migratzera, denok joan gara bidea egiten, erraztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin, norberak bere guduak libratu ditu, barrukoak (gogorrenak) eta kanpokoak (batere errazak ez), eta, emakume-zirkulu honetan eseri eta gure aurretik joan direnei entzuten jartzen garenean, ulertzen dugu beraiek apur bat leundu digutela bidea.

Gaur, hemen, Gladysena bezalako testigantzak entzun ditugu, zeina, abenduaren 24ean, gaueko 11etan, etxera itzultzeko modurik gabe geratu zen, baina Jainkoak aingeru bat bidali zion etxeratzen lagundu ziona, lana aurkitzeko izan duen aingerua jarri dion bezala; eta horrela gutariko bakoitza. Pertsonalki, oso zorioneko sentitzen naiz nik ere nire bidean aingerua topatu dudalako, sarri falta izan zaidan indarra eman didan emakumeen zirkulu eder honetara ekarri ninduena.

Datorrenari esker oneko begiekin begiratu diezaiegun, "hemen noa berriz ere" esateko garaia da, burua altxatzekoa, gure bizitza elikatu eta aberasten duena lortzeko. Bizitza opari bat da, ikusi ez arren sentitzen diren horietakoa; falta zaigunaz penatzen egon ordez, daukaguna eskertzera bideratu dezagun energia.

Hurrengora arte…

Martha Ortega N.