"Palmera de Débora" - Kronika

04/12/2021

Berriz ere Déboraren palmondoaren gerizpera itzultzeko ilusioz, esku artean dugun bizitza beste batzuetan bezala partekatzeko motibazioz elkartu gara.

Bilera hasieran, nola gauden adierazi du bakoitzak, eta aurreko saioko gaiak berreskuratu ditugu; Fannyk eta Jazminek, Bilboko emakumeen topaketan bizi izandakoa azaldu zigutena oroitzen dugu, adibidez.

Barnean esanahi sakona duten hitzak azaldu dira beste behin ere: etxeko indarkeria, salaketa, ahalduntzea, lan-arriskuak, heziketa...

Ikusi dugu azken gai honek garrantzia handia duela testuinguru ezberdinetan. Ohartzen gara zenbat eta handiagoa den herrialde batek hezkuntzan egiten duen inbertsioa, orduan eta hobeto doakiola.

Luze hitz egin dugu Hezkuntzak familian duen BEREBIZIKO garrantziari buruz (rolak...haurrak...neskak betebeharrak....eskubideak...gurasoen erantzunkizuna...)

Ikusi dugu, baita ere, herrialde ezberdinen artean alde handiak daudela arlo honi dagokionean.

Emakumeen egoera eta papera aldarrikatzen jarraitu dugu, denak baikaude honetan: BETAURREKO MOREEKIN BEGIRATU... Bakoitzak bere esperientziak ekarri ditu erdira, puri-purian dagoen gai honen inguruan.

Oso arratsalde aberasgarri baten ondoren, taldeko kide batek esandako esaldi honek lagundu digu partekatu dugun hori osatzen: "PERTSONA BAKOITZA LIBURU BAT GARA...ETA LIBURU HORRETAKO ORRIALDE BAKOITZEAN BIZITAKO HISTORIA ASKO DAGO"... Egiaz, Palmeraren topaketa bakoitzean liburu hori irekitzen goaz, begirunez eta maitasunez.

Paula Muro