Red Mambré Sarearen aurkezpena - Kronika

16/12/2022

Ostiralean, abenduaren 16an, Karmele Villaroelek eta Arantza Odriozolak pertsona migratuen eta errefuxiatuen harreran diharduen Red Mambré Sarearen aurkezpena burutu dute. Aurkezpena 18:30etan egin da, Loiola zentroaren Arrupe aretoan, jende multzo handi baten aurrean.

Hainbat zati izan dituen ekitaldiari hasiera emateko, Euskadin migrazioarekin lotuta gaur egungo egoera testuinguruan jarri da, datu esanguratsuak mahai gainean jarriz. Ondoren, Red Mambré Sarea zen den azaltzen duen bideoa proiektatu da.

Segidan, bi harrera-familiek eta bi gazte migratuek beren testigantza hunkigarriak eskaini dituzte, bizitzen ari diren esperientziak eta bizipen horiek utzitako lorratza partekatuz.

Bukatzeko, ondorengo hilabeteetan egingo den migrazioa eta harreraren inguruko lehiaketa literarioaren oinarriak azaldu dira: saridunak apirilaren 23an -liburuaren nazioarteko eguna- jakinaraziko dira, eta sari-banaketa apirilaren 29an. 

Asier Ávila

" Banituen informazioa eta datuak, hala nola haren parte diren pertsonekiko hurbiltasuna. Arratsalde honetan, baina, Karmelek, energiaz lepo, emandako datuak aurpegi bihurtu dira; beste kolore, kontinente, erlijio... bateko aurpegiak; izen eta abizen zehatzen jabeak diren aurpegiak, beste herrialde eta beste kontinente batean duintasunez bizi ahal izateko abentura zailari heltzeko ausardia izan dutenak; heldu gazte zein haurren aurpegiak, harrera eta abegi onetik haratago, beren TOPAKETA eta elkarrekin ibiltzearen ondorioak partekatu dituztenak, halaber gizarte kudeaketetan, hizkuntza- zein integrazio-prozesuetan eta ametsen peskizan elkarri laguntzeko modua ere; eta han arnastu da beste pertsona batzuekin lotura estuak (baita familiakoak ere) partekatzearen ondorioz sentitutako berotasuna eta segurtasuna. Hor egon dira, gure aurrean, "beste mundu bat, beste gizarte bat posible dela" agerian utziz. Eta ez frankotiratzaile modura, egitasmo amankomun batean baizik, zeina lurraldez gaindikoa eta irekia baita, epel uzten ez gaituena eta modu desberdinetan inplikatzea ahalbidetzen diguna."

Maricarmen Elizondo