Tarteak Txangoak, Tontorrak - Irteera Kulturala Bilbo - Kronika

27/11/2022

Hurrengo irteera Bilbora izango da azaroaren 27an! Gogoa nabarmena da, jendeak bi aldiz pentsatu gabe eman du izena eta zerrenda loditzen doa. Sekulako ilusioa egiten dit gaur egun bizi naizen hirian eguna beraiekin pasatzeak!

Xabik eta Abdellahk plana kontatu digute eta gogoa bizitu egin zaigu: itsasontzi-ibilaldia Bilboko itsasadarrean, Guggenheim museoa bisitatu... Itsaronaldia luze egiten hasi zaigu jada, hau gogoa!

Iritsi da eguna eta, hasierari emozio gehiago jartzeko, Donostiako kale gehienak moztuta topatu ditugu, maratoia dela eta. Hala ere, ezerk ez digu eragozten autobus-geltokira garaiz ailegatzea. Iristen azkena naizela esango nuke; denok gaude. Bada denbora taldea ikusten ez nuela, eta fitxaketa berriak daudela ohartu naiz: ilusio handia egiten dit taldea egunez egun hazten doala ikusteak. Autobusera igo eta Bilborantz abiatu gara.

Beti bezala, gaurkoan ere, antolatzaileek eguraldi zoragarria enkargatu dute: tenperatura ederra eta eguzki pixka bat ere bai. Egin duen astea ikusita... izugarrizko zortea gurea. San Mameseko geltokian jaitsi gara eta, Athletikekoak ez bagara ere -garbi gera dadila!-, futbol-zelaia inguratzeko aukerari ez diogu muzin egin. Ibilbidea jarraituz, hiriaren erdigunetik igaroz, Alde Zaharrerantz jo dugu; Zazpikaleetaraino alegia. Tarteka, atseden hartzeko eta argazkien bitartez unea betikotzeko baliatu ditugun geldialditxoak egin ditugu. Alde Zaharrean sekulako giroa dago. Hemen denbora luzez bizi izandako Paulik maisuki gidatu gaitu kalez-kale, inor galdu ez dadin eta ahalik eta bazter gehien ikus dezagun. Itsasontzia dagoen nasara hurbildu gara poliki-poliki. Ibilbidea ordu batean hasi da eta, ordurako, denok lortu dugu goiko partean esertzea, aireaz eta ikuspegi osoago batez gozatzeko moduan. Zoragarri doa dena. Audiogida batek hiriko lekurik entzutetsuenen histoia ezagutzen lagundu digu. Oso gomendagarria iruditu zait Bilboko bitxikeriak ezagutu nahi dituenarentzat!

Itsasadarra zeharkatzen ari garen bitartean, sabelaren orroek hala eskatuta, batzuk zerbait jaten hasi dira... gosea! Beraz, ibilaldia amaitu bezain pronto, museorantz hurbildu eta etxetik ekarritakoa partekatzeko asmoz elkarren ondoan eseri gara. Mokadu eta mokadu artean, azken berriak kontatu dizkiogu elkarri: Abdellah Marokora joango da aurki aste batzuk igarotzera, eta, aski seguru, mundialeko partidetako garaipenak ospatzera; Jone eta Laiaren urtebetetzea izango da laster (zenbat ari diren handitzen!), Denisek aurreneko azterketan gainetik kentzea lortu du... zenbat gauza elkarri esateko!

Museora sartzeko ordua iritsita, gidari izango dugun neska jator bat dugu zain, lekuak gordetzen dituen bazter eta altxorrak erakutsi eta azaldu dizkiguna. Ez dugu minutu bakar bat ere galdu nahi eta arin arin ekin diogu abenturari: irudi erraldoiak, kuadro bitxiak, eskultura dibertigarriak... Asko gustatu zaigu eta arratsalde osoa bertan igarotzea gustatuko litzaiguke, baina itzultzeko erabiliko dugun autobusa zain dugu, beraz, museoaren zaindari den Pupirekin argazkia atera ondoren, agur esan eta geltokira hurbildu gara.

Orain bai, agur esateko ordua da, ni geratu egin naiz eta beraiek aldegin dute... zeinen arraroa egin zaidan! Egun bikaina izan da. Oraingoan ez dugu tontorrik igo, baina txangoa eta partekatu dugun tartea zoragarriak izan dira. Hurrengoan ikusiko dugu berriz elkar! 

Gabriela Garaizabal