Tarteak, Txangoak, Tontorrak - Kronika: Mendi Irteera

09/11/2025

Igande honetan, ikasturteko aurreneko mendi-martxa burutu dugu. Aurten, ibilbide zailagoa egitera animatu direnak alde batetik joan gara, lasaixeago ibili nahi edo ahal dutenak paseo lasai bat egitera joan diren bitartean. Ondorioz, normala denez, ohikoa dena baino talde txikiagoa elkartu gara tontor berri baten bila joateko. Hasiera berria da, seguru nago jende gehiago ere animatuko dela hurrengoan, kopuru jakin batera iristea ez izan arren gure helburua edo proposamenaren arrakasta definituko duena, inondik ere.

Aizkorri aldera abiatu gara kotxez, behe-lainoa noiz altxatuko geure buruari galdezka. San Adrian ingurura hurbildu ahala, zeru urdina ikusten hasi gara. Egiten zituen 5 gradutxoek eragindako dardara gorputzetik astindu ahal izateko, bixi bixi hasi gara ibiltzen, Sandratiko aterpetxe zaharrerako bidean. Kobazulo eta pasabide famatua aurrez aurre dugula, taldeko argazkia atera bezain pronto, lehen ezustekoa: basurde uxaldia tokatu zaigu pare-parean, eta ehiztariek gu ere bertatik uxatu gaituzte. Neure kabuz etorri izan banintz agian aurrera jarraitzeko erabakia hartuko nukeen arren, taldea ezin ba horrelako "saltsa" batean sartu, ipurdian (edo auskalo non) bala bat dugula itzultzea ez baitzegoen planean jasota… gauza serioak dira hauek. Arduradunen hitzetan, gehienez urtean behin edo, are, bi urtean behin, egiten den jarduera dela kontuan izanik, punteria aparta izan dugula esan genezake. Zer egingo zaio…

Beraz, berriz ere kotxea hartu eta Aralar alderako bidean jarri gara. Lizarrustin aparkatuta, erlojuaren norantzan hasi gara ibiltzen. Hasieran, aldapa gutxiko bide estutik (gero zabaldu dena), harritzarretan zizelkatutako xendrak eta tunelak igaroz, Lareo urtegiraino hurreratu gara, zeinak Ataun herria urez hornitzen baitu. Eguzkiak hemen ederki goxatzen du, baina laster sartu gara berriro zuhaizpean, eta tenperatura jaitsiera antzeman dugu. Zorua erabat alfonbratuta dago, baina zuhaitz-adarrak artean kolore guztietako hostoz gainezka daude (laster biluztuko dira), eta itzalak biltzen gaitu.

Majo busti gara ehundaka metro batzuetan, lokatza artean, ipar-ekialderantz eraman gaituen bidean. Poliki-poliki, gora etorri gara, errekaren sorburura gerturatuz, eta, zuhaixken artean nahikoa ezkutatuta zegoen bidexka hartuta, Alleko tontorrerako bidean jarriko gaituen autopista marroiarekin bat egin dugu.

Tontorrari metro batzuk "kenduta", hamaiketakoa egitera gelditu gara. Fruta pixka bat, "barrita" batzuk, fruitu lehorrak… Beno, nahikoa da, gizenduta itzuliko gara-ta!

Goraka, orbel amultsu gainean gozo, laster irabazi dugu baso kanpoan utzi gaituen lepoa. Bidezidorra beheraka hasten zen puntuan, jaisteko tentazioa ate-joka etorri den arren, eskuinera begiratu eta azken aldapa falta zela ohartu gara. Benga!! Animo!! Azken ahalegina.

Alleko (1017 m), Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan gaude. Iparraldeko magalean baso trinkoa dago tontorreraino, hegoaldera begiratzen duena erabat biluzik dagoen bitartean. Bitxia. Sakana inguruko mendietara begiratzen duen balkoi galanta da hau. Beriain eta Andiako mendiak, baita Urbasa eta Iturrietakoak ere; eskuinean, gaur igotzerik izan ez dugun Aizkorri mendizerrako haitzak.

Derrigorrezko argazkiak aterata, gandorrean behera hasi gara. Laster basoan sartuta, bidegurutze bat, eta, bertan, galdera: "Nondik joanda amaituko dugu ibilbidea? Eskuinetik, urtegiko bidearekin bat eginda, ala ezkerretik, oraindik zapaldu ez dugun baso zatia ezagutuz?".

Mesfidantza begirada batzuk tarteko, azkenean erabaki ausarta gailendu da, eta bide ezezagunetik abiatu gara. Ze ondo, zeharkatutako bazter guztiak politak badira ere, hau izan baita, zalantzarik gabe, denetan ikusgarriena: kolore guztietako soinekoz atondutako pagadi magikoa berau, forma misteriotsuak hartzen dituzten goroldiotan jantzitako haitzak… Liluragarria. Denbora (onerako) gelditzen den leku horietakoa da hau. Eta a ze sonoritatea! Kontzertua emateko moduko lekua ere bada.

Kamera ia bateriarik gabe uzteraino argazkiak aterata, azken paseotxoarekin eman diogu errematea ibilaldiari, Lizarrustira segituan iritsiz. Lastima aterpetxea eta taberna itxita daudela.

Eta, beti bezala puntual puntual (barreak eta aldarak jasotzeko parentesia da hau) eta pozarren, etxe aldera.

Plazer bat izan da. Joan entrenatzen hurrengorako!

Xabier Ariznabarreta