
Tarteak, Txangoak, Tontorrak - Kronika: Mendi Irteera
Apirileko igande nagia gaurkoa. Kostatu egin zaio esnatzea. Horregatik, hodeiek denbora dexente behar izan dute saretu eta zeru urdina erasteko. Agian Realak atzo Kopa irabazi izanaren biharamuna izango da horren erantzule.
Hala ere, gu geurera. Tontor berri bati aurre egiteko hitzordua dugu gaurkoan. Beno, tontor bat izango da nagusiena, garaiena, sona handien duena, baina bat baino gehiago igotzen saiatuko gara, behin bidean jarrita…
Nafarroarantz abiatu gara. Leireko monastegi historikoaren ondoan utzi ditugu autoak. Hemengo zerua, ohi bezala, etxekoa baino argitsuago ageri da. Baina denak ez dira berri onak, taldekide batzuentzat behintzat, kafetegia itxita topatu baitugu. Baina irekiera ordura arte zain egoterik ez dugunez (bestela, gaurko planaren erdia akabo), gorantza abiatu gara.
Lehen zati luzea baso polit batetik egin dugu, transhumantzia bide ezagun eta eder bat zapalduz: Erronkaritarren Bidea. Gaur egungo artzainek ere, aspaldikoek hainbestetan zapaldutako bideak jarraitzen dituzte, neguan Pirinioetatik Bardeetara artaldeak eramateko, udaberrian alderantzizko norantzakoan, negu gorritik ihesi edo larre oparoen bila, segun zein den garaia.
Collado de la Cerrada izeneko lepora atera gara, arrokan modu bitxi bezain ederrean zizelkatutako bidetik, zelai eder batean mendizerraren gandorra zapalduz.
Lehen izerdiek bigarrenei utzi diete tartea, eta gero etorri dira hirugarrenak. Osasungarria da horrela izerditzea. Desnibel polita igo dugu honaino. Tarteka, arnasa hartzeko eta argazkiak ateratzeko geldialditxoak egin ditugu bidean, baita elkarri azken nobedadeak kontatzeko. Zortzi ibiltari ausart elkartu gara gaurkoan, bati sukarrak eragotzi diolarik etortzea; beste batean izan beharko.
Ekialderantz jarraitu dugu, iragarritako tontorretik urrundu arren bertan ikusiko dugunak bat baino gehiago aho-zabalik utziko duela jakitun.
Hala izan da. Kilometro bat pasatxo zelaiak eta basoa tartekatuz aurrera egin ostean, bat-batean, eskuinean, Paso del Oso izeneko bitxikeria naturalak harritu gaitu: amildegitik babesten gaituzten haitzetan dagoen zulo erraldoia.
Bertara jaitsi gara eta argazki mordoa atera, nola ez. Kontuz! Ez hurbildu gehiegi ertzera! Ikusgarria benetan lekua. Gure atzetik mendizale mordoa etorri da, beraz, zortea izan dugu, leku magiko horretan intimitate uneak izateko aukera izan baitugu.
Erreportaia amaituta, La Cerradara itzuli gara, eta handik aurrera jarraitu dugu, Mendebalderantz.
Laster, mamu itxurako haitzez, hosto berde argi liluragarriz, pago lerdenez eta goroldioz betetako baso zoragarri baten erdian aldapa pikoa igo ondoren, Kastellar tontorrera iritsi gara. Bertatik, Pirinioetarantz zein Esako urtegirantz dauden bistak paregabeak dira. Hemen ere, nola ez, argazki mordoa atera dugu. Eta hamaiketako galanta partekatu. Mansourrek arroz platerkada marrubiekin, Mohamedek arrautza egosiak oso osorik zituen ogitartekoa, Hamzak datil eder askoak ekarri ditu, Otmanek fruitu lehorrak, Maria Eugeniak denetik apur bat… Senia eta Yuliia, jatekoak beranduagorako utzita, argazkigintzara eman dira buru belarri; ulertzeko modukoa da, balkoi paregabean baikaude. Hamza amildegi bazterrean bermatu da sagarra jatera; eneee, hobe ez begiratzea!
Goazen aurrera. Mendebalderantz oraindik ere. Gandorretik goaz, baina arroka handien artean, tarteka, eta basoko xendra politetatik, marteka, Leirerantz jaitsiko gaituen bidegurutzera iritsi gara. Bada besteen zain hor geratu denik, atseden hartzen pake-pakean. Bitartean, besteek Arangoitirantz jarraitu dute. Basoa laster utzi dute atzean, eta, jauzi egitear ziren bi parapentista agurtu ondoren, zuhaitzen babesa atzean utzita, harri-tarte nekeza igo behar izan dute eguneko punturik garainera iristeko: Arangoiti. Bailaratik ezagungarria da tontor hau, inguru hauetako garaiena delako eta tontorrean nahi baino gehiago itsusitzen duten antenak dituelako. Baina edonora begiratuta, panorama itzela eskaintzen du.
Atzean geratutako taldekideen bila abiatu gara azkar. Azkarregi, Xabi aldaparen zatirik handiena jaitsita zutenean konturatu baita makilak gailurrean utzi dituela. Atzera berriz ere (sarna con gusto…).
Aurrerago denak elkartuta, laster iritsi dira berriz ere basoaren itzalpean sartu dituen jaitsierako bidera. Txorien kantua baino ez da entzuten. Masajerik onenaren parekoa da hemengo bakea, erabat terapeutikoa hemengo lasaitasuna.
Batzuk tximeleta bezain airos jarraitzen dute ibiltzen. Gehienak nekatuta. Ederra izan da, baina atsedena ere eskatzen du gorputzak.
Orain bai, kafetegia irekita dugu. Indarberrituta (eta baten batek komunetik igarotzeko zuen larritasuna aseta) eta pozarren, etxerako bidean jarri gara.
Baten batek esan duen bezala, merezi izan du goiz jaikitzeak.
Nire partetik, plazer bat izan dela aitortu behar. Bikain, ekipo! Hurrengora arte!
Xabier Ariznabarreta




