Tarteak Txangoak, Tontorrak - Kronika

26/02/2023

Eguraldi pattala iragartzen bazuten ere, ateri dago egunaren hasieran. Hotz egiten du, hori bai, baina animoak eta gure arteko giroak berotuko gaitu.

Puntual iritsi gara Miramonera. Eureka Zientzia Museoa bisitatu dugu aurrena. Planetariumean, izarren abenturak kontatu dizkigute, besaulki erosoetan ia etzanda goxo goxo geundela. Luxu bat izateaz gain (guretzako bakarrik izan dugu aretoa), atsegina bezain interesgarria izan da, eta jakinminez utzi gaitu; beste batean itzuli beharko dugu gaur ikasi duguna osatzera.

Ondoren, museoko langile baten laguntzaz, museoaren bisita gidatua egin dugu. Gauza bitxi ugarirekin egin dutu topo. Gizakiaren eta animalien gorputza hobeto ulertzeko benetazko aleak ikusi eta ukitu ditugu, eguneroko bizitzan gertatzen zaizkigun gauza mordo bat azaltzen duen fisikarekin zerikusia duten esperimentuak egin ahal izan ditugu, planetako bazter urrunetan bizi diren animaliak ikusi, ispiluzko labirintoan muturrekoren bat hartu, deskarga elektriko txikiekin jolastu eta, beste hamaika gauzekin entretenituz, asko ikasi dugu.

Tripa-zorriei aurre egiteko, etxetik ekarritako otorduak partekatzera joan gara museoaren kanpoko aldean, beirate handi baten babesean, dauden mahaietara. Bokatak, paellak, fruta, gailetak eta beste hamaika gauzek apaindu dituzte mahaiak, eta alaitu sabelak. Batzuk, baloia hartuta, kanpoko gune zabalera joan dira azkar, rondoak eta jaurtiketak eginez, apur bat berotzera. Besteok tertulia atseginean egon gara, baina hotza hezurretaraino sartzen ari zitzaigula antzemanda, arratsaldeko bisita aurreratzea erabaki dugu. Beraz, Aquariumera joateko martxan jarri gara.

Aquariumean zain genituen, txintxo-txintxo, tropikoetako zein ur hotzagokoetako arrainak, batzuek kolore bizietakoak, besteak kolore itzaliagoen jabe, oharkabean pasatu ahal izateko. Garai desberdinetako itsasontzien eta armen zein arrantzarako lanabesen erakusketa zinez ederraz ere gozatu dugu. Baina, gazteenak bereziki, marrazoak ikusteko gogoz zeudenez, arin joan gara arrainontzi nagusira. Telefonoetako bateriak agortzeraino atera dituzte argazkiak batzuek. Areto nagusian elkartu gara, azkenik, eta urezko pantaila bitxia atzean dugula, taldeko argazkia atera dugu, egunari amaiera ezin hobea emateko. Taldea aipatu dut. 9 herrialde desberdinetan sortutako 30 pertsona elkartu gara gaurkoan! A zer nolako aberastasuna… a zer nolako zortea gurea!

Egunak utzi digun arrasto argitsuak eragindako irribarre zintzoak ikusi dizkiogu elkarri agurrean. Bukatzeko: besarkadak, musuak, esker oneko hitzak eta hurrengo txangoari buruzko galderak eta azalpenak. Hurrengoa, gainera, martxoaren 19an izango den hori, bereziki garrantzitsua izango da, arrazismoaren eta xenofobiaren kontrako martxarekin bat egingo baitugu. Ea gaur adina lagun batzen gatzaizkion milaka herritarrek osatuko duten ilara erraldoari; tamalez, arrazoirik ez da falta horretarako.

Plazer bat izan da… beste behin ere. Bejondeizuela!

Xabi Ariznabarreta