Tarteak Txangoak, Tontorrak - Kronika

19/03/2023

Igandea, hotza, eguraldi txarra, ez nuen oso martxa "atsegina" aurreikusten. Niretzat zerbait zeharo berria zen, sekula ez dut horrelako zerbaitetan parte hartu. Baina, Trintxerperako bidean trenera igo naizenetik, bat gehiago sentitu naiz. Ni "kanpotik zetorrena" nintzen, baina, berriro diot, betidanik horren parte izan banitz bezala sentitu naiz. Ez al luke horrela izan beharko beti? Egiaz hain zaila al da "kanpokoari" etxean bezala sentiaraztea?

Goiz samar iritsi gara eta oraindik ez zen jende gehiegi ikusten, baina, jendea iristen joan den neurrian, hotzak eta eguraldi eskasak eguzkiari eta beroari lekua uzten joan zaizkie. Musika eta erritmoarekin eman zaio hasiera martxari. Ez zait gehiegi kostatu hitz egiten hastea, hurbiltasun giroa sumatzen zen. Fanni futbolari buruz hitz egiten hasi zait –oraindik ezin dut sinestu Eibarzalela denik-… egia esan, ditxosozko futbola aitzakia ona izan daiteke hitz egiten hasteko.

Ez dut futbolaz bakarrik hitz egin, elkarrizketa ezberdinak izan ditut oso pertsona interesgarriekin, ohartu naizenerako, batukada erritmoak lagunduta, Boulevardera iristen lagundu didatenak.

Hitz egiteko egokia izan den gunea izan dela aitortzean ez dut ahaztu nahi martxaren benetako helburua: arrazismoa eta xenofobia, muga ondoko lurraldeetan are latzagoak izan ohi direnak.

Oxala itzultzerik izango ez banu, baina, tamalez, datorren urtean ere hemen izango naizela iruditzen zait. 

Juan Solozabal