Tarteak Txangoak, Tontorrak - Kronika
D eguna iritsi da. Beno, B eguna esan beharko nuke (Burgosek daramana, ulertzen da).
Eguraldi nahasia dugu. Horrelakoetara ohituta gaude; ez gara erraz kikiltzen diren horietakoak. Azkenean, eguzkia gailenduko da, ez dut zalantzarik. Hala ere, motxilan, xira eta aterkia sartu ditut, ez dugu gehiegi arriskatu nahi.
Etortzerik izan ez duten azken orduanko hutsegiteren bat edo beste salbu, izen emandako gehienak puntual-puntual iritsi dira OnDoaNera. Hemen gaude, beraz, Hamza, Consuelo, Graciela, Hamdi, Najmah, Mohamed, Iracema, Senia, Laia, Georgeshua, Mohamed, Denis, Sonia, Fanny, Kelin, Jimena, Jone, Arantza, Edwin, Coro, Tatiana, Cecy, Moha, Dima, Abdellah, Pauli eta neroni. Kasu honetan, Luiscar ez da gurekin etorriko, beste zeregin batzuetan baitabil. Bere ordez, Emilio etorri da (eramango gaitu), zeina laster igaroko den gutako bat izatera (gure estiloa da, eta berak ez du oztoporik jartzen).
Joaneko bidaian bingoren bat egiteko asmoa genuen arren, barre eta elkarrizketetan korapilatuta igartzen dugu jendea, animatuta, eta itzulerarako uztea erabaki dugu. Barreei eta elkarrizketei goitik jaurti dituzten ur-jasek eragindako harridura imintzioak batu zaizkie. Iracema, San Pedro oso kolaboratzaile agertzen ez dela ikusirik, San Joserengana hurbiltzen da, ea gure alde egitera animatzen den. Ea.
Atapuercara iritsi gara, esandako ordurako ozta-ozta. CAREXen zain dauzkagu (Centro de Arqueología Experimental). Han, kanpoaldean, gidari dugun Juliaren azalpenak tarteko, gure arbasoek gauzatutako aurrerapen teknologikoen enguruko ibilbide zinez interesgarria egin dugu, espezie bezala izan ziren "gure" hastapenetatik; pentsatzeko eta arrazoitzeko gaitasunari buruz ere mintzatzen diren aurrerapenak dira, eta biziraupena dela eta egindako borrokaz zein horren praktikoak ez diren beste bilaketa batzuz (artea eta adierazpena oro har, traszendentzia…).
Ibilbideak, euripean egindakoa tarteka (batzuk dardarka hasi ere egin gara; gaixotu egingo naizela ere pentsatu dut une batez -xira eta aterkia autobusean elkarri konpainia egiten… ederki), harrizko lehen lanabesak ekoiztearen zailtasunak ezagutzen lagundu digu, baita ehiza teknika ezberdinak ezagutzen ere. Hemen, Seniak min hartu du (ehiztaria bere segadan erori da, eta hortz bat autsi du). Hori bai izan dela ur hotzezko pitxerra guztiontzat. Ezkerrak berak ondo garatuta duen zailtasunen aurre egiteko eta gauzen alde ona ikusteko gaitasuna (begira begira dugun errinozerontearen erasorik ez dugu pairatu behintzat). Animo Senia!
Autobusera itzuli aurretik, museoak barrualdean gordetzen dituen altxorrei erreparatu eta "garaiko" photocallean argazkiak atera ondoren, bagoaz.
Goazen hiribururantz. Minutu gutxiren buruan, Giza Eboluzioaren Museoaren ondoan gaude aparkatuta. Arratsaldeko ordu bata da. Ezinpuntualago iritsi gara.
Gidariak bertatik aske eta zentzuz mugitu gaitezen eman dizkigun oharrak entzun eta gero, bakoitzak bere bidea hartu dugu, bakoitzak bere erritmoa, norberaren kusiositateari eta lehentasunei entzunez. Historiaz eta istoioez beteriko lau solairu ditugu zain. Azalpenak oso modu didaktikoan daude eskuragarri. Hor azaltzen zaigu nola joan garen eboluzionatzen (luze eta zabal eztabaidatu badezakegu ere kontzeptu horren esanahiaz) mendeetan zehar harrera egin zigun (eta egiten jarraitzen duen) planetan: migrazioak (eta haien arrazoi eta ondorioak), beste espezie batzuekiko harremana eta nahasketa, deskubrimentuak, espeziearen eboluzioaren misterioa, eremu eta egoera ezberdinetara egindako etengabeko moldaketa, kuriositatea eta bilaketak, hori guztia ezagutzeko aukera eman diguten ikerketak…
Dena dut gustuko. Batik bat 360 gradutako (angeluari buruz ari naiz, ez tenperaturari buruz) ikuspegia eskaintzen duten betaurrekoak janztea. Tenperaturarena baztertu dut, baina, sua ardatz duen bideo emanaldia denez, hura ere izan zitekeen. Are gehiago gustatu zait Laiaren pazientzia, informazio panel guztiak irakurtzen kateatuta (eta taldearen batez besteko erritmotik atzeratuta) sumatu nauenean, bakarrik gera ez nadin nire ondoan geratuta erakutsi duena. Berataz errukituta, geratzen zaidanei argazkia ateratzea erabaki dut, etxean irakurtzen jarraitzeko. Bera bai da eboluzioaren (onaren) adibide gorena.
14:30ak dira eta museoaren sarreran biltzen ari gara, geratuta geunden bezala. Tripazorriek seguruenera lagun izan ditugu mugimendu horretan. Beno, Mohamed apur bat atzeratzen ari da, ziur bere jakinminak goseak baino pisu handiagoa duela. Hara, hor dator! Goazen, bada, kanpora, eguzki goxoa atera da eta parean bazkaltzeko aproposa izan daitekeen parke bat dugu zain.
Gosetienek, etxetik ekarritakoa dagoenekoz irentsia dute, eta ondoan ditugun txiringitoetara hurbildu dira beste zerbaiten bila; zortea izan dugu. Bankuak, itzala, gereziak, pastak eta elkarrizketa partekatu ditugu.
Sentsazio arraroa ezin dut gainetik kendu: duela ordu gutxi etxean geunden, betiko tokian, makarrak kentzen, eta orain Arlanzón ibaiaren ertzean gaude, bokata esku artean, Burgoseko erdigune historikoan!
Ordu eta erdi inguru geratzen zaizkigu inguruak ezagutzeko, beraz: zer iruditzen katedral aldera hurbiltzen bagara, bide batez alde zaharra apur bat ezagutzera?
Ibai inguruak oso atseginak dira paseorako, are gaur bezala presarik gabe zoazenean, bazter berriak ezagutzeko, aurkitutako bitxiekin harritzeko eta argazki perfektua lortzeko helburu soilak daramatzazunean, eguneroko errutinei lotutako abiadura erogarriak bazterturik. Arlanzon gaineko zubia zeharkatuta, Santa Mariaren Arkura iritsi gara, eguzkipean zuri baino zuriago ageri dena. Beste aldean zain dugunaren zuritasuna are itsugarriagoa izango da. Zapaltzen goazen harrizko alfonbrak zein gure parean altxatzen den 800 urteko erraldoia (katedrala, alegia) janzten dituen txuriak eguzkipeko elurraren eragin berbera dute guregan. Eskuak kopetara eta betaurreko ilunak, mesedez. Begien parean dugunak ere neurri berean itsutzen gaitu, egia esan.
Eraikin itzela inguratzen ari gara, bere handitasun nahiz edertasunak miresten; zenbat apaingarri harat-honat. Goietatik begira ditugu harrizko gargolak, apostoluak, santuak, gotzaiak, baita erregeak ere. Esan den bezala, lurra distiratsu dagonenez, lurrean etzateko nagitasunak arin desagertu zaizkit, horrela atseden pixka bat hartzearekin bat, katedraleko dorre bikiak kabitzen diren argazkietan sartu gaitezke (bestela, enkoadraketa ezinezkoa gertatzen da). Itzulia osatzen goazen neurrian eguzki bainu bat hartzen ari gara (hau kontrastea Atapuercan bizi dugunarekin alderatuz). Eta, horrela, poliki poliki, kalean gora eta behera, plaza Nagusitik igaroz, San Pablo zubiraino iritsi gara, Cid Campeador famatuaren eskultura buru duena. Aldamenetan, haren historiarekin lotura duten pertsonaien harrizko estatuak ikus ditzakegu; haien artean Doña Jimena. Guk badugu gure Jimena, hezur eta haragizkoa, eta zubikoa baino askoz gehiago gustatzen zaigu, noski.
Hor dago Emilio, zain. Behin autobusean, siestaren beharrak bere sarean harrapa gaitzan saihestearren, zenbakiz betetako txartelak eta txotxak banatu ditugu, Bingoaren ordua baita. Coro eta Denis izan dira jaun eta jabe. Hori da ratxa! Baina eskuzabal azaldu dira eta lortu dituzten sarietako batzuk lerroak asmatu dituzten gainontzekoen artean banatzeko preste azaldu dira. Mila esker bioi. Hamza, Laia, Iracema eta Emilio dira beste saridunak. Portzierto, mirari bat da istripurik gabe eguna bukatu izana, gure gidariak, lana utzi gabe, jokoan parte hartu duela kontuan izanda. Edo oso ona da, edo San Kristobal ere gure alde dugu.
Gasteiz inguruan egindako geldialdi laburraren ostean, sari-banaketa tarteko (motxilak, kantinplorak eta mendiko makilak; etorriko diren txangoetarako gero eta prestatuago gaude), bidaiaren errematea. Eguzkiak, berriz ere hodei beltzei pasatzen die lekukoa, baina barne-argitasun itzelarekin iritsi naiz Donostiara, egunean zehar pizten joan diren eta orduak aurrera egin ahala intentsitatea irabazten joan diren irribarreena.
Mila esker guztioi. Beste behin ere, esperientzia zoragarria izan da. Eta etorriko direnak…
Xabi Ariznabarreta