Tarteak Txangoak, Tontorrak - Kronika

10/10/2021

Irteera:

Hernani -  Mulisko Gune Megalitikoa - Onddi 548m

Gaur, 2021eko urriaren 10ean, hartu dut parte lehenengoz OnDoaN Topagunea Elkarteak antolatzen dituen mendi txangoetan. Igo dugun mendiaren izena Onddi da. 

Taldeko batzuek Donostian elkartu gara, non Hernanira eraman gaituen autobusa hartu baitugu. Han, taldeko gainontzeko kideekin bat egin dugu, eta abentura hasi da. 


Urumea ibaiaren gaineko zubira jaitsi gara, oraindik nahiko erlaxatuta, indarrei eusten genielako artean. Ondoren, Loidi izeneko baserrira iritsi garenean, zabu pare bat ikusi ditugu. Taldeko mendizale txikienek ez dute aukera pasatzen utzi nahi izan, eta gidariak haietan ibil daitezen utzi die, atseden txiki bat egiteko eta, hala nahi izan duenak, gosaltzeko, baliatu baititugu minutu batzuk.


Bidean, beste geldialdi batzuk ere egin ditugu, ibilbidearen gogortasunak arnasa hartzeko atseden tarteak hartzera gonbidatu baikaitu.

Geldialdi "ofiziala" Mulisko gaina izeneko gune megalitikoan egin dugu. Historiaurreko hilerri ikusgarria da berau. Bitxia da ikustea, hain ondo kontserbatuta, borobil formako horrenbeste hilobi (mairubaratzak/harreapilak), baita trikuharriak ere. Hor, hamaiketakoa egiteko eseri egin gara. Denetik jan ahal izan dugu, baikoitzak eramandakoa partekatu baitugu. Bizkotxoa izugarri gustatu zait.


Indarrak batu ondoren, bi taldetan banatu gara. Batzuk, tontorrera abiatu dira; besteek, bide lau bat hartu dute, gora joan garenokin aurrerago dagoen zelai batean berriz ere elkartzeko.

Onddi mendiaren gailurraren bila joan gara batzuk beraz. Bi tontor ditu, eta bien artean ere monumentu megalitikoa dago. Donostia ikus daiteke bertatik, iparraldera begiratuz; hegoalderantz, berriz, Adarra mendia. Ezkerreko tontorrean bi postontzi eta orientazio mahaia daude, eskuinekoan zutoin geodesikoa. Bietan atera ditugu argazkiak -argazki asko-, jakina.


Bi taldeek bat egin eta gero, poz-pozik ekin diogu itzulera bideari, Hernanirantz, joko ezberdinetara emanak eta gure bizitzetako hainbat pasarte eta istorio partekatuz.

Talde zoragarri honekin egin dudan lehen irteera izan da, eta bikain pasatu dut; errepikatzea espero dut. Mila esker esperientziagatik. Besarkadak.  

Senia Kulias