Tarteak Txangoak, Tontorrak - Kronika

27/02/2022

Otsailaren 27ko goizean, ibili gabe denbora askotxo igaro ondoren, Buruntza mendiaren igoerari ekin diogu. Andoaingo tren geltokian elkartu gara, baina ez denok: kide batek jakinarazi digu trenak ihes egin diola, eta, horren ondorioz, gure gidariak, gurekin zati handi bat igo ondoren, atzetik zetorrenaren bila abiatu behar izan du. Ez dugu gaur ilehoriz (mozorrotuta etortzeko eskakizuna txukun bete baitu) etorri den kidearen izenik; esango duguna, ordea, da mendia erritmo zinez bizian igotzeko penitentzia bete behar izan duela (kar-kar-kar).

San Roke baseliza ondoan geldialdia egin dugu, bertan dagoen aterpe inguruan, Oria ibaiaren bailararantz ikuspegi ederra eskaintzen duena, han, atzetik zetozenei itxaroteko. Gutako bik sua piztu dute apur bat berotzeko eta haietako batek sandwicha bertan berotu du. Besteek, ezkutaketan eta beste jolas batzuetan jarduteko baliatu dute denbora. 

Atzekoak azkenean iritsi direnean, gorantza ibiltzen jarraitu dugu, Buruntzako tontorreraino. Handik, Hernani, Lasarte, Zubieta, Usurbil eta Donostia ikus daitezke, besteak beste. Ikuspegi ederrak eta eguraldi atsegina. Argazkiak atera ditugu eta barre pixka bat egin dugu. Xabik gutariko batzuei azaldu digu noiztik (eta nola) datorren tontorretan postontziak jartzearen ohitura, baita hauek gurutzeekin koroatzearena ere, azken gai hau tontorraren ondoan puskatuta datzan erausi berri dutenaren harira.

Beste bide batzuetan zehar itzuli gara, tontor bikia zapalduz eta ahuntzak eta ardiak topatuz.

Bukaeran, tren geltokian, abentura berri baten zain, irribarre batekin esan diogu agur elkarri. 

Dima Osorio