Tarteak Txangoak, Tontorrak - Kronika

22/05/2022

Gaurko, maiatzak 22, ibilbide gogorragoa zegoen iragarrita, Brinkolatik Artzanburura; ogitartekoa, hamaiketakoa, eta ur asko eramateko eskatu zitzaigun, egun osorako gentozelako, eta hala egin dugu.

Baina ekaitza iragarri dute, eta 1000 metrotik gora haren azpian egotearen arriskua saiheste aldera, koordinatzaileak aldaketa bat egitea erabaki du. Beste hainbatetan bezala, trena hartu dugu (batzuk Irunen, beste batzuk Herreran edo Donostian). Anoetan jaitsi gara eta abenturari heldu diogu.

Belabieta mendia (700 m) igo dugu, Loatzo eta Uzturre gainen tartetik doazen xendrak baliatuz. Bokata erraldoia, ondoren, Arrizurieta tontorraren ondoan, itzala eskaini digun zuhaitz jator baten itzalpean. Ohi bezala, jolaserako tartea hartu dugu (zapi-jolasa, besteak beste, noski).

Mendiaren gandorretik egin dugun jaitsieran ura faltan bota dugu. Kantinploretakoa partekatu dugu, baina ez da nahikoa izan, iturria azaldu zedin amesten eman ditugularik Txertota jatetxerainoko pausoak. Han, freskagarriak eta ura edan eta atseden hartu dugu.

Indarrak berreskuratuta, Sorginen Zubira, lehendabizi, eta, Leitzarango Trentxikiko bidetik, Andoainera, ondoren, eroso joan gara. 18:00etarako, puntual-puntual iritsi gara tren geltokira, 18 kilometro inguruko ibilbidea osatuta.

Bukatu da abentura.

Abdellah Khouya