Tarteak Txangoak, Tontorrak - Kronika

12/06/2022

Ekaitza!!! 

Iragarpen ilunenak beteko direla dirudi: euria ari du, zakar, txangorako gu desanimatu nahian edo. Ez daki norekin ari den! Hori baino askoz gehiago behar da guk atzera egin dezagun. OnDoaNera goaz, taldekideekin elkartzera; Cabárceno zain dugu.

8ak baino pixka bat lehenago gaude geratuta, hori baita irteteko adostutako ordua, eta gure lagun Luiscarren autobusak zail baitauka bertan itxaroten egoteko; hobe izango da guk itxarotea. Denok iritsi gara garaiz... Oihanak emozio apur bat jartzea erabaki badu ere, hor dator. Horrelakoetan beteranoak garenak elkar lotzen gaituen berotasuna igartzen da lehen diosaletan, eta elkarri hitzemandakoa (berriak direnekiko).

Autobusera igo gara. Zorabiatzen direnak, aurrean; gainontzekoak zorabiatzen gaituztenak (koruko neskak), atzean. Azken hau txantxa da (gutxi gorabehera ☺), noski. Ohiko oharrak eman ondoren (ordutegien errepasoa, ibilbidea, geldialdia, argazkiak...), aurrera!!

Mendebalderantz goaz. Ez dago aurreikusita ez indio ez bakeroekin topo egitea, baina bai behiren bat edo besterekin... beste animalia askoren artean. Eguraldiak horietaz gozatzen uztea ere espero dugu. Ez gaitezen larritu: hodeiak saretu eta zerua irekitzen ari da gure parean, horrantza goaz.

Komunera joateko agindutako geldialditxoaren ostean (batzuk gosari oparoa hartzeko baliatu dutena), bidaiaren bigarren zatiari aurre egingo diogu (lokatzez lepo ditugun botak oinetan gora eta behera mugitzen garenean baino gutxiago izerdituz); laster izango gara Cantabrian. Geratzen zaiguna arintzeko: "egingo al zenukete bingo bat?" "Baiiiiii". Hala izan bedi. Bat ez, bi. Parte-hartze arrakasta itzela: denak adi eta kontzentratuta. Bi "linea" eta bingo bat kartoi bakoitzeko (ez nahastu: lehendabizi, arrosa; ondoren, berdea). Adi txotxekin, denontzako arkatzik ez dugu eta. Zenbakiak erraz zulatzen doazenek agindutako sariekin egiten dute amets -tentsioa arnasten da-; zer zulatu topatzen ez dutenek, txotxari beste erabilpen batzuk emateko tentazioz sumatzen ditut. Baina parte-hartzaileen zintzotasuna agerikoa da (gehiegizkoa agian?): eroskeria proposamen bakar bat ere ez da jaso. Zorionekoak: lineak Lorea, Jone, Hamdi eta Gemarentzat; bingoak Pauli eta Ayoubentzat.

11ak dira (bat bat)... LÍNEA!! Eeeeez, orduari buruz ari naiz! Iritsi gara, ia konturatu gabe.

Goizeko kalapita klimatologikoa asko konpondu da, baina eguzkia ez da gai hodeitza erabat zulatzeko. Ondorio ona: ez gara bere izpi gupidagabeen azpian kixkaliko. Ondorio txarra: dordokek ez dute kaixo esatera hurbiltzeko asmorik; beren etxetxoan siesta nola egiten duten ikusita konformatu beharko gara. Jubilazioa irabazi eta, ondorioz, antolatutako ikuskizunak eskaintzeari utzi dioten foka eta itsas-lehoiak igerian dabiltza, lasai-lasai. Sugeek, bestalde, begirada hipnotikoa zuzentzen digute esanaz bezala "mugi, txo, errukitu zaitez nitaz, atera nazazu kutxa honetatik eta hurbildu iezadazu zure lepo goxoa". Inork ez die kasurik egin; batzuk (Iracema, Nijmah, Gema...) beren herrialde urrunetatik ezagunak dituzten "lagun zaharrak" agurtzera ere ez dira sartu... zerbaitengatik izango da. Begi zorrotza duen Ivanek basoan ezkutatuta dagoen orein eder bat ikusi du; eta gainontzekoak argazkiak ateratzera hurbildu gatzaizkio, noski. 

Mugitzeko garaia da. Tigreak eta primateak zain ditugu. Hitz egiteko modu bat da; itxura guztien arabera, ez daude gugan interesatuta. Bereziki tigreak, gutaz paso totala egiten baitute. Baina, ikus ditzagun uzten dute, behintzat. A zer ilajea! Ez litzaidake, hori bai, haien eremuan erortzea gustatuko... eta ez diot altuera handiko erorikoa izango litzatekeelako. Gorilek jolas egiten dute gure kontura, kanpora irte eta, atzera, barrura itzularaziz zorabiatzen gaituztelarik, bizkarra erakusten digute (Abdelah-k dio gu imitatzen ari direla -horrela denok leku berera begira jarri gara-; arrazoia izango du seguruenik), tarteka tximukeriaren bat egiten dute (normala den bezala)... elkarri laztanak eta mimoak ere ematen dizkiote. Ezin dugu saihestu haien familia berekoak sentitzea. Ene! Llamak ere badaude eta! Ausartenek haien txistukada jaso dute (e, Ivan, Senia...!).

Autobusera!

Hurrengo eremura iristeko gure gidari ausartak egin behar izan duen maniobrari buruz ez dut xehetasunik emango (nahikoa esan dut, kar kar). Hartzak gure zain daude. Ez da egindako esaldia; iritsi garenean, zuzen-zuzen begira dugun hartz kuadrilla handi batekin egin dugu topo. Barrenera sartzeko aukera baztertu dugu (ez beldurragatik, e! zomorro gehiago ikustera joan behar dugulako baizik). Hartz arre hauek ohikoa baino nabarragoak dira, "Cabarceno kolorea" izenez ezaguna dena hartuta. A zer nolako atzaparrak! Azken unean salbatu ditugun Claudia eta Gema irensteko zorian egon dira. 

Goazen lehoien bila! Bada, dirudienez, gure asmoak usaindu dituzte eta ez dute gurekin bat egiteko asmorik. Beraientzat okerrago.

Elefanteen belaze erraldoirako bidean, zenbait Addax, dromedario eta bisonte ikusi ditugu, besteak beste. Dima, otartekoan zerbait sartzeko haragi bila, itxura zaporetsua duten belarjale handi batzuengana hurbildu da, diximuloz. Azkenean, animalia gaixoek larrua libratu dute, harrapakari kolonbiarra handik eramatea lortu baitugu.

Elefanteen ondoan (ama eta umeak belarra jateko tronpa nola erabili erakustaldi itzela eman digute), airean eramango gaituzten kabinak daude. Lau taldetan igo gara. 30 minutuko "hegaldian" parkeko eremu handi bat goitik ezagutzeko aukera dugu; bistak zoragarriak dira. Baten batek, pakidermoen putzuan erortzeko beldurra adierazi du; egon lasai: Pauli Orioko kamisetarekin etorri da eta, beharrezkoa egiten bada, arraun egiten aterako gaitu handik. Gainera, lehen ezkutatu zaizkigun bi lehoi ikustea lortu dugu (Inesek abisua pasatu digu waxapez).

Bazkaltzera!

Bazkaldu dugu, bai, bazkaldu dugunez!! Itzaletan dauden lau mahaitan banatu gara indarrak berreskuratzera, eta, norberak ekarritakoaz gain, Nijmah-ek ekarri dituen jateko ahogozagarriak dastatzera, besteak beste. Irazemaren postrea izan daitekeen errematerik onena suertatzen da. Denisek eta Inések, argietan argienak biak, bazekiten bai zein mahaitan eseri. Ayoubek, "bikini operazioan" murgilduta, neurriz ari da jaten. Loreak ez dio ezerri muzin egiten. Keilin, Gema, Jazmín, Fanny, Tatiana eta Dilenia, hau da, koruko neskek, ekarri dituzten ehundaka sandwich guztiak amaitu arte altxatzeko asmorik ez dute erakusten. Farida gai da Seniarekin isildu ere egin gabe hitz egiten duen bitartean aurrean duena irensteko (makina bat). Iván, Denis, Moha, Hamdi eta Mohamad aurrean jartzen zaien harri orori ostikoak ematera joateko unea noiz iritsi irrikitan daude (garbi dago "aterik" ez dela behar futbolaz gozatzeko). Non dago Dima? Lasai, ez da animalia bati haginkada bat ematera joan, ziurrenik mugikorra kargatzeko leku baten bila joan da. Erruduna Oihana da, animaliak protagonista duten bideorik onenaren lehiaketa abian jarri baitu, eta hor gabiltza denak, telefonoa eskuetan, bideoa gora, bideoa behera. Marta eta nik dakidan beste bat mahairik-mahai dabiltza, ez zerbait goxoa arrantzatzen duten; hauek bai zakur zaharrak! Sonia, beti bezala, gauza guztiez adi, baita argazkiez ere, jakina; animo, selfie hori! 

Asko, tabernara hurbildu gara kafea edo infusioren bat hartzeko asmoz eta, bide batez, Luiscarri kaso egitera, bakarrik geratu baita han bazkaltzen. Baina, iritsi garenerako, siesta egitera ihesi joana da (merezia, bidaia luzeaz gain, parkeko bide meharretan zehar abilezia, pazientzia eta punteria handia erakutsiz baikaramatza; hartu bedi lasai atseden). Víctor ere beharrean sumatzen dut; berak ezetz dio baina, askotxo jan ondorengo digestio astunaren eragina izango da ☺. Jone, Laia eta Lorea, astoei bisita egin eta gero, zabuetan ibiltzea baino kafe hoberik ez dagoela erabaki dute. Erabaki ona, zalantzarik gabe, haien algarak entzunda.

Azkar, hegazti harrapariek beren hegaldiari hasera ematear daude ta!!

Jirafa eta ostrukekin (edo haiek gabe, nahi badute bakarrik jar daitezela), pose eta guzti, jakina, eta korrika hegaztien anfiteatrora. Larri iritsi gara. Farida ia galdu egin du bisera zapelatz arrunt baten eskuetan (erpeetan, hobeto esanda). Xabiri, ordu luzez ileapaindegian landutako orrazkera pikutara joan zaio miru bihurri baten hegalen menpe. Hamdki eta Mohamadek ez dute beldur handirik, antza, eta Faridak libre utzi berri duen lekua hartu dute. Arantza ere majo gozatzen ari da... txakur hegalariak aska ditzaten bakarrik falta zaio. Soniari eta Martari (kontrakoa esango badizute ere) orru urduriak ateratzen zaizkie tarteka. Claudiak barre egiten du... ze arraroa! oxala ez duen sekula ohitura on hori galtzen. Ohianaren arropa txuri-txuria ez da Cabarcenoko marroiaz kutxatu, artean, miraria! 

Parkineko animaliei bisitatxo bat. Surikatak deigarriak egiten zaizkit. Ez naiz bakarra: Denisek plano on bat harrapatu du, Fanny azken putz geratzen da azken bideo grabatzen.

Taldeko argazkia zain dugu, itzulerari heldu aurretik. Soniaren esku lehena, beti bezala... badaezpada ere. Luiscarrek "ofiziala" (denerako mutila).

Bagoaz. Denok al gaude? 30, hiru zero. Ados. Martxan. Baina orain ez da bingo gehiago egongo, Seniak eta Ayoubek lotan jarraitu nahi duta eta; ai ama, hori da hori gaitasuna! (edo beharra). Beno, hori hiru ipotxek uzten badiete izango da, indarrez tope jarraitzen dutela dirudi eta. Gainera, Abdelahek ere, lehen, bingoetan egindako itzultzaile lanak akituta, suetena behar du.

Errinozeroak eta iberiar fauna dauden lekutik igaro gara, parkeari behin betiko agur esan baino lehen.

Itzulera, atsegina, lasaia, irribarretsua. Cantabriako irteeran auto-ilara txiki bat; ezer larririk ez. Geldialditxo teknikoa (komuna)...) baliatu dugu sariak banatzeko. "Línea" bakoitzarentzat landatzeko loreak (Mahoma es badoa mendira, mendia joan bedi...; bizi pixka bat, kolorea... partekatu nahi ditugunak, esperientzia onez, bizipenez, irudiz... biziaz betetzen ditugun txangoak bezala; bide partekatu honetara ibiltari gehiago batu dadin gonbidapena). Abenturara gonbita den kantinplora bat gure abenturazale beteranoa den Paularentzat (sobera konplitu du gure txangoekin, baina hamaika modu dago abenturak bizitzeko, etengabeko bilaketa zentzuarekin, irribarre batekin, ilusioz gainezka..., honek esan nahi ez badu ere gure ibilbideetara itzuliko ez denik, noski) eta "abentura"-aterki bat Ayoubentzat, eguraldi makurrari irriño batez gailenduko bagatzaizkio ere, bizitzan blai eginda ibiltzeko kapritxorik ere ez baitaukagu. Por tzierto, lehortu ote da gure patinatzaile goiztiarra?

Donostiara iristen. ZInez egiazkoak diren (sinestu iezadazue) esker-emate hitzak koordinatzailearen eta OnDoaN Cityko sheriffaren eskutik. Sonia, betiko legez, oroitarazle lanetan, ohar garrantzitsuak ahapeka hizlariei oparituz... eskerrak.

Gozamen bete-betea. Bizitzea merezi izan duen beste egun bat. Plazer bat hazten doan familia honetako kide berriak ezagutzea. Susmoa dut OnDoaNeko telefonoa kea dariola hasiko dela aurki, animalien bideoak direla eta. Ke horiek ondo daude, ez dira kutxatu eta itotzen duten horietakoak, baizik eta inguruan elkar maite dutenak (urrunekoak, hurbilekoak, zaharrak, gazteak...) biltzen dituen sua hurbil dagoela adierazten dute, gure hizkuntza anitzak bakar batean (begirunearena, elkar ulertu nahiarena, bihotzarena...) batzen dituen sua, elikatu eta beroa ematen duen sua.

Gure txofer jakintsuak zihoen irteera baten arrakastaren % 75a ez dagoela ez gidariaren ezta antolaketaren esku, eguraldiaren esku baizik. Arrazoi handia duela uste dut. Alabaina, ezin dut saihestu pentsatzea ez nabilela oker pentsatzean gaur, eguraldirik pattalenarekin ere, irribarreak izango zirela nagusi. Hala ere, ez kezkatu, urrengoetarako ere eguraldi ona eskatzen jarraituko dut.

Besarkada handi eta estu-estua guztioi. Eta mila esker guztiagatik.

Xabier Ariznabarreta